martes, 30 de octubre de 2018

Txarabitana toponimoa

Arabako Apinaiz herriko toponimoa. Egungo aldaera Txarabitana da, hala agertzen da Cuadernos de toponimia 2 Montaña alavesa liburuaren 43. orrialdean:
"Municipio: Maestu. Toponimia de Apellaniz.
8.— Charabitana."
G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburuan ere egungo aldaera bada:
"CHARABITANA, heredades de Apellániz"
Eta baita ere aldaera zaharrago bat:
"ACHARABITANA, 1800, labrantío de Apellániz".
Lekuko gehiago eta zaharragoak José Antonio González Salazar-en Montaña alavesa. Comunidades y pastores liburuan, 203. or.:
"En el año 1787 se muestra el comienzo de su mojonera en la fuente del AZCARRO mientras que en el año 1647 se llama fuente de CHARAVITANA, lo mismo que en 1742 se le llama CHARAVITANA, en 1756 se escribe ACHARABITANA y en 1735 ACHABITARANA".
Aldaera guztiak lirateke Txarabitana, Atxarabitana eta Atxabitarana. Azken hau litzateke aldaera jatorrena eta analisia hortik hasi behar da. Banaketa litzateke Atxabita- + haran + -a.
Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan Atxa Bita antroponimo elkartua aipatu zuen:
"20. —aita «padre»: Aytola. Puede verse en R. Menendez Pidal (Toponimia prerrománica hispana, 223 ss.) la abundancia con que aparece en documentos medievales hispánicos, especialmente castellanos, el nombre Eita (Aita), solo o generalmente precediendo a otro, así como su forma castellana Echa (Egga) y la falsa corrección Ecta (-ct- latino ha dado -ch- castellano): Eita Hoco, Eita Hacurio, Eita Azenari, Acta Fanni, Acha Vita, Eggavita Moriellez, Egga Lacine en el CSM, cf. Ama Nafarra, Ama Sarracinaz en el mismo cartulario (vasc. ama «madre»), Ama dota (= Tota, Toda), Lacarra 250".
Atxabita antroponimoa bi izenez osaturik dago, Atxa 'Aita' eta Bita, latinezko Vita izenean oinarritua. Izen elkartuak arrakastua izan zuen, Euskal Herriaz kanpoko hainbat lekuko agertzen direlako, Donemiliaga, Cardeña eta Oñako agiri zaharretan. Tartean Valpuestako agiri batean ere bada lekuko bat, Ecta Bita, 1050. urtean, 54. agirian, nahiz eta testua Burgosko Mambliga herriko kontuez izan.
Toponimo honen bilakaera ez da oso luzea, baina nahikoa aspaldiko egitura iluntzeko, zorionez bada lekuko zahar bat, aldaketarik gabekoa, Atxabitarana. Bilakaera horrelakoa izango zen: Atxabita + haran + -a > Atxabitarana > Atxarabitana > Txarabitana. Tartean -ra- silabaren aurreratzea, eta aferesia, lehenengo bokalaren galera.

Errandetxea antroponimoa

Testuetan behin agertzen da Errandetxea antroponimo hipokoristikoa, Censos de población de la Baja Navarra 1350-1353 y 1412 izenburuko liburutik hartua, 103. or.:
Erandechea, carniçer, demorant en miey ostau de Menaut de Nas.
Lekukoa 1412-13. urtekoa da, Donibane-Garazikoa, eta Errandetxea bezala irakurri behar da. Antroponimo hipokoristikoa litzateke; oinarria Errande, ziurrenik Ferrando-ren aldaera. Horri -txe atzizkia gehitu, Fintxe hipokoristikoan bezala, eta baita -a artikulua ere. Azken hau ez da ohikoa euskal antroponimian, baina adibideak aurkitzea ere ez da zaila, gaztelaniaz (baita katalanez ere) gertatu zen fenomenoaren isla genuke, artikulua pertsona izenari ere gehitzea. Blog honetan bada egitura honen lekuko bat, Otxotetxea antroponimoa, -txe atzizkia eta -a artikulua dituena.
Beraz, Errandetxea izena beste ale bat litzateke euskal hipokoristikoen kopuru nabarmenari gehitzekoa.

sábado, 27 de octubre de 2018

Alokairu hitza

Euskal testuak ugariak izaten dira Erdi Aroa bukatu eta gero, XVI. mendean hasten dira liburuak egiten, baita ere beste testu mota batzuk. Ondorioz, euskal hitz gehienak garai horretan hasten dira agertzen. Baina bada lehenago denbora tarte oso handi bat, Erdi Aroa. Garai hartan ez da, zoritxarrez, euskal testu luzerik, baina erdarazkoak badaude eta horietan euskal hitz ugari aurki daitezke, gehienak testuinguru onomastikoan, antroponimoetan eta toponimoetan.
Batzuetan testu horietan agertzen diren hitzak aipagarriak dira, batere ohikoak ez direlako. Hala gertatzen da alokairu hitzarekin. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, lehenengo lekukoa aski zaharra da, Leizarraga, 1571. urtekoa. Baina Hondarribiko testu zaharretan ere bada, Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo IV (1499-1537) liburuan zenbait agerpen baditu:
Juan d’Echeberri de Alocayru, 1500. urtea, 48. agiria.
Juango d’Echeberri d’Alocayru, 1500. urtea, 54. agiria.
Juanicot de Alocairu, 1500. urtea, 59. agiria.
Alokairu hori toponimoa zen eta lekuko horiei esker, hitz honen agerpena 72 urtez aurreratzen da. Ez da asko, baina hitz honen historia apur batez luzatu da.

Txendoa eta Txendonea toponimoak

Hondarribiko toponimia liburuaren arabera, Txendoa izeneko etxea izan zen, 831. or.:
"Txendoa
Kontzeptua: Etxea
Iturriak: 1616: chendoa E-7-II-5-5 (6. or.)
1692: chendoa E-7-I-20-6 (11. or.)
1769: Chendoa E-7-I-74-1"
Eta Txendonea izeneko lekua, 832. or.:
"Txendonea
Kontzeptua: Lekua
Iturriak: 1889: Chenduenea Reg. 25 (193. or.)
1905: Chenduenea/ Chenduneabeco-erreca Reg. 25 (193. or.)
1945: Chenduenea Amil. (420. or.)
Kokagunea: 41.50.5?
Oharrak: Ik. Txendonebeko erreka".
Eta Txendonea izeneko baserria, 832-833. or.:
"Txendonea
Kontzeptua: Baserria
Iturriak: 1604: Chendoarena E-7-II-3-15 (3. or.)
1616: Chenduenea E-7-II-5-5 (1. or.)
1639: Chendonea Aktak 35 (24. or.)
1647: Chendoenea E-7-I-10-10
1738: Chendoanea (1. or.) / Chendoenea (2. or.) / Chenduanea (6. or.)
E-7-II-31-9
1764: Chendoenea E-7-I-71-3 (15. or.)
1769: Chendoanea E-7-I-74-1 (5. or.)
1876: Chenduarena Reg. 14 (152. or.)
1887: Chenduenea Reg. 23 (160. or.)
1945: Chendunea (147. or.)/ Chenduenea (150. or.) Amil.
Ebakera: 1992: Txendúnia Miguel Ugarte
1992: Txendúnia Miguel Iridoi
1992: Txendúnia Jose Arozena
1992: Txendunia / Txendunia goya J. Gonzalez
1992: Txendúnia Lorenzo Larretxea
Kokagunea: 41.50.5
Oharrak: “ques en el terminado del dho chiplau” E-7-II-3-15 (3. or.). “en el barrio de Santiago”
Reg. 23. Informatzaileek goikoari deitzen diote. Ik. Txendonegoia".
Ba ziren toponimo eratorri zenbait, Txendonebe, 833. or., Txendoneberri, 834. or. eta Txendonegoia, 834.
Txendoa eta Txendonea toponimoek oinarri bera izan zuten, *Txendo. Lehenengo toponimoa *Txendo + -a izango zen eta Txendonea, aldiz, *Txendo + -(r)en + -a. Kontuan izanik toponimoak etxe izenak zirela eta horrelakoetan antroponimoak ohikoak zirela, argi dago oinarri hori antroponimikoa dela, zehatzagoa izanez, hipokoristikoa, horregatik tx- hasieran. Abiaburua sendo adjektiboa izango zen, hortik *txendo eratorri hipokoristikoa. Sendo ezaguna da Erdi Aroko antroponimian, izengoiti gisa erabilia. A. Irigoienek bere Pertsona izenak euskaraz liburuan, Sendoro izena aztertzerakoan hauxe jarri zuen, 258. or.:
"3.326. SENDORO: Garçia Sendoro, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 373 orr.), Çirauqui-n.
Sendoro-k SENDO formarekin zer ikusia du: cfr. Martin Sendo, (1366, PN-XIV, F.Pamp.-Mont., 562 orr.), Echarren-en; Martin Sendoa, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 363 orr.), Oyllogoyen-en, bigarrenak -a artikulua duela."
Beraz, Sendo zein Sendoa ezagunak ziren bezala, Hondarribian *Txendo erabili zuten Txendoa eta Txendonea toponimoak sortzeko.

martes, 23 de octubre de 2018

Imira toponimoa

Toponimo arabarra, lehenengo lekukoa G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburuan bada:
"IMIRA, 1632, labrantío de Los Huetos".
Toponimoa gure egunetara ere heldu da, Cuadernos de toponimia 5 Toponimia menor de Vitoria-Gasteiz liburuan jasoa, 13. or.:
"Municipio: Vitoria-Gasteiz. Toponimia de Hueto Arriba y Hueto Abajo
27.—Imira."
Toponimoak ez du bestelako aldaerarik erakutsi azkeneko 400 urtetan, beraz, hori izango da aztertzeko forma. Blog honetan aztertutako hasierako toponimoen artean bazen bat, Kimera toponimoa. Han proposatu genuen Wimara antroponimoa zela, eta Imira toponimorako ere proposamen berdina egingo dugu. Wimara antroponimoaren aldaera asko badira, eta toponimo honetarako egokiena Wimera izan liteke, horri bi aldaera gertatuko zitzaizkion, batetik hasierako kontsonantea galdu, /w/ ez zegoen euskaraz, eta irtenbide bat izango zen, besterik gabe, ez ahoskatzea. Bigarren aldaketa bokalei dagokio, i-e > i-i asimilazioa gertatuko zen, bi bokalak berdinduz.

Otxoa antroponimoaz, laburpena

Azken garaian blog honetako sarrera guztiak Otxoa antroponimoaren eratorriez aritu dira, guztira 31 sarrera. Gehienak toponimikoak, baina antroponimo batzuk ere izan dira sarreren gaia. Otxoa antroponimoak eratorri gehiago utzi zituen, baina blog honetako sarrerak izan dira informazio gehiago emateko, dela etimologia berri bat, edo zuzendutako bat, edo lekuko aipatu gaberen bat. Batzuk gehiago geratzen dira baina informazio osagarria beharrezkoa da, batez ere lekukoen kronologiari buruzkoak.
Dena den, hemen aztertutakoak sarrera honetan izango dira, azalpen oso labur batekin. Gehiago jakin nahi duenak, loturei jarraitu eta han agertuko da bildutako informazioa.
Hauek izan dira aztertutako antroponimoak eta toponimoak, zaharrenetik hasita:
1. Otsoetxe toponimoa (Urduliz), gutxi dira PI + etxe egitura duten toponimoak, eta hau egitura honen beste adibide bat da.
2. Otxoasagastia toponimoa (Zestoa aldean), zenbaitetan arazoa izan daiteke otso animalia izena eta Otxoa antroponimoa bereizteko orduan, irizpide bat artikulua liteke, Otxoa izenean badena baina animalia balitz, *Otsosagastia bezalako bat sortu beharko zen.
3. Otxoamendiko buarra toponimoa (Agurain eta Alaitza inguruan), batetik Otxoa- izanik, antroponimoa bada, eta bestetik buar 'bular' aldaeraren lekuko zaharra.
4. Otsandola toponimoa (Oiartzun), Otxando izenak bazuen Otsando aldaera zaharragoa eta zenbat toponimotan gorde izan da.
5. Otsondoa toponimoa (Artaxoa), batetik izenaren afrikatu zaharra gorde zen eta bestetik toponimoak jasan duen bilakaera azken 500 urteetan, nahiko interesgarria.
6. Otxandibar toponimoa (Villamayor de Monjardin), antroponimoa Otxando edo Otxanda izan ahal izenaren azken bokala galdu zelako. Bilakaera hori ez da ohikoa antroponimoekin, baina bi antroponimo horiekin badira beste adibide batzuk.
7. Uxando toponimoa (Hondarribia), batetik afrikatua, bestetik o- > u- aldaketa, beste hainbat toponimotan ere gertatua.
8. Usandizaga toponimoa (Azpeitia), Otxando-ren patronimikoa toponimian, eta o- > u- bilakaera, ahaztu gabe <s> grafia afrikaturako.
9. Usanits toponimoa (Bidaxune), Otxando-ren patronimikoa toponimian, o- > u- bilakaera eta nd > n, aldaketa ezohikoa eta zaharra.
10. Otxanda toponimoa (Donostia), antroponimoa toponimo bihurtua, aldaketarik gabe.
11. Otsandagorta toponimoa (Zeanuri), dirudienez, Otxanda antroponimoa bada, <ts> grafiaduna, ohikoa ez dena.
12. Otxandarri toponimoa (Villaverde), oinarrian Otxanda edo Otxando izan ahal.
13. Otsanko antroponimoa, Uzanco de Refoio, 940. urtekoa, itxuraz, Otsanko-ren lehenengo lekukoa, o- > u- aldaketa.
14. Otsango antroponimoa Donemiliaga Kukulako kartularioan 952. urtean, 64. agirian Osango, Otsanko-ren aldaera nk > ng asimilazioa jaso duena.
15. Otxango toponimoa (Aletxa), Otxango antroponimoa toponimo bihurtua, besterik gabe.
16. Otzango toponimoa (Zumaia), Otxango antroponimoa toponimo bihurtua, baina <tz> aipagarria da, txistukarien neutralizazioa edo otzan hitzarekiko analogiaz aldatua?
17. Otsoeta toponimoa (Zornotza), Otxoeta antroponimoa toponimo bihurtua, afrikatua <ts>, oso aldaera zaharra gordea?
18. Otsaita toponimoa (Berriz), Otxoeta antroponimoaren aldaera zaharra? Inoiz *Otsaita antroponimoa izan al da, edo *Otsaeta aldatua?
19. Otxoki toponimoa (Donostia), Otxoki antroponimo toponimo bihurtua. Otxoki antroponimoaren lekuko gutxiei beste bat gehitua.
20. Otxoko toponimoa (Asparrena), Otxoko antroponimoa toponimo bihurtua, lekuko zaharrak nafarrak dira, beraz, izen hau hedatu zen.
21. Otsakane toponimoa (Oiartzun), Otxokone > Otsakane aldaketa, azaltzeko zaila.
22. Otxokoneko barrutia toponimoa (Basaburu), Otsakane bezala, oinarrian Otxoko bazen, baina toponimo honetan ez zen aldaketarik izan.
23. Otxotenea toponimoa (Lesaka), itxuraz Otxote PI + -(r)en + -a, baina lekuko zaharrak aztertu ondoren, oinarria *Otxokoto litzateke, inioz ikusi gabea. Beraz, toponimo horri esker, Otxoa-ren beste hipokoristiko bat gehiago argitara atera da.
24. Otsakain toponimoa, honetaz arduratu direnak Otxoko proposatu dute baina lekuko zaharrenak kontuan hartuz Otsako antroponimoa oinarria litzateke.
25. Otxote antroponimoa. Lekuko zaharrena Aragoikoa: Ozote de Bagilo, 1020-1030. urte inguruan.
26. Otxote eta Otxotenea toponimoak (Hondarribia), beharbada etxe beraren toponimoak, Otxote antroponimoak sortutakoak.
27. Otxoteko antroponimoa. Egun deitura bat bada, 1798. urteko lekuko batean ere deitura da eta 1366. urtean antroponimoa zen. Ibilbide luzea hipokoristiko honena.
28. Otxotetxea antroponimoa, 1475. urteko da Otxotetxea bizkaitarraren aipu bakarra.
29. Otxandaperra toponimoa (Antoñana-Oteo-Sabandoko mendi komuna), Otxanda antroponimoa eta *perra, galdutako hitz arabarra.
30. Otsandilibar toponimoa (Zirauki), oinarria Otxanda edo Otxando + -iri + ibar. Beharbada lekuko zaharren grafia kontuan izanik, antroponimoa Otsando izan ahal.
31. Peñaochanda toponimoa (Cabredo), toponimoa erdaraz sortua, Otxanda erdaraz ere ezaguna zen, kilometro gutxira Otxandarri, bere kide euskalduna izan litekeena.

jueves, 18 de octubre de 2018

Peñaochanda toponimoa

Peñaochanda Nafarroako toponimoa da, Cabredo herrikoa, hain zuen. Lekuko zaharrenak duela urte gutxikoak dira: Peña Ochanda (1981, 1986).
Blog honetan aztertutako Otxoa antroponimoaren eratorri toponimikoak euskarazkoak dira, baina hau erdaraz sortua da, batetik izena, peña 'harri, haitz' eta bestetik ordena, euskararen alderantzizkoa.
Toponimo honek erakusten du Otxanda erdaraz ere ez zela ezezaguna, ahaztu gabe toponimoa nafarra dela, euskal lurraldetik ez urrun.
Otxanda antroponimoa aztertua izan da blog honetan eta bizitza luzea izan bazuen ere, behitzat Otxando-rena baino luzeagoa, aspaldian hil zen. Beraz, toponimo honek mende batzuk izan behar ditu, baina oraingoz ezin zehaztu zenbat, Otxanda izenaren galera data ezezaguna delako.
Aipatzekoa da kilometro gutxira, Araban, Otxandarri toponimoa badela. Azken hau euskarazkoa da eta elementuak Peñaochanda-renak dira, baina azken honetakoak erdaraz. Beraz, bitxia da tarte txiki batean bi toponimo izatea, bata euskarazkoa, bestea erdarazkoa, baina elementu berdinak bi hizkuntzetan.