viernes, 30 de julio de 2021

Donemikelibar toponimoa

 Toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburutik jasoa, 8. agirian, 1399. urtean:

Ochoa Beltranes de Donemiquelibar
Toponimoak bi elementu lituzke, Donemikel hagionimoa eta ibar. Santu izenean, adiz, bi elementu daude, done eta Mikel(e). Oso toponimoa antzekoa zen Bizkaian, Jandone Mitxelaga, baina azken honetan ezberdintasun batzuk baziren, batetik jaun praenomena, Gipuzkoakoan ez dagoena, bestetik santuaren izenari dagokiona, batean Mikel(e) eta bestean bere hipokoristikoa izan daitekeena, Mitxel.

Beltransagasti toponimoa

 Beltransagasti izeneko baserria izan da Lazkaoko herrian mende luzeetan. XX. mendearen bigarren erdialderako bada lekuko bat, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipuzcoa liburuan jasoa:

BELTRANSAGASTI (BETENASAGASTI) (col.) Lazkao
Mende horren hasierako hamarkadetakoa da Koldo Eleizalderen Listas alfabéticas de voces toponomásticas vascas izen zerrendako lekukoa:
Beltransagasti, barriada de Lazkano (Gip.).
Garai askoz zaharragoetara joanez, toponimo honek Erdi Aroko lekuko bat du, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuan aurkitua, 12. agirian, 1404. urtean, testuan bertan adierazten den bezala:
Estta senttencia fue dada en término de Lazcano, a do dize Velttraesagasti, a veintte (días) de julio, anno del nascimientto de nuesttro Salva(dor) Jesuchristo de mil e quattrocienttos e quattro annos.
Toponimoak, beraz, hiru aldaera ditu, XX. mendeko Betenasagasti ahozko aldaera litzateke, Beltransagasti izenaren soiltzea edo egokitzea, ahoz erosoago egiteko. Beltraesagasti, aldiz, oso interesgarria da, erakusten du oinarriko antroponimoa aldaturik. Toponimoa Beltran antroponimoaz eta sagasti izen arruntaz eraturik dago. Azken izena ohikoa da euskal toponimian edo blog honetan behin baino gehiagotan azaldu da, Barbasagasti eta Erregiasagasti toponimoetan.
Oinarriko Beltran lehenago aztertua izan da, Beltranenea toponimoan. Baina toponimo honetako oinarrian Beltrae omen dago, lekuko antroponimikorik utzi ez duena. Hala ere, badago oso hurbila izan daitekeen izena, A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan erakutsia:
3.71. BELTRE: Beltre Gago, (1330, PN-XIV, F.Est., 280 orr.), Arroniz-en. Agian aurrekoarekin duke zer ikusi. Agian zer ikusia duke BERTRAN / BELTRAN izenarekin, ikus zerrenda honetan.
Izen hauen arteko lotura balitz bilakaera luzea izango zen: Beltran > *Beltrane > *Beltrae > Beltre. Hala izan bazen, jatorrizko izenak bokal bat jasoko zuen bukaeran eta ondoren, sudurkaria bi bokalen artean zegoena, galdu zen. Azkenik ae > e bokal soilketa gertatuko zen. Beltraesagasti toponimoan *Beltrae antroponimoa izango zen, baina gero, aldaera zahar hori galdu eta gero, Beltran hedatuagoa berreskuratua izan zen eta toponimoan ezarri eta aldaera hori izan da gaur egunera arte erabili izan dena, edo bere aldaera soildua, Betenasagasti.

lunes, 26 de julio de 2021

Mañondo toponimoa

 Mañondo izenak bi toponimotan agertzen da, Arabako eta Bizkaiko bi herri mugakidetan, Aramaion eta Otxandion. Azken herri honetan auzo baten izena da, eta Aramaion baserri bat, Limitadua izeneko lur eremuan.
Badago aipu zaharrago bat, Juan Ramon de Iturrizaren Historia General de Vizcaya y Epítome de las Encartaciones liburuan jasoa, 1775. urte inguruan idatzia, 8. or.:

Desde la villa de Ochandiano al arroyo y puente de Mañondo que divide la jurisdicción de Olaeta, un tiro de bala...
Toponimoak bi elementu lituzke, bukaerako ondo ezaguna da eta hasierakoa bainu hitza litzateke. Hegoaldean ohikoak dira b- hasierako lekukoak, baina badago aleren bat m- duena. Lekuko toponimiko honek erakutsiko luke m- hasiera lehen hedatuagoa zela, mainu aldaera Hegoaldean ere ohikoa zela.
Toponimoaren etimologiaren sendogarria izan daiteke bere kokapena, Iturrizaren arabera, Mañondo erreka eta zubia zen, eta bainu bat harzeko ezinbestekoa da ura, erreka batek dakarrena, esaterako.

Lupuobiaga toponimoa

 Aralar inguru toponimo hau ezaguna zaigu Erdi Aroko bi-hiru lekukoren bitartez, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuan daudenak. Lehenengoa 18. agirian, 1409. urtean:

Estos son los seles que ha el solar de Lazcano en la syerra de Aralar: primeramente Armaybarrutya, Armayleoytia, Vdaola, Verraga, Gorostiaga el de suso, Gorostiaga el de yuso, Lupaouia, Arrola el de suso, Arrola el de yuso, Ydoybelçibar, Leyçarouieta, Vrresçouia, Fitinta el de suso, Fitintahondarra.
Agiri honen 1492. urteko kopia batean Lupuouiaga dago.
Azkeneko lekukoa, gorago aipatutako agiri berean dago, 18. agirian hain zuzen:
Otrosy, fallamos aver prouado el dicho Oger ser seles antiguos e pertenesçidos al solar de Lazcano en las dichas sierras e términos de Aralar e Henirio catorze seles: el primer sel Armaybarrutia, el segundo el sel de Armaylecoytia, el terçero el sel de Vdaola, el quarto el sel de Verraga, el quinto el sel de Gorostiaga el de suso, el sesto Gorostiaga el de yuso, el seteno el sel de Lupuouia, el otauo Arrola el de suso, el noveno Arrola el de yuso, el dezeno Ydoyvelçibar...
Toponimo honetaz badira hiru aldaera, Lupaobia, Lupuobiaga eta Lupuobia. Elementuak ez dira ilunak baina badago eranstekorik. Hasieran lupu hitza genuke:
[...] Nombre dado a diversas enfermedades que provocan tumores en la piel. "Un mal qui vient aux bœufs et autres bêtes" O-SP 230. "Lobanillo" , "lupia" Lar. "Lupu: [...] 4.º (V, L, S), lobanillo; [...] 7.º (L), ántrax, carbunclo, lupus" A. "Lipu: [...] carbunclo, tumor maligno" Ib. "Lupea sentogatx da (R-uzt)" Ib. "Lupi: [...] 2.º tumor, lobanillo; 3.º lamparones" Ib. "Lupuak jango al dik. Amen, así lo coma el lobanillo. Amén (AN-gip)" Lek AEF 1923, 85. "En el año 1756, en un documento de Lauztiturrieta, se menciona la 'enfermedad llamada en nuestro vascuence lipue'" Arin AEF 1955, 108. "Quiste" Iz Ulz. "Lupia o miarengaiza" Ido Rinc 349.
Bigarren elementua hobi genuke, blog honetan aipatua, Jaunperobia toponimoan esaterako. Azkeneko elementua -aga atzizkia dago, edo beharbada -a artikulua. Lupaobia aldaeran lupa- eratorpen aldaera dago, baina beste lekukoetan hitza aldatu gabe dago.
Toponimo honen lekukoek 250 urte inguru aurreratzen dute lupu hitzaren lehenengo agerpena.

viernes, 23 de julio de 2021

Txeru toponimoa

 Zornotzako baserrien artean bada Txeru izenekoa. Lekuko oso gutxi baditu, zaharrena Cheru (1871) litzateke.
Toponimoak, bere laburtasunean, antroponimo hipokoristiko bat du, beste gehiagorik ez, Peru izenaren hipokoristikoa, hain zuzen. Txeruren gaineko informazioa badago P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuko 64. or.:

Peru, Peruko, Perute -> Txeru, Txeruko, Txerute: Cheru de Elorregui (Arra., 1511; Le. & G., 1998: 89), Cheru de Olaçabarren (Zeg., 1516, Po., 2001, 43, 239. or.), Cheru, Cheruco (Aramaio, Del Valle, 1934: 192-193 eta NVP, 585. Ikus orobat Knörr, 1998: 223)...
Txeru izenaren aldaketa bakarra, txikitasuna adierazteko, hasierako herskariaren ordezkatzea izan da, afrikatu batekin, p- > tx-, bilakaera bera badago blog honetan aztertutako Txasparrena toponimoan, Gaspar > *Txaspar, kasu honetan herskaria belarea zen.

Beltranea toponimoa

 Urnietako baserrien artean izan da Beltranea izenekoa. XX. mendearen bigarren erdialderako lekuko bat dago, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipuzcoa liburuan jasoa:

BELTRANEA (col.) Ergoien ballara
Toponimoaren oinarrian Beltran antroponimoa dago, eta ondoren etxe izenetan ohikoak diren -(r)en + -a, jabetza adieraztekoak. Toponimoa sortzerakoan *Beltranena sortuko zen eta ondoren haplologia gertatuko zen, hau da, bi silaba berdinak edo oso antzekoak direnean, bat bakarra geratzen da. Fenomeno hau arrunta da, eta blog honetan behin baino gehiagotan azaldu da, Ametzagaña toponimoan bezala.
Beltran izenaren jatorriaz eta bilakaeraz J. Viejoren tesian informazio ugari dago, La onomástica asturiana bajomedieval, 308-309. or.:
Beltran (m.)
[...]
Origen: Adaptación local de un nombre galorrománico o catalán Bertrand (RAC 175; Kremer 1969-1972: 83-84) o Beltran, forma, al parecer, propia del Midi francés (Dauzat 1951: 40).
Aunque se recogen algunos ejemplos peninsulares de este nombre desde el siglo IX, todos ellos del dominio catalán, este nombre no pertenece a la tradición antroponímica local, debiendo explicarse su presencia en nuestros diplomas (tardía, posterior al siglo XII: desde comes domnus Beltran a.1133(or.) CDVegaOviedo 2 n°1), como un préstamo procedente de otros ámbitos lingüísticos, sea el propio catalán o el galorrománico, como afirman Piel y Kremer (HGNB 45,9)....
[...] La forma común para este antropónimo en sus distintas constataciones asturianas es, como se viene viendo, Beltran, explicable como consecuencia de una anterior disimilación de líquidas [r-r] > [r-l] (Bertran > Beltran) ya conocida en occitano, desde donde pudo haberse extendido a la Península Ibérica. En todo caso, alguna variante como Bentram a.1196(or.) CDSVicenteOviedo 1,563 n°361 muestra una solución distinta en la que la consonate líquida de la primera sílaba parece haberse visto atraída por la nasal final. Este nombre no presenta variantes específicas para la función patronímica, que pasa a desempeñar en la secuencia a través de su yuxtaposición al nombre personal.

Eguneraketa (2024-04-19):
Urnietako toponimoa Beltranenea izenez ere ezaguna da eta hauxe litzateke izen osoena, bilakaera Beltranenea > Beltranea izango zelako, haplogia bat gertatuz, hau da, bi silaba berdin edo oso antzeko elkarren ondoan jartzerakoan bat geratzen da.

martes, 20 de julio de 2021

Txuriokorta toponimoa

 Txuriokorta Zornotzako toponimo bat zen, XVIII. mendearen erdian jaso dira lekuko guztiak, 1740. urtean: Churiocorta, Churio corta, Churio corta eta churiorta.
Toponimoak bi elementu izango zituen, Txurio antroponimoa eta korta izena. Euskaltzaindiaren EODA datu-basetegian badago Txurio izenari buruzko sarrera:

Txurio
Erdi Aroko euskal izena. 1448an Churio Ecibay, Oñatiko (Gipuzkoa) ganboarra, agertzen zaigu Arrasateko (Gipuzkoa) borrokan. Aldaera: Xurio.
Txurio aspalditik galdutako izena da, baina bere aztarrena hedatu zen toponimiara eta Txuriokorta toponimoa da antzinako antroponimoaren erakusleetako bat.

Muniskoa toponimoa

 Muniskoa izeneko aurkintza Hernanin dago. Gainera toponimo horrek mendi lepo bat izendatzen du, Hernanin eta Urnietan. Baina toponimo honek badu aldera bat, Mulisko, egun ere ezaguna. Bi izenen arteko harremana Amulategi edo Muliate toponimoetan ere aurkitzen dugu, disimilazio bat gertatuko zen azken hauetan, jatorrian m-n zena m-l bihurtu zen. Muniskoa toponimoarekin batera Mulisko ere bada. Beraz, Muniskoa-Mulisko toponimoak aurreko toponimoen etimologien sendogarri dira.
Muni- hasiera duten beste toponimoetako etimologia bera aurkez liteke, hau da, Muni- 'Munio' antroponimoaren eratorpen aldaera litzateke. Ezin izan muino hitzetik sortua izan, horrek muina- emango zuelako, Muñagorri toponimo ezaguna, esaterako.
Baina Muniskoa-Mulisko leku garai bat izendatzeko erabilia da, horrek bat dator muino hitzaren esanahiarekin. Beraz, toponimo hau eta muni- hasiera duten batzuk muni- hitz ezezagunaren eratorriak izan litezke? Muino hitzak badu muno aldaera, beharbada horrekin batera *muni ere bazen, 'mendixka' adierazteko. Azken hitz honek ez zuen lortuko, beste askok bezala euskal testuetara igarotzera, baina lekuko toponimiko batuen bitartez bere ezagutza heldu zaigu.
Analisi honek ez luke eraginik izango Muniosoro toponimoan, honetan ederki ikusten dira bi elementuak, Munio eta soro. Baina beste toponimo batzuetan eragina erabatekoa izan dezake, horrela, Munitxaga eta Munitxa toponimoetan *muni 'muino' + -txa atzizki txikigarria (cf. neskatxa) izan litezke. Beste toponimo batzuetan ere berranalizatuak izan daitezke, Munikorta, Muniola, Muniegi eta Munibe toponimoetan *muni eta korta, ola, hegi eta -be izan litezke. Muniaran izenean beharbada *muni eta haran daude, Munia emakumezko antroponimorik gabe. Azkenik, Muliate, *muni + ate izan daiteke.

sábado, 17 de julio de 2021

Paulosolo toponimoa

 Bizkaiko Zornotza herriko toponimoa da, Paulosolo behin baino ez da agertzen, 1870. urtean. Lekukoak ez du zahartasun handirik, baina berri-berria ere ez da. Bi elementuz osatutakoa da, Paulo antroponimoa:

Paulo
Pablo (es), Paul (fr), Paul (en), Paulus (en), Paullus (en), Paulus (la)
Latineko Paulus 'txikia' hitzetik datorkigu. Erromatarren artean arrunt erabilia izan zen, baina zabalkunderik behinena done Paulo apostoluari zor zaio. Paulo Saul izenaz bataiatutako judua zen, erromatar hiritarra bazen ere. Kristauen etsai amorratua izan zen Damaskorako bidean Jainkoaren hitza entzun zuen arte: 'Saul, Saul, Zergatik persegitzen nauzu?'. Orduz geroztik kristoren fedea aldarrikatzen ibili zen eta kristautasuna juduak ez zirenei zabaltzen. Aldaerak: Paul (Deun-ixendegi euzkotarra). Santuaren eguna ekainaren 29an da.
Eliza katolikoaren bitartez zabaldutako izena da, egun ere ezaguna. Azken elementua solo izena da, soro hedatuagoaren sartaldeko aldaera.
Toponimo honen bitartez Paulo antroponimoaren lekuko toponimiko bat ezagutzeko aukera izan dugu.

viernes, 16 de julio de 2021

Urrusti toponimoa

Urrusti toponimoa bein baino gehiagotan agertzen da euskal lurretan, batez ere Gipuzkoakoetan. Horrela, Urrustiaitza izeneko gailurra dago Mutrikun. Urrustieta Segurako aurkintza bat da eta Urrustigibel Errezilgo aurkintza ere bada. Bizkaian Urrusti izeneko gailurra dago eta Arabako Legution Urrustizar izeneko gailurra ere bada.
Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan badira Urrusti izeneko baserriak, Soraluzen eta Zumarragan:

URREIZTI (URRUSTI) (desh.), Txurruka ballara, Soraluze
URRUSTI (prop.), Zumarraga

Soraluzekoan bi izen daude, bata ofiziala izango zena, Urreizti eta bestea ahozkoa, Urrusti. Honek etimologia ematen digu, eta bilakaera: Urreizti > *Urristi > Urrusti. Lehenik ei diptongoa soildu zen ei > i eta gero, bokal asimilazioa gertatu zen: u-i > u-u. Beste era batera uler liteke, disimilazioa gertatuz: i-i > u-i, baina hasierako bokalak, lehenengoa izanik, hurrengo bokalean eragina izatea errazena litzateke.
Toponimo hauetan hurrizti hitza dago, hitz eratorria, oinarrian hurritz duena eta bukaeran -di atzizkia, oinarriaren bukaerako afrikatuak atzizkiaren horzkaria ahoskabetuko zuen: -tz + d- > -zt-, fenomeno erabat arrunta.
Lehenago adierazi bezala, asimilazioa toponimoetan gertatuko zen, izan ere, hurrizti izen arruntaren lekukoetan bigarren silabako bokala gorde da, salbuespenak urrutxdoi eta unrustoi lirateke, baina hauen erabiera eremua urruti geratzen da aztertutako toponimoetatik. 

Eguneraketa (2022-03-12):
Sarreran ez dago XX. mende baino lehenagoko lekukorik. Baina badago bat, askoz lehenagokoa, Erdi Arokoa, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuan, 28. agirian, 1451. urtean, badago Abaltzizketako bizilagun baten izena: Miguel de Urrusticaga. Ziurrenik <c> dago <ç> baten ordez. Beraz, deitura Urrustizaga izango zen, urrusti + -tza + -aga bezala analiza daitekeena. Beraz, Urrusti aldaera asimilatua oso zaharra litzateke toponimo horretan.

Kapagindegi toponimoa

 Kapagindegi izeneko baserria Lazkaon dago, Gipuzkoan.
XX. mendeko bigarren erdialdeko beste lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, baina hau Elduainen dago:

KAPAGINDEGI (KAPAINDI) (desh.)
Kapaindi, ziurrenik, ahozko aldaera da, bokalarteko bi herskari belar ahostunak galdu ditu, bi /g/ eta ondoren ei > i bokal soiltzea izan da: Kapagindegi > *Kapaindei > Kapaindi.
Toponimoa argia da, oinarrian kapagin hitza izango litzateke:
kapagin.
(V, G-goi-to, AN-gip-araq; -iñ Lar, Ast Apol 90, Añ), kapaiñ (V-gip). Ref.: A (kapagin); Iz ArOñ (kapaiñ).
"Cardador" Lar. "Marraguero" Añ. "Pelaire que trabaja en lana no lavada" A.
Estudio bageko / gizon bat pobrea; / Kapagin txikia da / kantore autorea. Izt Po 53. Dantzari ariña / omen da kapagiña. Ib. 121. Arotzaz gañera zan / errementaria, / argiña, kapagiña / eta dendaria. It Fab 107. Orrek ez dik beste ametsik, kapañeri burla egitea baño. Apaol 67 (96 kapaiñ). Iztuetar Joan Iñazio, kapagiña, apal-apala. ADonostia EEs 1929, 153.
Azken elementua -tegi atzizkia da, sudurkari ondoan egoteagatik horzkaria ahostundu da.
Toponimo honetako oinarrian antroponimorik ez dago, baina bai lanbide izena, Auspagingoa edo Toberagina toponimoetan bezala.

martes, 13 de julio de 2021

Garagarrieta toponimoa

 Ispasterko Garagarrieta baserri baten aurriak izendatzeko erabiltzen da. Bi toponimo eratorri daude Ea herrian, Eako mapa toponimikotik jaso dira bi eratorriak, Garagarrietandikoa eta Garagarrietaemetikoa:

Toponimo eratorrietan handikoa eta hemendikoa ditugu, azken honetan (h)emetikoa aldaeraren bitartez.
Toponimo nagusia Garagarrieta litzateke, bukaeran -eta atzizkia baina hasierakoa ez da ohikoa, garagarri- ezezaguna. Garagar hitzarekiko lotura argia da, baina bukaerako -i hori azaltzeko zaila da. Irtenbide bat da pentsatzea aldaketa bat gertatu dela, haplologia bat, hau da, bi silabak, oso antzekoak edo berdinak direnean batzen dira, bat geratuz. Horrela, bi hitz izan zitezkeen, beharbada garagar + harri? Orotariko Euskal Hiztegiko garagar hitzaren sarreran ez dago garagar-harri hitz elkarturik, baina garagar-irin bada. Beharbada garagar-harria erabilia zen lehenago aipatutako irina lortzeko.

Magdalenoarte toponimoa

 Behin bakarrik agertzen zaigu Bizkaiko toponimo hau, Durangoko burdinola bat zen, Juan Ramon de Iturrizaren Historia General de Vizcaya y Epítome de las Encartaciones liburuan jasoa, 1775. urte inguruan idatzia, II, 47. or.:

... tres ferrerías, la de Miqueldi, sartenera; la de Magdalenoarte, tiradera y sartenera, y la de Arana, de barrillas y balaustres, y seis molinos.
Toponimoa aski bitxia da baina analisia erraza du, Magdaleno antroponimoa eta arte hitza. Magdaleno, irakurketa zuzena bada, Madalen askoz ezagunagoaren gizonezko aldaera litzateke, oso erabilera urrikoa. Azken elementua arte hitza litzateke, ziurrenik leku postposizioa. Badira toponimo gehiago PI + arte egitura dutenak, Galindarte eta Amunartia bezala. Beharbada toponimo hauetarako Artazubiaga toponimorako azaldua egokia izan liteke, honetan arte litzateke besteen artean dagoena, erdian dagoena.

sábado, 10 de julio de 2021

Matioena eta Matioenea toponimoak

 Matioena izeneko baserria Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen dago. XVIII. mendeko lekuko zaharrak badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Matioena [N, TO]
Mathioena (la casa de), Guerricaiz, a.1799, FogVizcayaMs.

Matioenecoa [N, TO]
Mattioenecoa (la casa de), Guerricaiz, a.1796, FogVizcayaMs.

Mationecoa [N, TO]
Mattionecoa (la casa de), Guerricaiz, a.1796, FogVizcayaMs.
Gipuzkoan ere badago baserri bat oso antzeko izena duena, Aizarnazabal herrian, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipuzcoa liburuan jasoa:
MATIOENEA (col.), Aizarnazabal
Lekukoek egitura bera dute, oinarrian Matio antroponimoa, Mateo ezagunagoaren aldaera, eta ondoren, etxe izenetan ohikoak diren -(r)en + -a, jabetza adieraztekoak.

viernes, 9 de julio de 2021

Urrekasoro toponimoa

 Urrekasoro izeneko baserria dago Azpeitian, Gipuzkoan.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

URRAKASORO (prop.), Odria ballara, Azpeitia
Lekuko gehiago izan gabe, zaila da jakitea Linazasorok ematen duen lekukoa "zuzendua" dagoen ala ez, jakinik horixe izango zela aldaera jatorrena; Urrekasoro aldaturik dago, u-a > u-e asimilazioa jasan du, gertaera automatikoa zenbait eremutan.
Toponimoak bi elementu ditu, nahiko argiak, nahiz eta aldaketa txiki bat gertatu. Azken elementua soro izen arrunta eta oinarrian Urraka antroponimo emakumezkoa:
Urraka
Urraca (gaztelania), Urraque (frantsesa), Urraca (ingelesa)
Sexua: emakumezkoa
Hipokoristikoa: Ez
Arautzea: batzordearen argitalpena

Erdi Aroan asko erabili zen izena. Nafarroako erregina bat baino gehiago deitu ziren honela. Besteak beste, Antso Gartzeitz erregearen ama aipa daiteke (IX. m.), zein larri zauriturik zegoela ebakuntza eginez erdi baitzen. 991. urtean aurkitu dugu lehen aldiz, Nafarroako Apardozen (Urraka Enecones).
P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan ere bada, 156 or.:
Urraka (Urra): Vrraca Galindonis, Urraka Enecones (Apardoze, 991, Leire, 12), Urracha Ortiz de Orcheien (1145, Leire, 321), Hurraca Periz (Mañeru, 1350, LPN, 374), Donna Vrraca de Bedia (Bilbo, 1464, Enríquez et al., 1996b, 56). Jungfer-ek (1902: 7) Urraca izena eta urraca espainol apelatiboa euskaratik hartuak direla uste du; Gorostiagak (1958: 59) Urraka-n urre eta –ka atzizki txikigarria daudela dio.

Gorago adierazi bezala, toponimoan aldaketa bat izan da, u-a > u-e asimilazioa gertatuko zen, aldaketa hau ohikoa da euskal lurraldeko hainbat eremutan.
Emakume izenetatik sortutako toponimoak ez dira asko, gizonezkoekin alderatuz, baina ez dira zailak aurkitzeko, Amata toponimoa bezala.

 Eguneraketa (2023-05-06):
Urrekazulo toponimoaren sarreran aipatua izan da *Urreka antroponimoaren ustezko izaera. Urrekasororako ere egokia izan liteke, baina horretarako lekuko zaharrak beharrezkoak dira. Zalantzarako geratzen da Urrakasoro lekukoa, jatorra izan daiteke, baina hori ez da ziurra, beharbada izen hori "zuzendua" izan da, Urraka ezagunera hurbilduz.

Olarra eta Olarrain toponimoak

 Olarra toponimoan Bizkaian dago, Arantzazun biztanle-entitatea da eta Zeberion, baserri bat. Bi toponimoen lekuko zaharrak badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan:

Olarra [N, TO]
Olarra (la caseria de), Aranzazu, a.1745, FogVizcayaMs.
Olarra (la cassa de), Aranzazu, a.1704, FogVizcayaMs.
Olarra (otra casa en el mismo), Aranzazu, a.1796, FogVizcayaMs.
Olarra_Saldarian (la casa de), Ceberio, a.1798, FogVizcayaMs.
Olarrabeascoa (la casa de), Aranzazu, a.1796, FogVizcayaMs.
Olarragoicoa (la casa de), Aranzazu, a.1796, FogVizcayaMs.
Olarragoitia (la caseria de), Aranzazu, a.1745, FogVizcayaMs.
Olarragoti (la cassa de), Aranzazu, a.1704, FogVizcayaMs.

Olarrabe [N, NO]

Olarraue (P(edr)o de), Muxica, a.1641, FogVizcayaMs.
Olarrabe ere multzo horretan sartzekoa litzateke, lekuko horretan deitura bada ere, toponimo bat izan zen sorburu.
Olarrain toponimoa Gipuzkoakoa da, Tolosan hiri-auzoa da, eta badago Olarrainberri izeneko baserria. Zarautzen Olarrain izeneko tontorra dago.
Olarra eta Olarrain toponimoen oinarrian ola izena dago, bigarren elementua larra eta larrain izango lirateke. Beraz, bi toponimoetan haplologia delakoa gertatu da, bi silabak, oso antzekoak edo berdinak direnean batzen dira, bat geratuz, Ametzagaña toponimoan bezala. Horrela, ola + larra > *Olalarra > Olarra eta ola + larrain > *Olalalarrain > Olarrain.
Beharbada, Zarauzko toponimoa, tontor bat izanik, egitura konplexuagoa izan zezakeen: ola + larra- 'larre' + gain. Baina azkenean, berriro ere, haplologia gertatuko zen.

martes, 6 de julio de 2021

Urozperoeta toponimoa

 Toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan dagoena, 1625. urte ingurukoa, Aiako etxeen izenak zerrendaterakoan:

... Larrazpuru A, Orendain, Alzuru, Gorriarain A, Ayaldeburu, Urozperoeta, Izeta garaicoa, Izeta azpicoa...

Lekuko bakarra bada ere, nahiko ulergarria da, baina badu bere barrenean egitura kontraesankor bat, azaltzeko erraza ez dena.
Toponimoak lau elementu lituzke, ur + hotz + bero + -eta, guztiak batzerakoan Urozperoeta sortuko zen, arazorik gabe. Baina nola ulertu behar da toponimo beraren barruan hotz eta bero antonimoak izatea?
Hotz-bero hitz-elkartua bada Orotariko Euskal Hiztegian. Ziurrenik toponimo horretan ura izango zen, iturri bat edo erreka bat, baina, hori jakinik, nola uztartu bi izenlagun horiek, hotz eta bero? Beharbada, hipotesi bat egiteko, toponimo horretako uraren tenperaturan gorabehera handiak izan ohi ziren eta hortik izena?

Eguneraketa (2023-12-26):
Sarreran lekuko bakarra eman badugu ere, askoz gehiago daude, toponimok iraun zuelako eta deitura ere bihurtu zelako. Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. XVI. mendearen bigarren erdian hasten dira deitura honen lekukoak:

Lekuko zaharrenetan ere aldaerak badira, Urezberoeta (1583) eta Urezperoeta (1584), bokal asimilazioagatik, o-e > e-e. Hala ere, zaharrenetan oraindik dago toponimoaren izena aldatu gabe eta horrek berretsiko luke sarreran emandako etimologia.

Belako antroponimoaz, laburpena

 Belako ez da oso antroponimo zabaldua euskal lurretan baina lekukoak badira, gutxi izan arren, Euskaltzaindiaren EODA orriko informazioa, Belako:

Belako.
Belaren Erdi Aroko hipokoristikoa. Arrigorriagako (Bizkaia) Santa Madalena elizan gordeta zegoen X. mendeko hilarri batean Belaco filius agertzen da. Aiarako (Araba) lehen jauna (XI. m.) Jaun Velaco deitzen zen.
Belako antroponimoaz sortutako toponimoak eta blog honetan aztertuak:

1. Belakarro toponimoa, Zaratamokoa. Belako antroponimoa eta arro izena, egitura berdintsua Beraskarro toponimoan.

2. Belakasoro toponimoa, Olaberrikoa.
*Belaka oinarria izan liteke edo, Beraskaburu toponimoan bezala, jatorrian *Belakosoro zegoen, baina horren lekukorik ez dago.

3. Belakorta toponimoa, Galdakao. Belako antroponimoa eta korta izena. Berasagasti toponimoan bezala, haplologia gerta zitekeen, eta antroponimoaren azken silaba eta kortaren hasierakoa batu ziren, bakarra geratuz.

4. Belakortu toponimoa, Berrizkoa (B). Belako antroponimoa eta ortu izena. Belakorta toponimoan bezala, haplologia gerta zitekeen.

5. Belakostegi toponimoa, Arrasatekoa. Belako antroponimoa eta estegi izena, beharbada.

6. Belakotegi toponimoa, Soraluzekoa (G). Belako antroponimoa eta -tegi atzizkia.

viernes, 2 de julio de 2021

Tendariarena toponimoa

 Toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan dagoena, 1625. urte ingurukoa, Asteasuko etxe izenak zerrendatzerakoan agertutako izena da:

... Lizola Juan Martinez, Irareta, Sarasti, Urbieta, Idogarate, Tendariarena, Guruceaga, Icostu, Aramburu, Sarobe, Yeroa, Lizarraga. 38.
Toponimoak ez du zailtasun andirik, bukaera aldean daude -(r)en + -a, jabetza adieraztekoak, baina oinarriko hitza ez dago hiztegietan, *tendari. Badago beste hitz, oso antzekoa dena, dendari ezagunaren aldaera litzateke, aldaketa bakarra hasierako herskaria litzateke, ahoskabea dena toponimoan. Dendari hitzak lekukotza zaharra du, Erdi Arotikoa. Baina Asteasuko toponimoarena, nola azaldu? Idazkerako akats bat izan liteke? Beharbada arkaismo bat, beste inon jaso ez zena? Aurreko toponimoaren azken silabaren eragina jasoa? Argi dago toponimoan dendari hitzaren aldaera bada, bakarrik dagoela. Beharbada toponimo honen lekuko zaharrak eskuratuz gero, erantzuna argiagoa izan liteke.

Mikiena toponimoa

 Mikiena baserria Gernika-Lumon dago eta Mikienalde toponimo eratorria basoa da.
Toponimoak aldaketa txiki bat behar du analisia egiteko, sudurkari disimilazioa gertatuko zen eta bietarik, azkena galduko zen, beraz: *Mikinena > Mikiena. Hala izanez gero, mikin + -(r)en + -a izango genuke. Mikin ez da oso hitz ezaguna, baina Orotariko Euskal Hiztegian jasoa da:

mikin.
(Lar, H (V, G; + mihikin)).
"Crítico, hablador afectado" Lar. "Cultísimo, txit mikina" Ib. "En général et litter., qui a de la langue, parle aisément; bavard; éloquent" H.
Sudurkari disimilazioa ez da fenomeno oso ohikoa baina toponimian ezagunak dira izen batzuk, Alamena eta Galaena toponimoak bezala, lehenago *Alamanena eta Galanena izango zirenak, azken kasua dokumentaturik dago, horregatik ez du izartxorik.