martes, 28 de septiembre de 2021

Txerraun antroponimoa

Antroponimo hipokoristiko hau behin bakarrik aurkitu dugu Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) liburuko 1. agirian, 1499. urtean, 104. or.:

E estimaron el mançanal de Cherraun de Orosco ser tierra de çient e sesenta pies de mançano.
Lekuko bakarra izateak badu alde arazotsu bat, ezin ziur izan lekuko bakar horren benetako eiteaz, jakinik, ahoskatuko zenetik inprimatuta egotera urteak igaro direla eta prozesuan okerrak ager zitezkeela. Lekuko bakar horrek azalpen agerikoa edo erraza izango bazuen, arazoak gutxiagotuko ziren, baina ez da hori, Txerraun, bakarra da eta bitxia.
Izena ontzat emanez gero, analisia etimologia saiatzeko ordua da. Horrek esan nahi du izena bazela, ez zen inolako arazorik gertatu izena entzuteko, idazteko, transkribatzeko. Gainera, gizon hori Orozkoko herrikoa omen zen, Oiartzunetik ez hurbil, eta horrek eragina izan zezakeen izenaren transmisioan.
Txerraun izenak Txerran hipokoristikoaren antza oso nabarmena du, baina badu bokal bat gehiago, /u/, azaltzeko erraza ez dena. Hemen proposatuko den bilakaera hipotetikoa da baina ez du urrats ezinezkorik edo erabat arrunta ez dena. Oinarrian Txerran hipokoristikoa genuke, eta ondoren -on atzizkia, ziurrenik. Blog honetan bada -on atzizkia duena izen bat, Estebanungo, hain zuzen. honek, gainera, -ko atzizkiaren gehiketa ere izan zuen.
Urrats hori eginik eta *Txerranon izango genuke, ondoren sudurkari disimilazio bat gertatuko zen eta bietatik bat geratuko zen, azkena zegoena: *Txerraon. Azken urratsean bokala aldatu zen. Agian disimilazioagatik: ao > au. Bestela on > un bilakaera ezaguna da Gipuzkoako inguru horretan, gizon hori bertakotua bazen, izenean egokitzapenen bat izatea ez litzateke ezohikoa.
Bilakaera osoa hauxe litzateke: Txerran + -on > *Txerranon > *Txerraon > Txerraun.
Txerran antroponimoa ezaguna izan zen euskal lurretan eta lekuko toponimikoren bat ere utzi zuen, Txerren toponimoa bezala.

viernes, 24 de septiembre de 2021

Txerren toponimoa

Txerren Zumarragako baserri baten izena da.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

TXERREN (prop.) Zumarraga
Toponimoak interpretazioak izan ditzake, nahiz eta biak loturik izan. Ezaguna da txerren hitza dela, Txerran antroponimo hipokoristikotik sortua. Txerren, Orotariko Euskal Hiztegian:
txerren.
etimologikoa
Etim. Del nombre de persona Cherran 'Fernandito'.
1. (V-ger-ple-och-gip, G-azp; Zam Voc ), txerran (V-ple), txarran (V-ger-arr). Ref.: A (txarran, txerren); A Apend (txerran); Iz UrrAnz, ArOñ ; Elexp Berg (infarnu).
Diablo, demonio. (En los ejs. se encuentra como nombre común y nombre propio). [...]
2. (V, G). Ref.: A; Iz UrrAnz, ArOñ. .
Malvado, malo. "Malvado, traidor" A, que cita a Apaolaza. " Txerréna, [...] se aplica también a personas muy malas" Iz UrrAnz. "Txerréna isatia, ser malo" Iz ArOñ. .
Beti oi da etxe bakoitzean txerren bat! Apaol 111. Idazkaria, txerrena bai-zen (demonioa), itzal ta aienatu zen. Bera EEs 1916, 175....
Hitz horren jatorria, OEHan adierazten den bezala, Txerran antroponimoan dago, honakoa da Mitxelenaren Nombres vascos de persona laneko sarrera:
Txerran Dim. de Hernan(do): Cherran de Gamboa, muerto en 1440 en una pelea de banderizos cerca de Bilbao, etc. Se emplea actualmente en una zona del dialecto vizcaíno con penetración en la de habla guipuzcoana, en dos formas txerran, txerren, «como nombre propio del diablo» (Azkue). Casos parecidos son Matxingorri (lit. «Martinito el rojo») «palabra empleada para el diablo en el Goyerri «guipuzcoano», J. Gárate PV 13, 222, e (inpernuko) Patxi lit. «Paco (el del infierno)», etc.
Beraz, bi aukera daude toponimoa azaltzeko, txerren izen arrunta edo Txerran antroponimoa. Azken kasu honetan bokal asimilazio bat izan zela onartu behar dugu, baina hori ez da oztopo handia, jakinik txerren hitzean gertatua dela. Normalean pertsona izenak oso ohikoak dira etxe izenak egiteko. Baina toponimo honetan lagungarria litzateke bere historia ezagutzea, beharbada horrela aldaera zaharren bat eskuratuko litzateke, edo toponimoaren izendapenaren arrazoia.

Urdieta toponimoa

 Urdieta Zuiako erreka-zuloa, sakana da. Badago lekuko bat, XX. mendearen bigarren erdialdekoa, G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburuan:

URDIETA, monte y arroyo en Altube.
Beraz, lekuko zaharrik ez dago eta hori arazo bat da toponimoaren etimologia emateko orduan. Hemen aurkeztuko dena egokia da Urdieta izenerako, eta lekuko zaharragoak eskuratuz gero, izena aldatu bada, etimologia bera aldatu beharko litzateke, zati batean edo guztiz.
Urdieta toponimoak bi elementu lituzke, urde + -eta. Urde ez da oso ohikoa toponimian baina ez ezezaguna, horrela, Bizkaiko Urdaibai toponimoa. Animalia izenak ez dira toponimoetan oso ugariak, are gutxiago -eta atzizkiarekin loturik, baina horretan ere, batzuk badira, Akerreta edo Listorreta toponimoak bezala.
Toponimo honek aldaketa bakarra jaso zuen, etimologia hau ontzat harturik, ee > ie bokal disimilazioa, hau ezaguna da, Etxeita toponimoa etxe + -eta delako.

miércoles, 22 de septiembre de 2021

Usoa antroponimoa

 Erdi Aroan ezaguna izan zen antroponimo emakumezko hau. Horrela, Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian aipatua da Usoa antroponimoa:

Usoa
Gutxienez XVII. mende arte bizirik egon zen euskal izena. Iruñean aurkitu dugu lehen aldiz, XIII. mendean (Ussoa femina). XVI-XVII. mendeetan bizirik zegoen artean Orion (Gipuzkoa).
Lekuko bat gehiago dago, zeharkakoa bada ere, XVIII. menderako, Bizkaian. Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburutik jaso da lekuko hau:
Usoa [N, NO]
Ussoa (Pedro de) [Torre_de_Abajo (la caseria de)] [Zollo (feligresia de)], Arrancudiaga, a.1745, FogVizcayaMs.
Dirudienez, aipatzen den Usoa Pedroren ama izan zitekeen, edo beharbada lehenago finkaturik zegoen, agian aspalditik. Ezaguna da zenbaitetan amaren izena eraibili ohi zela deitura bezala.

Urdanitibar toponimoa

 Urdanitibar Oiartzungo zubia da.
Toponimo honen lekuko zaharrak Oiartzungo toponimia liburutik jaso ditugu, 307. or.:

Urdanitibar. Baserria, parajea.
Toponimo baten eboluzio bitxia da. Alde batetik, XIX. mendearen erdialdera arte Urdanitibar izeneko baserri bat zegoela argi dagoela dirudi (1591, ZEA 215.19; 1696, OUA B/5/1/2 “paraje llamado dela casa de Urdanitibar”; 1768, AChV4 “Iten en la jurisdicción de la casa de Urdani/tibar”; eta 1857, nomenklator). Data horretatik aurrera Urdanitibar etxea desagertu zen eta bere ordez Urdaniturri azaldu zen (1857, OUA B/3/II/1/1; 1883, OUA B/3/II/9/5; 1910, OUA B/3/II/37). Baina baserriak izenez aldatu duen bitartean, ubideak eta zubiak izena gorde dute. Laburtuz, Txikierdiko leku honetan honako toponimo hauek aurkituko ditugu:
Ursanitibar, baserria. Urdanitibarrerreka, ubidea. Urdanitibarzubia, zubia.
Toponimoaren duela bostehun urteko izena Urdanitibar zen. Bi elementu aurkitu ahal dira, Urdaneta eta ibar. Biak loturik arazorik gabe Urdanitibar sortuko zen, aldaketa bakarra bokal asimilazioa genuke e-i > i-i. Zalantzarako lekua lehenengo zatiari dagokio. Urdaneta toponimoa azaldu dugu eta sarrera hartan urdan- 'urdain' hitza alde batera utzi eta hondar + -eta proposatu genuen. Oiartzungo toponimorako ere egokia izan liteke, jakinik toponimoak zubi bat izendatzen duela eta hauen behean ura dagoela, normalean ibai bat. Toponimoaren kokapenaren azterketa bat beharbada hemen plazaratutako hipotesia berresteko ala ezezteko izan liteke, baina leku hauetan aldaketa handiak izan dira gizakiaren eraginez, aspaldian zuten ezaugarriak ezabatzeraino.

sábado, 18 de septiembre de 2021

Ondarroa toponimoa

 Ondarroa Bizkaiko itsasertzeko udalerria da, Lea-Artibai eskualdekoa.
Lekuko zaharrenak Euskaltzaindiaren EODA datu-basetegitik eskuratutakoak Ondarroa izenaz:

hondarroa - (1256 [1991)
ondarroa - (1325/11/03)
ondarroa - (1327/09/28 [1785])...
Lekukoetan ez dago aldaketa handirik baina esanguratsua izan daiteke lehenengoa, hasperena duena.
Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan bi aldiz arduratzen da toponimo honetan besteen teoriak aipatuz:
61.— a(h)o «boca»: Iturrao, Lasao, Ugao y posiblemente Ibatao, Zarraoa (Zarraua); Iturriza (394) explica el top. Ondarroa (Vizc.) por Ondar-ahua «boca de arena». Caro Baroja (Mat. 94-95) cree que algunas veces es var. de -ano, como en Sestao (Sextanu), cosa perfectamente posible: cf. Galdácano, pop. Galdakao, etc. Sobre nombres de partes del cuerpo (aho, bu(r)ar, sabel, ukaondo, ukarai, etc.), véase FLV 3 (1971), 264 s.
472. — -oa. [...] Es conocida la teoría de Azkue que ve en -(k)oa un suf. con el sentido aproximado de «territorio» en denominaciones geográficas como Aezcoa (a(i)etz «aezcoano»), Amezcoa, Guipúzcoa (giputz «guipuzcoano») y Ondarroa (p. ej. en Aezkera, 8).
Bi teoriek arazo batzuk dituzte, hondar + aho balitz, *Hondarrao izan beharko litzateke, azkeneko bi bokalen hurrenkera aldaturik. Bestela, -(g)oa atzizkiak herriak baino lurraldeak izendatzen ditu, gainera oinarrian etnonimoa izan ohi da: giputz, aetz...
Toponimo honen arazo nagusia azken elementuan dago, hasierakoa hondar omen da, oztoporik gabe. Irtenbide bat izan liteke arro hitza erabiltzea: hondar + arro. Biak batuz gero, eta artikulua gehitua Hondarroa sortuko zen, haplologiagatik oinarriaren azken zatia eta bigarren elementuaren hasierakoa batuko lirateke, berdintsuak direlako. Fenomeno hori ohikoa da, Berasagasti toponimoan bezala, Beraxa + sagasti elementuez osaturik badago.

Gazeaga toponimoa

 Gazeaga toponimoa sartaldekoa da, bildu diren hiru lekukoak eremu horretakoak direlako. Gautegiz-Arteagan baserria da, Arrasaten baserria eta erreka eta, azkenik, Zornotzan daude Gazeagabekoa eta Gazeagagoikoa izeneko baserriak.
Bizkaiko bi toponimoen lekuko zaharragoak Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan daude:

Gaceaga [N, TO]
Gaceaga (la casa de) [Boroa (cofradia de)], Amorebieta, a.1796, FogVizcayaMs.
Gaceaga (la caseria de), Gautiguiz de Arteaga, a.1641, FogVizcayaMs.
Gaseaga (la casa de) [Boroa (cofradia de)], Amorebieta, a.1704, FogVizcayaMs.
Gazeaga (la caseria de) [Boroa (cofradia de)], Amorebieta, a.1745, FogVizcayaMs.
Gaceaga_Beazcoa (la casa de) [Canala (uarrio de)], Gauteguiz de Arteaga, a.1799,
FogVizcayaMs.
Gaceaga_Ueazcoa (la casa de), Gauteguiz de Arteaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Gazeaga_Ueascoa (la casa de) [Gauteguiz (uarrio de)], Gauteguiz de Arteaga, a.1704,
FogVizcayaMs.
Gazeaga_Veazcoa (la caseria de), Arteaga, a.1745, FogVizcayaMs.
Gazeaga_Gojeazcoa (la casa de) [Canala (uarrio de)], Gauteguiz de Arteaga, a.1799,
FogVizcayaMs.
Gazeaga_Gojeazcoa (la caseria de), Arteaga, a.1745, FogVizcayaMs.
Gazeaga_Goxeascoa (la casa de), Gauteguiz de Arteaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Gazeaga_Goxeascoa (la casa de) [Gauteguiz (uarrio de)], Gauteguiz de Arteaga, a.1704, FogVizcayaMs.

Gaceaga [N, NO]
Gaseaga presuitero (don) (Pedro de), Ybarruri, a.1704, FogVizcayaMs.
Gaseaga uezino de esta anteiglesia (Francisco de), Gauteguiz de Arteaga, a.1704, FogVizcayaMs.
Gazeaga (Francisco de) [Urizar_Andicoa (la casa de)] [Gauteguiz (uarrio de)], Gauteguiz de Arteaga, a.1704, FogVizcayaMs.
Gazeaga uiuda (Maria de), Larrabezua, a.1704, FogVizcayaMs.
Gaçeaga (Juan de), Gautiguiz de Arteaga, a.1641, FogVizcayaMs.
Zornotzako Gazeaga toponimoaren lekukoak berdintsuak dira, ezberdintasun bakarra txistukaria da, <s> eta <c> agertzen direlako. Lehenengo lekukoa, aldiz, nabarmentzekoa da, garzeaga delako, 1658. urtean. Ondorengo lekukoak XVIII. mende hasierakoak dira eta ez da berriro dardarkaria agertuko. Baina horrek zalantzarako lekua uzten du, lekuko hori zuzena bada, ezin da berdindu besteek izango suten analisiarekin.
Arrasateko lekukoak lehenagokoak dira, XVI. mendearen bukaerakoak, Arrasateko toponimia liburuan bilduak, 128. or.:

Toponimoak ez du aldaera ugari erakutsi, txistukarian s/z alternantzia eta e/i bokal alternantzia, etimologiarako inportante ez direnak.
Toponimoak hiru elementu lituzke, gatz + -tza + -aga. Aldaketa bakarra bokal disimilazioa izan da, aa > ea, fenomeno automatikoa sartaldeko euskaran. Amatea toponimoa ere disimilazio horren ondorengoa litzateke, oinarrian Amata antroponimoa izan bazen.
Gatzaga toponimoak ezagunak dira euskal lurretan, baina Gazeaga ezberdina da, tartean -tza atzizkia dagoelako.

viernes, 17 de septiembre de 2021

Iburreta toponimoa

 Iburreta toponimoa Zumarragan dago, han desagertutako bazter-auzo bat izendatu zuen eta bi toponimo eratorriren sortzailea izan zen, biak baserriak eta biak aurrietan edo desagerturik daude: Iburretaazpikoa eta Iburretagarakoa.
XVII. mende hasierako lekuko zahar bat dago Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan dago, 1625. urte ingurukoa, Zumarragako etxeen zerrenda ematerakoan, Iburreta aipatu zuen.
Toponimoa Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan agertzen da, eta baita ere bere aldaera zaharragoa izan daitekeena, Ibiurreta:

312. — (h)ibi «vado» (v. ubi, s.v. u-): Ibia, Ibieta (acaso de (h)ibai), Ibiri, Ibiricu, Ibiurreta (Iburreta); Arribi, Arribiondo, Astibia, Oñativia, Zaldibia, etc.
Mitxelenak ibi izenaren eratorrien artean sartu zuen Iburreta, Ibiurreta zaharrago batean jatorria izango zuena, ondorengo zatia azaldu gabe utziz. Sarrera honetan ez dugu ibi erabiliko toponimoa azaltzeko, baina aukera ere badago tartean izateko, ondoren erakutsiko den bezala.
Toponimoak hiru elementu lituzke, ur + bihur + -eta. Agerikoa da aldaketa batzuk gertatu direla. Ziurrenik hasierako toponimoa *Ubihurreta izango zen, u- 'ur' ohikoa delako kontsonante aurrean. Ondoren bokal asimilazioa gertatu, u-i > i-i, baina beste azalbide ere posiblea da, ezaguna da ur hitzaren eratorri batzuetan i- bihurtzen dela, esaterako Iberondo toponimoan ur + bero + ondo egitura genuke, eta honetan ez da asimilaziorik gertatu baina u- > i- bilakaera izan da.
Lehenago aipatu bezala, ez da ezinezkoa ibi izatea, ibi + bihur + -eta izanik, haplologia gertatuko zen, hau da, bi silaba berdinak edo oso antzekoak direnean bat galtzen da eta, ondorioa Ibiurreta ere izango zen.
Beraz hasierako elementua ur ala ibi izan daitezke, alderdi fonetikotik bietan gertatutako aldaketak ohikoak dira eta alde horretatik oztoporik ez zen izango. Beharbada toponimoaren kokapena aztertuz, zalantzarik ez zen izango, baina toponimo hauek, ur ondoan izanik, oso aldatuak izan dira mendeetan zehar.

Azurtza toponimoa

 Azurtza leku izena behin baino gehiagotan agertzen da Gipuzkoan. Elgetan baserria da, herrian bertan badago Azurtzaerrenteroa baserria. Eibarren aurkintza bat da eta, azkenik, Eibar eta Elgeta artean badira bi toponimo, Azurtzako mugarria eta Azurtzako zabala.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

*AZURTZA (2 viv.) (pr. y desh.), Elgeta
Baina toponimo honen lekuko zaharrenak Erdi Arokoak dira, Archivo Municipal de Elgueta (1181-1520) liburuan daude, izena apur bat aldaturik.
9. agirian, 1339. urtean:
... que ouiessen por término fasta Larrasole e de ende fasta el sel de Asurça e dende fasta la agoa de Arreta e dende fasta los mojones de Yrraegui...
22. agirian, 1430. urtean:
... sobre los montes e términos de Yraegui e de Unbehe que son en Ego, entre las macoas que se llaman de Yraegui e entre los çerros de Arregoz e de Pagabiarte e de Arrolas e entre el sel de Asurça...
24. agirian, 1431. urtean:
... entre las macoas que se llaman de Yraegui e entre los çerros de Arregoz e de Pagabiarte e de Arrolas y entre el sel de Asurça...
26. agirian, 1431. urtean:
... entre el sel de Asurça avaxo fasta el dicho lugar de Pagabiarte, e dende los çerros ayuso fasta Otaola...
Lekuko zahar hauek berdinak dira eta, beraz, Asurza litzateke aztertzeko hitza. Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan toponimo honetaz aipua badago:
125. — azur «hueso» (vizc., otras variantes (h)ezur, ronc. enzur): Asurcia, Asurduy, Asurmendi; Azurmendi, Azurza; Amechazurra. Muy dudoso, sobre todo porque a y s aparecen fuera de la zona de habla vizcaína: top. Asurmendi, monte de Roncal, Asurdi, monte de Ituren. Resulta preferible como base asuri «cordero», como propone A. Irigaray (BRSVAP X, 102). Como generalmente se emplea la forma expresiva axuri, el punto de articulación de la sibilante original está mal determinado en el nombre vasco del «cordero».
Toponimoaren aldaera zaharra kontuan hartuta, azur 'hezur' ezin izango litzateke. Asuri/axuri hitza izan liteke, baina txistukaria ere oztopoa izan daiteke eta, gainera, animalia izena eta -tza atzizkia ez da gertaera ohikoa. Arazo hori, baina, ez litzateke izango oinarrian asun hitza badago, asur- eratorpen aldaerarekin, Asurdi toponimorako  proposatutakoa Azurtzarako ere egokia izan liteke. Bilakaera ezaguna da, asun > asur- (cf. jaun eta jauregi) + -tza > Asurtza > Azurtza. Azken urratsean txistukari asimilazioa gertatu da, fenomeno ezaguna euskaran, cf. sinetsi < zin + etsi...

martes, 14 de septiembre de 2021

Beretersagasti toponimoa

 Toponimo honen lekuko batzuk daude, Erdi Arokoak, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuan. Guztiek izen bera badute ere, ez da gizon bera agertzen hiru lekukoetan, urteen hedapena handiegia da horretarako. Lehenengo lekukoa 8. agirian, 1399. urtekoa da, Juan de Beretersagasti. Ondorengo bi agiriak urte berekoak dira 46. agirian 1504. urtean Juan de Berete/(sagasti) eta 47. agirian, 1504. urtean Juan de Beretersagasti. Lekuko toponimiko hauek Legorreta eta Ordiziakoak dira, Ataundik hurbil.
Lekuko berriago bat dago, 1625. urte ingurukoa, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan dagoena, Legorretako etxe izenak zerrendatzerakoan, Berete Sagasti aipatu zuen. Horrela, toponimoa Legorretan kokatzeaz gain, toponimoaren Beretesagasti aldaera beharbada ez da huts bat, ezaguna da hitz batzuek, dardarkaria bukaeran dutenak, fonema hori galtzen dutela eratorpenenan. Horrela, hamar hitzaren eratorrietan hama- dugu: hamabi, hamabost. Amabizkar toponimoan ere hamar izan liteke, baina ez da ziurra. Beraz, bereter + sagasti > Beretesagasti izatea ez litzateke anomalia bat.
Toponimoak bi elementu lituzke, alde horretatik oso izen gardena da, bereter eta sagasti. Azken hau oso izen ezaguna da eta toponimian lekuko ugari utzi ditu, blog honetan aztertutako Erregiasagasti toponimoa bezala.
Hasierako hitza bereter da, eskualde horretan egun ez da ezaguna baina garai batean izan zen eta toponimo horrek erakusten du. Handik ez urrun, Bereterbide toponimoa dago, Tolosan. Beretersagasti toponimoa Legorretakoa zen eta horrek berresten du hitza, aspaldian, ezaguna eta erabilia zela Gipuzkoako alde horretan.

Totasoro toponimoa

 Ataungo baserri honetaz lekuko bakarra dago, XX. mendeko bigarren erdialdekoa, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

TOTASORO (desh.) San Martin ballara, Ataun
Toponimoa dagoen bezala erraz analizatzekoa da, bi elementu lituzke, oinarrian Tota antroponimo emakumezkoa eta bigarren elementua soro hitz arrunta litzateke, toponimian oso ohikoa. Tota antroponimoak aztarren ugari utzi ditu Erdi Aroko euskal antroponimian, baita toponimian ere, eta aztarrenetako bat litzateke blog honetan aztertutako Totamendi toponimoa.
Tota antroponimoaz, Mitxelena Nombres vascos de persona laneko zatia:
Dota, Tota Toda: ama dota, Dota munoco, Tota Çauala Iranzu, Tota Chiquyrra, Tota de Muniain Pampi. 1350, dim. Totacoje (-je = xe) RS 306, traducido por Totica. La forma con la sorda interior conservada es naturalmente frecuente en fechas más antiguas: andre tota semenoyz, Tota de Biota Arigita, La Asunción de la Santísima Virgen y su culto en Navarra 19 n., año 1181.

Eguneraketa (2024-03-22):
Toponimoak lekuko gehiago baditu, baita toponimo eratorri batzuk, Totasorobarrena, Totasoroko bordea eta Totasoroko oilategia. Toponimo hauek daude Euskaltzaindiaren Ataungo toponimia sailean, Totasoro sarreran:

Totasoro
Totasoo: (= sembradío argomal). 1619 “dos heredades en el término de Ydoiçabal llamado Totasoro”. 1631 “pieza sembrada…en el Termino llamado Otasoro”. 1732 “obra de cantería…en la casa Borda de Totasoro”.

Totasorobarrena
Totasoo barrena: (= el término inferior de Totasoro, sembradío argomal). 1816 “argomal de “Toasoro barrena”.

Totasoroko bordea
Totasooko bordea: (= la borda de Totasoro).

Totasoroko oilategia
Totasooko ollateie: (= el gallinero de Totasoro). Fue construido en 1889.
Lekuko zaharrena Totasoro (1619) da. Bide batez, paragrafo horretan ematen den azalpena Otasoro aldaeran dago oinarritua, baina kontuan izanik lekuko zaharragoak eta berriagoak, hobestekoa da Tota + soro egitura eta sarreran eskainitako etimologia.

sábado, 11 de septiembre de 2021

Txikitoena eta Txikitokua toponimoak

 Txikitoena izeneko baserri batzuk badira Bizkaiko hainbat herritan, Maruri-Jataben, Mungian, Gernika-Lumon eta Arratzun, Lezaman, Durangon eta Iurretan.
Gipuzkoan, bada Mutrikun Txikitokua izeneko baserria, XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

TXIKITOKUA (prop.) Mijoa ballara,
Oinarrian txikito hitza dago, lekukotza ez handia utzitakoa euskal testuetan:
txikito.
1. Chiquito, chaval (usado en vocativo).
Ama ta aita nun dira, txikito? Muj PAm 76. Maitasuna omen dek / biotzaren lana. / Ortan lasai, txikito, / gezurra dek dana. Zendoia 203.
(Empleado como sobrenombre).
Anton Amure oidi saiatzea / Txikito bengatutzera. EusJok 105. Txikito de Aia pizkorra da oso / berak pentsatzen dunian. Ib. 111. Txikito erdi denboretan erretiratu egin zan plazatik. Albeniz 85.
Ikus daitekeenez bezala, izen arrunta da, baina izengoitia ere izan zitekeen, eta etxe izen batean azken aukera hori onargarriena litzateke.
Hitza gaztelaniaz zein euskeraz sor zitekeen, chico + -ito egitura genuke erdaraz eta euskaraz txiki + -to. Baina ematen du hitza mailegatu dela, ez aspalditik.

Txaxitxo antroponimoa

 Antroponimo hipokoristiko hau behin baino gehiagotan agertu da Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) liburuko  1. agirian, 1499. urtekoa, 16. or.:

E la casylla de Chaxicho de Avrela con la tierra de çinco pies de mançano poco más o menos, dos millares pequennos
Liburu beraren agiri berean, 22. or.:
El canpo que tiene entre su casa e la casa de Chaxicho de Avrela...
Liburu beraren agiri berean, 31. or.:

En la casa de Chaxicho de Mendiarayn...
Emakume bera baina izen apur bat aldaturik, liburu beraren agiri berean, 35. or.:
... donde tiene asentada su casa Chaxecho de Mendiarayn...
Liburu beraren agiri berean, 38. or.:
E el suelo que fue de Michel de Macuso e Chaxicho de Lecuona, su muger...
Liburu beraren agiri berean, 39. or.:
La tierra qu’es en fuera de las casas de Juanes de Çuasnabar y Chaxicho de Yeroa fasta la tierra de Estevania de Lertavn...
Azkenik, emakume bera liburu beraren agiri berean, 42. or.:
E la casa de Chaxicho de Yeroa con el su suelo estimaron vn millar pequenno e medio [...]
... el camino rreal que va de Samarguindeguia a la casa de Chaxicho de Yeroa...
Antroponimoaren oinarrian Txaxi hipokoristikoa genuke, Grazia antroponimotik sortua. Txaxi antroponimoaz informazio eta lekuko gehiago Txaxiki antroponimoaren sarreran dago.
Atzizkia, ikus daitekeenez bezala, -txo da, oso ohikoa eguneroko hizketan eta baita antroponimian ere.
Aipagarria da Txaxiki, Txaxiko eta Txaxitxo antroponimoak inguru berean lekukotu direla, Oiartzun aldean, dirudienez, han Txaxi 'Grazia' antroponimoak erabilera nabarmena izan zuen, eta ondoren izen horren eratorriak agertu ziren.

viernes, 10 de septiembre de 2021

Txaxiko antroponimoa

 Antroponimo hau behin agertu da, Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) liburuko 1. agirian, 1499. urtekoa, 193. or.:

La casa Chaxico de Liçarraga estimaron en dos pequennos e medio.
Antroponimoaren oinarrian Txaxi hipokoristikoa genuke, Grazia antroponimotik sortua. Txaxi antroponimoaz informazio eta lekuko gehiago Txaxiki antroponimoaren sarreran dago. Txaxiko izenaren azken elementua -ko atzizkia da, Otxoko toponimoan Otxoko hipokoristikoa dago, Otxoa antroponimoaz eta -ko atzizkiaz sortua.

Txaxiki antroponimoa

 Antroponimo hau behin agertu da, Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) liburuko 1. agirian, 1499. urtekoa, 56. orrialdean:

E la casa de Miquele [...] Su suegra, Chaxiqui Valençoa, nueve millares pequennos.
Antroponimoaren oinarrian Txaxi hipokoristikoa genuke, Grazia antroponimotik sortua. Liburu berean bi aldiz agertu da, batean Txaxia bezala, 1. agirian, 1499. urtekoa, 64. or.:
E Chaxia de Marti Yrady e su marido, vn millar grande
Bestea, Txaxi bezala, 3. agirian, 1520. urtean:
Yten, la casa de Chaxi Larçaval, vn pequenno:
Salaberrik bere Izen ttipiak euskaraz liburuan Txaxiren hainbat ale dakartza, 171. or.:
Grazia -> Txaxi: Chaxi de Aranaztegui (Andoain, 1475, Le. & Ta., 1996, 19, 65. or.), Chaxi de Mendibelcua (Mutriku, 1504, Fdez. & Mont. & He., 2007, 57, 128), Chaxi (Ber., 1547; Del Valle, 1933: 179-180 = Doña Gracia). Etxalarko Xaxinea oikonimoan haren aldaera zatekeen Xaxi genuela dirudi.
Txaxiki izenaren oinarria Txaxi dago eta atzizkia -ki da, Otxoki toponimoaren sarreran Otxoki hipokoristikoa dago, Otxoa antroponimoaz eta -ki atzizkiaz sortua.

martes, 7 de septiembre de 2021

Txantxillitxot antroponimoa

 Izen hau behin aurkitu dugu, Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) liburuko 3. agirian, 1520. urtean:

Yten, la nueva obra de Gueraçia de Chanchillichot, que antes estava pequenno e anadyeron medio pequenno: I pequenno medio
Antroponimo hau hipokoristikoa litzateke, Geraziaren aitaren izena edo izengoitia, ziurrenik. Toponimoa ere izan zitekeen, baina antroponimotik eratorria. Oinarrian *Txantxo genuke, Santxoren hipokoristikoa. Ondoren, dirudienez, hiru atzizki erantsi zioten *Txantxo-ri: -illo + -txo + -ot. Beraz, bilakaera osoa hauxe izango zen: Santxo > *Txantxo + -illo > *Txantxillo + -txo > *Txantxillotxo > *Txantxillitxo + -ot > *Txantxillitxot? Eraketa konplexu honetan aldaketa bat gertatu da, bokal asimilazio bat i-o > i-i: *Txantxillotxo > *Txantxillitxo. Hori kontuan izanik izena osorik azalduta geratuko zen.

Txantonekoa toponimoa

 Errenteriako etxe honetaz lekuko gutxi batzuk daude aurreko mendeetan, baina egun toponimo hori ez dago bizirik.
Txantonekoa etxearen lekukoak:

Chantonea Casa JCM, p. 297
Chantonecoa Casa 1721 ASE fº. 115 vto.
Chantonenea Casa 1832 ASE fº. 192
Hiru lekuko daude eta hirurak ezberdinak dira. Baina oinarria aldatu gabe dago eta hau da Txanton antroponimo hipokoristikoa, Anton izenetik sortua. P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan bada, 58. or.:
Anton (Anton Koko ‘Antonio el arriero’, Euskaldunak, 142) -> Txanton: Chanton (Ber., c. 1550, Del Valle, 1933: 179), Txanton Piper (Garoa, 288), Txanton Pipir (Euskaldunak, 102).
Ez da toponimo hau Txanton duen bakarra, blog honetan Txantonsolo toponimoa aztertua izan zen, oinarrian ere Txanton duena.

sábado, 4 de septiembre de 2021

Txarba antroponimoa

 Erdi Aroko antroponimian bi aldiz agertu da izen hipokoristiko hau, Bata Bizkaian, Colección Documental del Archivo Municipal de Durango. Tomo I liburuko 1. agirian, 1426. urtekoan: Ochoa Charba d'Erçila.
Bestea Gipuzkoan, Documentación medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. III. 1320-1520 liburuko 33. agirian 1478. urtekoan: Martie Charba.
Izenaren kokapenagatik argi geratzen da izengoitia zela.
Lekuko gutxi badira ere, bi probintziatan lekukotzeak adierazten du hipokoristikoa hedaturik zegoela. Bilakaera bakarra gertatu zaio, hasierako kontsonantea, herskaria sabaikaritu da, b- > tx- bilakaera izan da, beraz: Barba > Txarba. Barba antroponimoa gutxi batzuetan agertzen da Erdi Aroan. Toponimo bat, gutxienez, ezagutzen zaio, Barbasagasti toponimoa.
Antroponimo horri gertatutako aldaketa ohikoa da, hipokoristiko bihurtzeko, esaterako, Txeru toponimoan Txeru hipokoristikoa dago, Peru antroponimotik sortua.

Totamendi toponimoa

 Totamendi izeneko tontor bat dago Donemiliagako herrian, Araban. Lekuko zaharrik ez dago baina, aldaketarik gertatu ez bada, toponimoa erraz aztertzekoa da, Erdi Aroko antroponimia ezagututa.
Toponimoak bi elementu lituzke, Tota antroponimo emakumezkoa eta mendi. Azken hau hitz arrunta da baina Tota ez da hain ezaguna, aspalditik galdu zelako. Euskaltzaindiaren EODA onomastika basean informazioa dago Tota antroponimoaz:

Tota
Izen usua Erdi Aroan. 842an Antso Gartzeitz erregearen emaztea honela deitzen zen. 1111n Leiren agertzen da ('Tota, filia de dona Auriola') eta 1254an Iruñeko Nabarreria burguan. XIV. mendean maizxko aurkitzen dugu Nafarroan. Aldaera: Dota. Honen Totakoxe hipokoristikoa, Totica itzultzen dena, 1596ko Refranes y Sentencias-en ageri da.
Totamendi toponimoaren bitartez beste lekuko bat gehitzekoa da, hau toponimikoa, eta Arabako lurretakoa.

viernes, 3 de septiembre de 2021

Armora toponimoak

 Armora toponimo hutsa behin baino gehiagotan aurkitzen da euskal toponimian, batez ere Araban eta Gipuzkoan. Araban, Armora izeneko aurkintza bat dago Aiaran. Aramaion tontorra da eta aurkintza bat Legution eta Zigoitian. Azkenik, Gipuzkoako Legazpi herrian erreka eta tumulua da. Azken hau esanguratsua da, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, hauxe da harmora:

1. Muro, pared.
2. Montón de piedras, almora; túmulo.
Lekuko toponimiko hauek osatzen dute hitz honen lekukotza, blog honetan aztertuak izan dira hitz hori duten toponimo batzuk, Armoriagako erreka toponimoan, azalpen luzea dago harmora hitz gutxi ezagunaz eta Almortza eta Almortzategi toponimoetan *almortza hitz eratorriaren lekukoak aztertzen dira.

Egozkue toponimoa

 Egozkue Nafarroako herri bat da, Anue udalerrikoa.
Mikel Belasko Nafarroako toponimia nagusia aztertzerakoan, toponimo honetaz ere arduratu zen, bere blogean dago informazio hori, Egozkue sarreran:

Significado. El nombre está compuesto de -kue (variante de gune `lugar' en composición) y un primer elemento no identificado.
Comentario lingüístico. Normalmente los nombres compuestos de gune (o sus variantes -gue o -kue) van acompañando a nombres comunes; Gascue "lugar de sal", Echagüe "lugar de casas"... Sin embargo en el vasco actual es desconocido un sustantivo egotz. Sí es conocido en cambio egotzi 'arrojar, derribar, echar, hundir...' de donde "lugar donde se arrojan cosas", "despeñadero". Ejemplos de gune sufijando a un verbo en el diccionario de Lhande: lot-gune de lotu 'atar'. Además xaiskune `muidera' en roncalés.
Existe un barrio llamado Egozkue en Beruete (Basaburua).
La relación con egozko 'espadaña' propuesta por Julio Caro Baroja no parece acertada.
Traducciones curiosas y explicaciones populares. Traducciones de este género son: "lugar de salicarias", "lugar de espadañas", 'límite o extremidad de la vertiente', "lugar hacia el sur".
A. Campión relacionó el nombre de la localidad con la voz vasco que significa "ala" y por extensión "falda, ladera de montaña".
Documentación antigua. Egazcue (1532, NEN); Egozcue (1268, 1280, 1350, 1366, 1591, NEN); Eguozcue (1278, NEN); Goycue (1280, NEN).
(Mikel Belasko; 1999: pp. 171).
Toponimoak hiru elementu lituzke, hego + -tz- + gu(n)e, azken hau gune ezagunaren aldaera, bokalarteko sudurkaria galdu duena. Erdiko atzizkia -tze (edo -tza) izan liteke, eta hasieran hego + -tze elkartuko lirateke *hegotze sortuz, ondoren, gu(n)e batzerakoan, oinarriko hitzak, hiru silabakoa izanik, azken bokala galduko luke, elementu bat gehiago eranstean: hegotz- + gu(n)e > *Egozkue. Aipatutako bokalaren galera fenomeno ohikoa da, cf. itsasgizon < itsas- 'itsaso' + gizon.