sábado, 30 de marzo de 2019

Mantxote toponimoa

Mantxote toponimoa Nafarroako bi herritan agertzen da, Espartza Zaraitzu eta Sartze herrietan, hain zuzen. Biak mugakideak direnez, uste izatekoa da toponimo bakarra dela, bi herritan banatua.
Toponimo honek baditu hainbat aldaera, baina lekuko zaharren bitartez, XVII. mendearen bukaeratik aldaera bera erakutsi du ia aldi guztietan eta, beraz, Mantxote izango da analizatzeko izena.
Toponimo hau hipokoristiko batez osatua da, *Mantxote, bilatutako testuetan agertzen ez den izena da. Hala ere, analizatzeko erraza da, oinarrian Mantxo antroponimoa bada, eta atzizkia -ote litzateke.
Mantxo izenaz, A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburukoa:
"3.225. MANCHO (322) Mancho, (1366, PN-XIV, F.Sang., 475 orr.), Ochagauia-n; Garcia Mancho, (1330, PN-XIV, F.Est., 252 orr.), Peralta-n; la de Martin Mancho, (1330, PN-XIV, F.Est., 267 orr.), Lerin-en.
Bada MANSO ere: Manso, (1366, PN-XIV, F.Sang., 468 orr.), Linçoayn-en; Miguel Mansso, (1330, PN-XIV, F.Est., 245 orr.), Miranda-n.
X eta XI mendeetarako badira MANÇO, MANXO eta MANCIO, eta baita-ere MANZ eta MEIZ patronymikoak ere: Manço Oxoiz, (961, Leyre, f. 261); Manxo Içurra, (981, Leyre, f. 261); Mancio Manz de Uilela, (1090, Leyre, f. 35), Acenar Meiz (mezquino de Oronz), (1072, Leyre, f. 156). Ikus MAYNÇIA.
————————
322 Informazio gehiagorako ikus ene lan “Algunas consideraciones sobre onomástica personal vasca”, Euskera, XXII (1977), 561-623 orr., Mancho izenaren aldagarriez luze tratatzen baita."
Toponimo honen bitartez badugu *Mantxote hipokoristiko ezezagunaren berria, egun arte bizirik iraun duena.

martes, 26 de marzo de 2019

Makareoeskinea eta Makariozabala toponimoak

Toponimo arabar hauek Jauregi eta Uribarri-Jauregi herrien artean baziren, Documentación Municipal de la Cuadrilla de Salvatierra: municipio de San Millán-Donemiliaga (1214-1520) liburuko 73. agiria, 1515. urtean:
"1. Desde Santa Lucia asta un mojon nuebo en derecho de la yglesia de Santa Lucia, que se gocen por camino carretero que bajan de Santa Lucia abajo asta el mojon que queda puesto de nuebo en Macariozabala, la cual esta sobre el dicho camino carretero.
2. E luego en siguiente otro mojon en Macareoesquinea.
"
Bi toponimoek oinarri bera izango zuten, nahiz eta bi eratan agertu, Makario antroponimoa. Biek bi elementuz ere osaturik zeuden eskina eta zabal. Azkena blog honetan agertu izan da, *Larritizabal toponimoan bezala. Bestea, eskina 'izkina', ez da batere ohikoa toponimian, gaztelaniazko esquina 'bazterra, ertza' izenetik mailegatua.
Antroponimoa Makario litzateke, jatorri grekoa duena eta ziurrenik erlijio kristauaren bitartez zabaldua. Nahiz eta lekuko zuzenik ez utzi garai zaharretan zalantzarik ez dago izen hori ezaguna zela eta horren isla bi toponimo hauek lirateke.
Makareoeskinea toponimoak baditu hiru berezitasun, batetik Makareo aldaera, kakografia ez bada, beharbada asimilazio bokalikoaz eraginda, toponimoaren bigarren zatian beste bi /e/ izango ziren eta horrek aldaraz zezakeen lehenengo zatia. Aipagarria ere bada eskina, izkina aldaera askoz zabalduago dago, eta ziurrenik hitz honen lehenengo lekukoa litzateke, dela eskina aldaeran dela izkina hitzean ere. Azkenik, bukaerako bi bokalen disimilazioa, sartaldeko euskaran ezaguna: aa > ea.

Maioregi toponimoa

Lesakako toponimo hau hainbat eratorriren bitartez ezaguna da egun: Maioregiko bidea, Maioregiko erreka, Maioregiko harria eta Maioregiko lepoa. Maioregi toponimoaren lekuko gehienak nahiko berriak dira, bat izan ezik, 1499. urtean Maioregui bildu zelako.
Maioregi ez da aldatu azken mendeetan eta hau izango da aztertzeko aldaera nagusia, 1928. urteko Mayori, argi dagoen bezala, laburketa delako, lehenik bokal arteko /g/ galduko zen eta gero ei > i bokalen laburketa gertatuko zen.
Maioregi bi elementuz osatutako toponimoa litzateke, blog honetan aztertutako gehienak bezala. Azken elementua hegi 'aldapa, aldatsa; ertza', oso ohikoa euskal toponimian. Hasierakoa Maiora litzateke, antroponimo bat, emakumezkoa. Bazeukan Maior aldaera, baina hala izanez gero, *Maiorregi sortuko zen, ziurrenik.
Maiora izenaren informazioa badago A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburuan:
"3.240. MAYORA / MAORA (324), MAYORACO, emakume-izena, eta baita-ere MAYOR / MAOR: Mayora de Garcia Pero Eynneca, (1330, PN-XIV, F.Est., 228 orr.), Larraga-n; Pascoal et Maria, filos de Ferrando Maora, (1330, PN-XIV, F.Est., 240 orr.), Beruinçana-n; Pero Mayoraco, (1366, PN-XIV, F.Pamp.-Mont., 532 orr.), Çigua-n; dona Mayor, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 336 orr.), Viana-n; Ferrando dona Maor, (1330, PN-XIV, F.Est., 241 orr.), Miranda-n.
XII menderako MAIOR: et Elvira et Maior et Tota, (1178, El gran Pr. Nav., dok. 48).
————————
324 [j] duela eta [j] gabe."
Irigoienek emandako lekuko horien garaian sortuko zen Maioregi toponimoa, Erdi Aroaren bigarren erdian, beharbada.

sábado, 23 de marzo de 2019

Lupardo toponimoa

Bizkaiko Ugao herriko auzoa, Lupardo.
Lekuko zaharrenen artean badaude Colección Documental del Archivo Histórico Municipal de Bilbao (1300-1473) liburuan. Zaharrena, donna Yra Saez de Lupardo, 50. agiria, 1402. urtekoa. Bestea beranduagokoa da, baina toponimoaren inguruaz luze dihardu, 1457. urtekoa, 84. agiria:
"E do por termino a la dicha Villanueba de Miraballes esto que aqui se sigue: el comienço do se junta el arroyo de Açordoyaga con la agua mayor de Aldanondo; e dende por el arroyo arriba a la ferreria de Açordoyaga, en manera que la ferreria finque de dentro de los mojones; e dende por el arroyo arriba a Gurdesaran; e dende adelante a la fuente de Pagasarri; e dende por la esquina adelante a Olaluçeta; e dende a çima de Ochandiano, por el çerro arriba; e dende derecho por la esquina a Vrriberriastegui; e dende pasar la agua mayor a la casa que fue de Sancho Sanches de Arana, que es en Lupardo; e dende por la ribera del agua a do pasan los carros en derecho de Arrigorriaga"
Hiru mende geroago badaude lekuko ugari Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:
"Lupardo [N, TO]
Lupardo (barrio de), Arrigorriaga, a.1704, FogVizcayaMs.
Lupardo (la casa en el varrio de), Arrigorriaga, a.1798, FogVizcayaMs.
Lupardo (uarrio de), Arrigorriaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Lupardo (uarrio de) [Miraballes (uilla de)], Miraballes, a.1798, FogVizcayaMs.
Lupardo (varrio de), Miraballes, a.1745, FogVizcayaMs.
Lupardo_Zavaletta (uarrio de), Arrigorriaga, a.1796, FogVizcayaMs.
.
Lupardo [N, NO]
Lupardo (Juan de Asua) [Arrigorriaga (las casas abecindadas a)], Miraballes, a.1704,
FogVizcayaMs.
Lupardo (Juan de) [Arrigorriaga (las casas abecindadas a)], Miraballes, a.1704, FogVizcayaMs.
Lupardo (Juan de) [Lupardo (barrio de)], Arrigorriaga, a.1704, FogVizcayaMs."
Lupardo ez da aldatu azken 600 urteetan eta, beharbada, beste urte asko eman zituen aldatu gabe. Beraz, beste aldaerarik ez dago eta analisia hasi behar da Lupardo izenetik bertatik. Euskarazko hiztegian begiratu eta egokirik aurkitu ez, baina antroponimia zaharra aztertu eta cognomen latinen artean bada bat, ederki egokitzen dena, Leopardus. Erdi Aroko antroponimian ere ez da ezezaguna, nahiz eta euskal lurraldean lekukorik izan ez.
Leopardo zaharrago batetik, lehenik hasierako eo > o eta ondoren aldatu zen, egungo aldaera eskuratuz eta azkenean horrela geratuko zen, gutxienez azken 600 urteetan.
Antroponimoaren etorrera ezezaguna da, ez du lekukorik utzi, Ugaoko toponimoaz gain. Lehen idatzi bezala, latinean ezaguna zen eta hurrengo mendeetan ere erabilia izan zen ondoko erromantzeetan.

Erkuden toponimoa

Erkuden Altsatsuko toponimoa bada.
Toponimo honi buruzko informazio ugari Rafael Carasatorreren Barranca Burunda liburuan:
"Erkuden: aparece este despoblado con distintas grafías: “Helcuren (1268 Libro del Rediezmo), “Elçurren” (1591, Costituciones Synodales); hoy suena Erkuden, lo que haría anotar el paso de “L” a “R”; lo contrario que vemos en el despoblado situado a un kilómetro al sureste: “Hurayar” (1350) que ha dado Ulayar y caso parecido al de “Hurçurrun” (1350 del valle de Ollo, “Orzurrun” 1170 J.M Lacarra, C.D. Irache, n.176 p. 191), que suena Ulzurrun actualmente.
El P. Azkue en su cancionero anotaba “erkuraingoa” y el P. Cándido Izaguirre en cambio (1967) “elkuraindarra”.
En cualquier caso resulta un topónimo un tanto extraño y que quizá haya que relacionarlo con “Ercuntia” (1563, del punto 13 de las Ordenanzas de la Burunda) por su cercanía, más un sufijo de genitivo. Aunque las alusiones consultadas no apoyan ciertamente esa vía: “Hermita de nuestra señora de Elcuren” se dice en 1620. (N. de Alsasua, Miguel Ruiz de Eguino, Leg.3 f.625). Un siglo más tarde leemos “nuestra señora de Elcuren” (1733, N. de Alsasua, José Goicoechea, Leg.28). Acaso también con “Elcorri” (1190 Libro Rubro) y como continúa sonando aún ahora."
Beste informazio iturri batzuetan bilatu eta beste bi lekuko zahar badaude, lehenengoa zaharrena izan daitekeena, Documentos navarros en lengua occitana liburuan bada Pero d'Elcuren, 10. agirian, 1248. urtekoa. Beste lekukoa Archivo General de Navarra. Sección de Comptos. Registro Nº 7 (1300) liburuko villa de Elcurren [In Valle de Burunda], 1300. urtean 1590. lerroan.
Bi lekuko zaharrenak bat datoz, Elkuren aldaera erabiltzerakoan, hasperena izan litekeena kontuan izan gabe. Geroko lekuko gehienak eta baita egungo aldaera ere erraz azaltzen dira Elkuren aldaera nagusitzat harturik. Baina Elkuren ezin litzateke analizatu, dagoen bezala eta aurreko aldaera zaharrago bat beharrezkoa litzateke, baina lekuko idatzirik ez dagoenez, berreraiki beharra bada. Eta jatorrizko izena, gero azalduko dugun bezala, *Helkeguren izango zen.
Beste toponimo asko bezala, izen honek bi elementu lituzke, *(h)elke eta *guren. Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan biak aipatu zituen, lehenik *elke:
"203. — elge, *elke «campo cultivado»: top. Helkeguren, Alava, 1025, act. Elguea; Elgue (Delgue-Arana), Elguea, Elgueta, Elguezabal, Elguezua, Elguiatebarrena. Quizá también Elcano (top. Helcanno, Guip. 1025), Elcarte, Elcoro (Elcorobarrutia, Elcoroiribe): cf. Elquezabal. Acaso se relacione con olca (REW 6050), como sospechaba Meyer-Lübke. Top. Elcarte ya 1083, Elcano 1099, en Navarra. En Iranzu, Elcorri, que puede ser elke+gorri, cf. Mendigorria, etc."
Eta *guren hitz galduaz ere badu lekurik:
"295. — guren «límite, linde»: Alzuguren, Ibarguren; Darizcuren, etc. En cuanto a la terminación -guen parece proceder más bien de go(i)en que de -guren: Echagüen, ibargüen, Urigüen, etc.; cf. también Buena. La crónica Ibargüen-Cachopín escribe Ibargoyen, al menos al transcribir y comentar la segunda escritura de Andramendi, el ap. que aparece generalmente como Ibarguen, incluso en el texto vasco de los Refr. y Sentencias."
Blog honetan aztertutako Aundiara toponimoan anderauren izena izango zuen, izen elkartua, lehenengo zatia and(e)re eta bigarrena *guren. Baina esanahiaren aldetik Mitxelenak aipatzen dituenak ez lirateke oso egokiak.
Badago Mitxelenaren elge izenari eskainitako testuan oso interes handiko toponimo bat, Helkeguren (1025). Bere ustez Arabako Elgea herriaren aldaera zaharra litzateke. Hau, dena den, zaila da azaltzen.
G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburuan mortuorio delakoei buruzko atalean Helkeguren badago aipatua:
"114. HELKEGUREN. — El Catálogo, año 1025, nos señala este pueblo, que no sabemos cuándo ni cómo desapareció, en las cercanías de Zuhazu y Erdongana (Ordoñana), de la merindad de Barrandiz, entregando “1 rega” al monasterio de San Millán. Don Félix Mz. de Lahidalga, culto párroco de Adana que está preparando un estudio de los despoblados de esta zona, me indica haber encontrado en Salvatierra, documentos que confirman la existencia de Helkeguren."
Aipagarria da Arabako lurraldetik nahiko hurbil *Elkeguren zahar batetik oraingo Erkuden toponimoa izatea, bi toponimo jatorrian berdinak izango zirenak, gerora oso patu ezberdina jasoko zuten, Arabakoa galdua eta Nafarroakoa Erkuden bihurtua.
Bilakaera nabarmena izan zuen Altsatsuko toponimoak, *Helkeguren zaharretik egungo aldaerara, urrats handiena toponimoa idatziz jaso baino lehen gertatuko zen, tarteko /g/ galdu, eta aurreko /e/ ere bai, ziurrenik bi silabetan belareak izateak lagunduk zuen bigarrenaren galeran. Behin Elkuren bazen, asimilazioaz l-r > r-r eta gero, edo disimilazioa r-r > r-d edo r > d bilakaera, egungo Erkuden izan arte. Azken aldaketa berandu arte ez zen gertatu Carasatorrek emandako lekukoak kontuan harturik.
Bitxia da Helcuren (1268), badauka beste lekukoetan agertzen ez den hasperena. Lekuko zaharren bitartez ezaguna da aldaera zaharrena helke zela, eta horrela dago Arabako toponimoaren lekuko zaharrenean, baina toponimo nafarraren <h> hori, hasperenaren isla bazen, arkaismo bat?

miércoles, 20 de marzo de 2019

Malotegi toponimoa

Lekuko bakar batez ezaguna da toponimo hau, Donostiako toponimia izeneko lanetik jasoa:
"Malotegui (1860, D.U.A.-D-7-1-P.)."
Dirudienez bi elementuz osatutako toponimoa da, malo- eta -tegi. Azken hau oso ezaguna da atzizki bezala toponimian, horrela, hainbat dira -tegi atzizkiaz aztertutakoak blog honetan: Izurrategi, Martikotxotegi, Martiotegi eta  Txomingotegi toponimoak, bakar batzuk aipatzearren.
Geratzen da azaltzeko lehenengo elementua eta zaila badirudi ere, euskal antroponimian Malo izena izan zen, P. Salaberriren Euskal deiturategia. Patronimia liburuan azaltzen den bezala:
"Malo (cf. Garcia Ioroz Malo, 1136-1150, Art., 91; Sancha Maloa Aqueza, Artaxoa, 1330, LPN, 294. or.).
Malez: Sancho Malez (Andion, 1232; Irantzu, 250. or.); Petri Malez (XIII. m., ibid., 266. or.)."
Beraz, Malo + -tegi > Malotegi. Toponimoa sortu zenetik paperetara agertu arte ez omen zuen inolako aldaketarik jaso. Baina ez zen berriz agertu eta horrek esan nahiko luke toponimoa desagertu zela. Etxea izango zen ziurrenik eta litekeena da hori eraitsi eta beste bat eraikitzea.

Ladranzubi toponimoa

Mezkirizko toponimoen artean bada Ladranzubi izenekoa. Egungo aldaera ikusi eta argi dagoen bakarra bigarren elementua litzateke, zubi ezaguna. Zorionez, badira lekuko zahar batzuk, etimologia guztiz argi uzten dutenak. 1700. urtekoak dira bi lekuko, Larden zubia eta Landerzubia. Dirudienez, lehenengoan metatesia gertatuko zen: n-r > r-n. Baina garai batean metatesia ez zen nagusitu, hala ere toponimoa hasi zen hainbat aldaketa jasotzen, Landarzubi, Landanchuvi, Ladronzubi... Lander hitza edo antroponimoa ilunduko zen edo, besterik gabe, euskara bera galtzen hasiko zen, egungo Ladranzubi aldaeraraino. Hala ere, Ladranzubi ere aldaketa txiki batzuen ondorioa baino ez da, bokal asimilazioa a-e > a-a, eta bi metatesi, lehenik aipatutako n-r > r-n, eta gero dardarkaria bera mugitu zen.
Oinarria, lehenago adierazi bezala, lander hitza da, baina antroponimoa ere bazen, hala ere toponimo honetan ematen du antroponimorik ez dagoela.
Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan lander aipatu zuen:
"390. —lander «miserable, pobre» (Azk.). Según Gamón (Noticias históricas de Rentería, 226): «Landerbaso, llaman otro monte suyo confinante con los de la villa de Rentería que significa monte de extranjeros...; por injuria se les llama a los de San Sebastián aun en el día [hacia 1800] Landerrac y Cascoiac que quiren decir extranjeros y gascones». Este sentido es sin duda más antiguo: cf. en Lacarra, 250 bon trigo de Landergari. Landerivar, Landerretche; Landarrena Domingo landerra (Lacarra, 251). Hoy pienso que Gamón, con su peculiar falta de simpatía por los donostiarras, extrapoló un tanto. En el léxico vasco, lander, cuyo origen sigue sin aclararse, tiene valores análogos a los de erromes, errumes, que sería en principio «peregrino, romero»: don Pedro Perez abbat d’Olloqui Er[r]umessa capellano en 1243. Para lander, Andere Landerra, Irache 1164, Pero Landerra de Chauarri, 1286, etc."

sábado, 16 de marzo de 2019

Latroaran toponimoa

Arabako Murua herriko izena, XVIII. mendeko lekuko bakar baten bitartez ezaguna, G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburukoa:
"LATROARAN, 1717, labrantío de Murua."
Toponimoak bi zati ditu, azkena ezaguna dena, haran izena, baina lehenengoa ez. Baina blog honetako beste toponimo asko bezala, oinarrian antroponimo bat du eta kasu honetan ez da euskarazkoa, izan ere Latro latin jatorrikoa delako. Hala ageri da P. Salaberriren Euskal deiturategia. Patronimia liburuko 209. orrialdean:
"Latro (comes Latro nomine, 1131, Goñi, 178; comes Latro, 1134-1150, ibid., 186); Ladron (el compte Ladrón [= comite Latrone, 1135, Goñi, 193]; Ladron Mochorro, Eraul, 1176-1178, Irantzu, 225; Ladron de Guebara, Segura, 1335, D.Sal., 13). Kajantok (1982 [1965]: 267, 324) ‘rapacious, thieving’ ideia adierazten duten izenekin sailkatzen du Latro, hots, Ef(f)ractor, Eripius, Raptor... eta abarrekin. Irigoienek Lapurdo, Lapurdi-rekin erlazionatzen du Latro, Latroni, Latrone eta orain herrialde izena dena Ilurdo, Ilurdi-rekin (ikus sarrera hau).
Latronis: Beila Latronis (Ladrón de Guevara-ren eta Teresa-ren semea, Omaetxebarriak [1957: 116] dioenez)."
Beraz Latro + haran > Latroaran toponimoa aspaldian sortua eta duela hiru mende bizirik zegoena.

Lakide toponimoa

Baranbioko mendia bada. XX. mendeko bi iturriren bitartez ezaguna zaigu toponimo hau. Lehenengoa G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburukoa:
"LAQUIDE, colina de Barambio."
Beste lekukoak Federico de Barrenengoaren Onomástica de la Tierra de Ayala 2 Toponimia (Términos):
"LAKIDE. —Monte al NO. de Baranbio (617 metros), entre Katxabaso (E.) y Portalandieta (O.), en la divisoria con Orozko, Bizk. —Arroyo. Baranbio."
Erdi Aroko euskal antroponimian bazen Lakide izena eta hori litzateke egokiena, aldaketatik ez da behar.
Horrela jarri zuen Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan Lakide izenari buruzkoa:
"386. —Lakide nombre medieval de persona (var. Alaquide, Ulaquide): Laquida (1402, Bilbao), Laquidiola (Laquiola), tal vez Laquistegui, Laquitegui."
Antroponimoak ez du lekuko ugari utzi baina toponimian oraindik geratzen dira leku izen batzuk  Lakide oinarria dutenak, Baranbioko hau bezala.

martes, 12 de marzo de 2019

Likindioste toponimoa

Toponimo honen lekuko zaharrik ez dago, bildu diren biak XX. mendekoak direlako. Lehenengoa G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburukoa da:
"LIQUINDIOSTE, labrantío de Los Huetos"
Beste lekukoa José Antonio González Salazar-en Cuadernos de toponimia 5. Vitoria / Gasteiz liburukoa da, Otobarren / Otogoien herriei buruzko toponimoak biltzen dituenean:
"21. —Liquindioste"
Elementuen banaketa egin eta Likindi- + oste izango lirateke. Oste  'atze' ezaguna da sartaldeko euskaran eta hasierako zatia iluna litzateke. Baina euskal antroponimian bada izen bat oso antzekoa, egitura bera duena, nahiz eta bokaletan diferentziak izan. Antroponimoa Lakendi litzateke, Lakindi eta Akendibar toponimoetan egon daitekeena.
Likindioste toponimoan bokal asimilazio erabatekoa gertatu da antroponimoan, a-e-i > i-i-i bilakaera izan delako. Ziurrenik hori ez zen urrats bakar batean gertatu eta horren lekuko bat bada, José Antonio González Salazar-en aipatutako liburu beran, herri berberean bazen beste toponimo bat:
"103. —Alto Lequendi"
Alto Lequendi erdarazkoa litzateke baina honek bokalen bilakaeraren tarteko urrats baten berri ematen digu: *Lakendi > *Lekendi > *Likindi.
Dirudienez, herri hartan izango zen toponimo bat, *Lakendi, forma bereko antroponimoan oinarritua. Gero, bi toponimo sortuko ziren, beharbada lehenago euskarazkoa, eta ondoren erdarazkoa. Behin antroponimoaren lotura galdu, aldaketak gertatzen hasi ziren, eta ematen du erdal toponimoak bilakaeraren tarteko egoera bat islatzen duen bitartean, euskarazkoak azken urratsa betea zela, Likindioste toponimoa emanez.

Akendibar toponimoa

Akendibar Galdamesko (B) toponimoa da. Bi ikertzaile aritu dira toponimo honen azterketan, A. Irigoien eta Fernando Palacios. Azken honen tesian informazio ugaria bada toponimo honen gainean. Baina lehenago Irigoienen analisia, bere “Las lenguas de los vizcainos: Antroponimia y toponimia medievales” laneko iruzkina:
"51. "Akendibar barrio y peñascos de Galdames", pop. Kandibar con segundo elemento ibar ‘vega, valle’, seguramente aplicado a un antiguo antropónimo".
Fernando Palaciosen tesian iruzkin etimologikoez gain, lekuko zahar batzuk ere badaude, tesiaren izenburua Lengua e historia del Asón al Cadagua: (épocas prerromana y romana):
"41. Akendibar (Galdames)
«Barrio y peñascos» (Sasía, 1966).
«Entre el vulgo se oye la forma Kandibar» (Sasía, 1966: 90a). En documento de 1489 se nombra a Pedro de Aquendeybar, vecino de Sopuerta (Documentos Castro, 1996: 69). En Iturriza, 2: 596, un escrito con fecha de 29 de abril de 1874 nombra el barrio de Aquendibar.
Irigoyen, «Vizc. Ed. Med.», 1986: 224a ve un segundo elemento ibar «vega, valle», «seguramente aplicado a un antiguo antropónimo».
Antes de conocer el documento del siglo XV pensaba yo que fuera posible que en la primera parte nos halláramos ante aken «garrapata mayor» (Retana, que lo da como voz vizcaína; no aparece en Orotariko, 2), con lo que traduciríamos «vega de las garrapatas», algo que por otra parte no dejaba de resultar desconcertante cuado menos, pero después de conocer la forma Aquendeybar no me quedan dudas acerca del bilingüismo presente en el NL, con el esp. Aquende apocopado y el vasc. ibar, significando “vega de este lado”, con la sintaxis propia del eusquera. Aquende, de aquén de < *accu hinc, sustituyó a la preposición latina citra “en esta parte de, a este lado” (Penny: 221)."
Nahiz eta F. Palaciosek proposatzen duen etimologiarako inolako aldaketaren beharrik ez izan, toponimoa bitxia litzateke, gehiago garai hartarako. Hori dela eta azalpen zailago baten alde egin behar, Irigoienek proposatu zuen bezala. Berak antroponimorik eman ez bazuen ere, badirudi egokiena Lakendi izango zela. Beraz, Lakendi + ibar > *Lakendibar sortuko zen eta gero, herri etimologiaren bitartez, toponimoa aldatu zen hasierako zatia berrinterpretatuz, gaztelaniazko aquende buruan zutela. Gogoratu behar da toponimoa Bizkaiko Enkartazioetan zegoela, eta han erdara bazen aspalditik, hizkuntza muga han zegoelako. Horrela, toponimoa euskaraz sortua izango zen eta gerora, erdararen eraginez aldatua. Fenomeno hori behin baino gehiagotan gertatu da, euskal toponimoak aldatzen zirela erdarak nagusitasuna lortzen zuenean.
Lakendi antroponimoaren jatorria latinean bilatu beharra dago, Placentius izenetik hain zuzen, hala adierazi zuen Mitxelenak, behin baino gehiagotan. Blog honetan bada toponimo bat, Lakindi, Lakendi antroponimotik sortua, inolako elementu gehigarririk gabe.
Hau guztia hipotetikoa da, bi azalpenak posibleak direlako eta soilik lekuko askoz zaharrago batek erantzuna eman zezakeen, baina horrelakorik ez dagoen bitartean, Lakendi + ibar egitura izateko aukera bada. Oztopoak ez liratzeke gaindiezinak.

sábado, 9 de marzo de 2019

Blog berri bat, Onomástica vasca

Duela gutxi beste blog bat hasi dut, Onomástica vasca izenburua duena, blog honetako mezuak gaztelaniara itzuliak.

Andre antroponimoaz, laburpena

Azken aste hauetan Andre antroponimokoaz aritu gara eta mezu honetan laburpena izango da, ez dira dauden guztiak, baina daudenak badira.
Bi multzo nagusi egin ditzakegu, Andre eta atzizki edo izenlagun batekin agertzen diren antroponimoak eta Andre eta beste antroponimo bat elkarturik diren antroponimoak. Lehenengo multzokoak dira Andrekina izenarekin sortutako Andrakina toponimoa. On izenlagunarekin sortutako Andraon edo Andreon hainbat toponimotan agertzen da: Andraonaena, Andreonaga eta Androndegi toponimoetan. Bestelakoa litzateke Andraso antroponimoa, -so atzizkiaz osatutakoa baita. Eta multzo honen azkena, Txandre antroponimoa, hipokoristikoa egiteko hasieran tx- ezarria.
Azken multzokoak dira, Andre + PI egitura dutenak. Lehenengoa Andran(t)sa litzateke, Antsa antroponimoa elkartua: Andransakorta, Andransamendi eta Andransolo toponimoetan. Auria-rekin Andrauriakorta toponimoa. Bita izenarekin Andrenita ustezko antroponimoa aztertu genuen *Andrebitalarraina toponimoa utzi ziguna. Andra(g)ota antroponimoarekin, bigarren elementua Gota, Andraotoleta toponimoa. Legundia izenarekin Andrelendia antroponimoa aztertu genuen. Lopa izenarekin, Andralopa toponimoa. Mantzia-rekin Andremaintza toponimoa. Milia izenarekin,
Andramiliamadura toponimoa. Nafarra izenarekin, Andranafarrasagasti toponimoa. Oneka izenarekin, Androneka toponimoa. Eta, azkenik, Zuri-rekin, Andrazuri toponimoa.
Bestelakoak dira Andramortu toponimoa, ondoan mortu izena duena, elementu ez ohikoa toponimoetan, eta bukatzeko, Aundiara toponimoa, anderauren izen eratorriarekin sorturiko toponimoa.

martes, 5 de marzo de 2019

Aundiara toponimoa

Aundiara, Baztango toponimoa da. Hiru lekukoren bitartez ezaguna da, zaharrena, 1726. urtekoa Anderauena. Ondoren, 1884. urtekoa da Aineira. Azkenik, Aundiera, 1994. urtekoa.
Analisi etimologikorako egokiena, ohi bezala, zaharrena litzateke, Anderauena. Oinarrian, antza, anderauren izena izango genuke, eta bukaera aldean, -(r)en + -a, ohikoa etxe izenetan, jabegoa adierazteko.
Anderauren izenaren bi esanahiak, OEHaren arabera: "1. Joven dama; dama, señora (principal).
2. Camarera, doncella".
Nahiz eta antroponimoa ez izan, anderauren hitz zaharra andre izenaren eratorria bada, andera- 'and(e)re' + guren.
Toponimoari dagokionez, anderauren + -(r)en + -a > *Anderaurenena > Anderauena bilakaera haplologiaren ondorioa da, silaba berdinak edo oso antzekoak batuak gertatzen direlako.

Txandre antroponimoa

Oiartzungo testu zaharren artean badira Txandre izeneko emakume alargun baten aipuak. Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) liburuaren 1. agirian, 1499. urtean agertzen dira lekukoak, beti Chandre idatzia, 130. or. bi aldiz, 140. eta 141. or. behin.
Antroponimo hau hipokoristikoa izango zen, eta txikitasuna erakusteko baliabideen artean bada /tx/ fonema erabiltzea. Horrela, blog honetan aztertutako *Txendoa izena, Txendoa eta Txendonea toponimoak azaltzeko erabilia, sendo hitzetik sortua: sendo > *txendo > *Txendo.
Txandre izenean ez dago s- > tx- bilakaerarik, hipokoristikoa egiteko hutsetik ezarri ziotelako tx- hasiera, *Txalaman antroponimoari bezala, oinarria Alaman antroponimoa zelako. Txalamanenea toponimoaren sortzailea izateagatik sortua, beste inon agertzen ez delako.
Beraz, oinarria Andre izango zen, eta afrikatuz jarri ondoren Txandre sortu zen, Erdi Aroaren bukaeran Oiartzunen bizi izan zen hipokoristikoa.

domingo, 3 de marzo de 2019

Androndegi toponimoa

Azkoitiko baserrien artean bazen Androndegi izenekoa, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan aipatua, Etxaosta mendi ballarako baserrien artean.
Lekuko zaharrik gabekoa, baina egitura nahiko gardena du, Andraon + -tegi. Ugariak dira -tegi duten toponimoak eta ez dira gutxi oinarrian antroponimo bat dutenak. Oraingoan Andraon izango litzateke, hainbat toponimoren sortzailea, adibidez, hemen aztertutako Andraonaena toponimoa bezala.
Bi aldaketa fonetiko gertatu dira, batetik ao > o bokal fusioa da, eta bestea t > d horzkariaren ahostuntzea, aurrean sudurkari bat zuelako. Ez du askoz gehiago erakusteko, baina bada Andraon antroponimoaren beste lekuko toponimiko bat gehiago.

Andranafarrasagasti toponimoa

Toponimo hau hiru lekukoren bitartez ezaguna da. Lekuko horiek bi liburutan agertzen dira, Erdi Aroko agiriak biltzen dituztenak. Lehenengoa Colección Diplomática del Concejo de Segura (Guipúzcoa) (1290-1500). Tomo II (1401-1450) liburua da eta han dagoen lekukoa Juan Sanches de Andranafarrasagasti, 94. agiria, 1402. urtekoa da. Beste liburua da Documentación Municipal de la Cuadrilla de Salvatierra: municipios de Asparrena y Zalduondo (1332-1520), honetan bi lekuko daude: Miguell de Andranafarrasagasti eta Pedro de Andranafarrasagasti, 43. agirian, 1516. urtean.
Andranafarrasagasti toponimoa Idiazabalgoa izango zen, hangoak direlako aipatzen diren hiru gizonak. Dirudienez ez dago lekuko gehiagorik eta, beraz, ez da gure egunetara heldu.
Analisia egiteko ohiko banaketa egin eta andra-nafarra-sagasti eskuratuko genuke, ziurrenik *Andranafarra antroponimoa eta sagasti izena. Azken hau ezaguna da euskal toponimia eta baita egungo hizkeran ere, baina antroponimoa, antza, ez da bildu orain arte. Nafarra gentilizioa izan daiteke, Nafarroakoa, baina antroponimoa ere izan zen, beste etnonimo asko bezala. Horrela, Libro Padrón de la Hacendera Raíz de la villa de Lequeitio (1510-1556), 1510-1566. urteen arteko Lekeitioko testu luze bat biltzen duen horretan, Nafarra de Amezketa izeneko emakumea agertzen da hiru aldiz: Nafarra de Amezqueta; Nafarra de Amezquetta, biuda eta Nafarra de Amezqueta, hija de Martin de Amezqueta. Eta beste batean Nafarra izeneko beste emakume bat ere aipaturik dago: "Yten, la meytad de las casas de Çareca que obo por la legitima de Nafarra, su muger". Beraz, argi geratzen da Erdi Aroaren bukaeran bazela Nafarra emakume izena.
Blog honetako beste antroponimo batzuk bezala, Andramilia, Andralopa, edo Andra(g)ota, izen elkartua zen, lehenengo elementua Andre litzateke (edo Andra, sartaldeko euskaraz) eta bigarrena antroponimo bat. Kasu honetan nafar etnonimoan oinarritutakoa.