viernes, 31 de octubre de 2025

Paterretxe toponimoa

 Paterretxe da Oñatiko bi etxeren izena. Izendegi ofizialean ez dago lekuko zaharrik, agertzen direnak XXI. mendekoak izan daitezke.
XX. mendeko lekukoak daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

PATERETXE (prop.) Olabarrieta auzoa, Oñati
PATERETXE (desh.) Uribarri auzoa, Oñati
PATERETXE (SAN LORENZO) (prop.) 1568 Uribarri auzoa, Oñati
PATERETXE (PADERETXE) (pr.) Zubillaga auzoa, Oñati
Bitxia da baina herri bakarrean lau etxe ziren Paterretxe izena zutenak. Aipagarria da dardarkariaren grafia, beharbada *pater-etxe bezala ezagunak izan ziren eta horrek erakutsiko luke toponimoen elementuak aski argiak zirela duela mende erdiko hiztunentzat, oinarrian pater dago, padar hitzaren aldaera eta bukaeran etxe hitz ezaguna. Padar hitza Galdakaoko Padarrola toponimoan dago, askoz lekukotza zaharragoa duena.

Padarrola toponimoa

 Padarrola da Galdakaoko bi toponimoren oinarria, Padarrolabekoa baserria eta Padarrolako trokea erreka-zuloa, sakana. Izendegi ofizialeko lekukoak nahiko berriak dira, XX. mende bukaerakoak, padrola beko (1986), padróla bekoa (2002). Padrola aldaeraz gain, Padraola ere jasoa da, behin baino gehiagotan.
Lekuko zaharrenak Relación toponímica general de Galdácano lanean daude, biak dira XVII. mende hasierakoak:

Padarrola-Celay 1601
Padrola 1638
Azken lekuko hori zuzena bada, sinkopa nahiko zaharra da. Hala ere, jatorrizkotik hurbilena edo, kasu honetan, berdina, lekuko zaharrena da, Padarrola. Toponimo honek bi elementu ditu, bukaeran ola hitz ezaguna toponimian eta oinarrian ia ezezaguna den hitza, padar:
padar.
Etim. De a. cast. frad(r)e (SHLV 476).
1. (V-arr-oroz-m-gip; Mg PAbVoc, Añ (V), Izt 59r), pader (G; Aq 589 (G)), pater ( msOch 319), fadar (V-gip), fader (Lcc, Lar Sup, Hb, H), faer (V-gip). Ref.: A (padar, pader); Garate 2.ª Cont RIEV 1933, 100; Iz ArOñ (faer, fadar).
Ermitaño. "Monje" Lcc, Lar Sup. "Ermitaño" Lcc, Añ. "Anacoreta" Añ. "Moine, religieux" H.
Nire oe, antxinako eremutar ta padarrak gogor ta iguingarrijagorik euki ez ebeena. Mg PAb 74. Katu padarra ta eiztariak. Zav Fab RIEV 1907, 536. Non da Peru padar (padarra, el solitario) koblakaria? Ag AL 30. Bauset-ko padarra. Or Mi 102. Ez dabe padarrak ur otza baño artzen. Ibarg Geroko 57. Gudari, ikasle ta padarrek berebiziko iazkera oi darabilte. Zait Plat 61. Padarra. Onaind MEOE 723 (tít.).

2. "En lides peligrosas, el lugar seguro. En los toros, el burladero. Padarretik zezenak ikusi" Etxba Eib.
Hitza euskararen sartaldean erabili zen eta Galdakaoko lekuko honek hitzaren lekuko zaharrenen artekoa da eta agian padar aldaeraren lekuko zaharrena izan daiteke. Aldaera honetan, gainera, eR > aR bilakaera gertatu zen, sartaldeko euskaran batzuetan gertatzen den bezala.
Hitza ondoko erromantzetik jaso zen eta han antroponimoa ere izan zen, Villafrade toponimoak erakusten duen bezala.

miércoles, 29 de octubre de 2025

Antxotoneko borda toponimoa

 Antxotoneko borda da Nafarroako Itsaso herriko etxola bat. Badira beste hiru toponimo eratorri, Antxotoneko bordaldea, Antxotoneko atakako euntzea eta Antxotoneko bordaldeko bidea. Toponimo nagusiaren lekuko zaharrena XVIII. mende hasierakoa da eta besteak askoz berriagoak:

anchotorena, casa (1702)
antxotoneko borda (1997)
Antxotoneko Borda (2019)
Toponimoan aldaketa handirik ez da izan, bukaeran genitiboa eta artikulua daude eta oinarrian antroponimo bat, *Antxoto. Antza denez, ez da oso izen ezaguna, ez da jaso, esaterako, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan. Hala ere, antroponimoa erraz analiza daiteke, hipokoristikoa da, bukaeran -to atzizki txikigarria dago eta oinarrian Antxo dago, hau Antsoren hipokoristikoa, edo besterik gabe, aldaera.
Beraz, Antxotoneko borda toponimoari esker, *Antxoto antroponimo hipokoristiko ezezaguna aurkitua izan da eta oraingoz, dagoen lekuko bakarra aztertu den toponimoa da.

Antxikopeña toponimoa

 Antxikopeña da Orotz-Beteluko mendi bat. Lekukoak XX. mende bukaerakoak dira:

anchicopeña (1971)
antxikopeña (1996)
Antxikopeña (2019)
Lekuko zaharren artean Antxikorena etxe izena aipatzen dute, XVIII. mendeko lekuko bat aurkeztuz, anchicorena (1779). Bi toponimoen arteko lotura proposatzen dute eta agerikoa da oinarri bera dutela. Antxikorena toponimoan artikulua eta genitiboa daude eta oinarrian Antxiko antroponimo hipokoristikoa Antxikoa toponimoen oinarria dena, Araban eta Bizkaian. P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan agertzen da, 125. or.:
Antxiko (Antxo): Anchico de Vnzella (Aramaio, 1499; Bazán & Martín, 1999: 33).
Antxikopeña toponimoaren bigarren elementua peña da, gaztelaniatik jasoa. Beraz, Nafarroako bi toponimo hauek gehitu eta lau dira Antxiko antroponimotik sortu diren toponimoak, Hego Euskal Herriko hiru lurraldetan.
Azken ohar bat Antxiko izenaren egitura, Salaberriren arabera Antxotik sortua da, hau Santxoren aldaera da eta aukera bada Santxiko antroponimo hipokoristikotik sortzeko, aldaketa bakarra txistukarien disimilazioa da, Antxo aldaeran gertatutako aldaketa bera.

lunes, 27 de octubre de 2025

Kaperoenea toponimoa

 Kaperoenea zen Donostiako baserri bat, egun desagertua. XIX. eta XX. mendeetako lekukoak daude Donostiako toponimia bilketa lanean:

KAPEROENEA: Caperonea (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Capoene (1860, D.U.A.-D-7-1-P.), Capuene o Caperoene (44) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Capoene (1864, Casa de labor, N.P.G., 65 orr.); Kapuene (1989, D.U.T.B.). 64-14-2, M. H-4.
Azkenik, lekuko zaharrago bat dago, XVIII. mendearen bukaerako  Proyecto de erección de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, Caperoene.
Toponimoak 200 urte baino gehiago iraun du aldaketarik jaso gabe eta oso egitura ezaguna du, bukaeran artikulua, aurrerago genitiboa eta oinarrian, jabearen izena, izengoitia, batzuetan bere lanbidearen izena. Horrelakoa izango zen hau ere, oinarrian kapero hitza dago, Orotariko Euskal Hiztegian ez dago baina capero, gaztelaniazko hitza bada:
capero
De capa.
    m. Eclesiástico que en iglesias catedrales, colegiales y otras asiste al coro y al altar con capa pluvial, por días o semanas, conforme a los estatutos.
    m. cuelgacapas.
    Sin.:
        perchero, percha1, cuelgacapas.
Euskaraz bada hitz oso antzeko bat, kapagin, Kapagiñenea eta Kapaginerreka toponimoetako oinarria baina eraketa berdintsua bazuten ere, gaztelaniazkoa eta euskarazkoa oso ezberdinak ziren, bata elizako kontua zen eta bestea esku langile bat.

Valdeguimelle toponimoa

 Valdeguimelle da Gaubea udalerriko erreka-zuloa, sakana. Izendegi ofizialeko lekukoak XX. mendearen erdialdetik hasten dira eta hiru dira lekukotutako aldaerak, Valdeguimella, Valdeguimelle eta Valdeguimelli. Gainera, urte hauetan jasotako beste lekuko bat dago, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

VALDEQUIMELLE, término de Viallanueva.
Ezberdintasun nabarmena dago baina izendegi ofizialeko berrogei lekukoetan behin ere ez dago <q> grafemadun aldaerarik eta, beraz, akatsa baino ez da. Blog honetan behin baino gehiagotan agertu da toponimo honen egitura bera, val + de + X, Valdejordán bezala. Toponimoa erdaraz sortu zen eta val hori valle 'haran' hitzaren aldaera laburtua da, ondoren de preposizioa dago eta azkenik, antroponimo bat, latin jatorrikoa, antza. I. Kajantoren The Latin cognomina liburuan bada oso egokia dena: Gemel(l)us 75. 295.
Erdi Aroan ere erabili zen, Becerro gótico de Cardeña liburuan jasorik dago bere ondorengoa, XXVI. agirian, 1012. urtekoan:
DE MOLINO DE RIVO DE BENA
In Dei nomine—Ego Gimel, Memerabyo, Galindo, Falcone, Dolquiti et Maria Rosca, Mikael, Munnio Beilaz, Maria de Belasca...
Toponimoko antroponimoak gorde zuen hasierako belarea, egungo gaztelaniazko gemelo hitzean ez bezala.

viernes, 24 de octubre de 2025

Perrategi toponimoa

 Perrategi da Tolosako etxe bat. Gainera, Iruran bada Perrategiko barrutia. Tolosako baserriaren XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan, Santa Luzi ballaran:

PERRATEGI (prop.)
Toponimoaz gain, deitura ere bihurtu zen eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendearen lekuko bat dago, Tolosakoa:

Herri berekoak izanik, litekeena da toponimoa eta deitura bera izatea. Lau mende baino gehiago igaro badira ere, toponimoa ez da aldatu, izan ere, hitz elkartu bat dugu eta duela hamarkada batzuk arte jende guztiak ezagutu zuen hitza eta esanahia, ferrategi, nahiz eta Orotariko Euskal Hiztegiko sarrera oso laburra izan:
ferrategi.
(B), perrategi (B).
" Ferratei, perrategi, donde se hacen herraduras. Aita ferrateian dago. Goazen ferrateire " Izeta BHizt.
Hitz elkartu honek bi elementu ditu, ferra izenaz gain, -tegi atzizkia, oso ohikoa etxe izenetan. Ferrategi hitzaren lekukotza oso berria da, XX. mendekoa eta Tolosako lekukoak hiru mende baino gehiago aurreratuko luke bere agerpena.
Ferra hitzetik sortutako beste hitz bat ferratzaile da, Perratzallene toponimoan dagoena. Bi toponimoetan hasierako fonema /p/ da, /f/ jatorrizkotik egokitua.

Irabaneta toponimoa

 Irabaneta da Gipuzkoako hiru herritako toponimoa, hiruretan baserriak dira, Elgoibar, Mendaro eta Mutrikuko herrietan. Elgoibarko baserriaren lekuko zaharrena Irabaneta da, 1857. urtekoa. Izen bera gorde du azken mende t'erdian. Mendaroko lekuko zaharrena XIX. mende erdialdekoa da, Irabaneta (1857); geroztik ez du aldaerarik. Azkenik, Mutrikuko lekukoak XX. mende bukaerakoak dira eta Irabanate eta Irabaneta izenak agertzen dira.
Elgoibarko beste lekuko bat dago, XX. mendekoa, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan, Arriaga (San Antolin) auzoan:

IRABANETA (col.)
Mutrikuko baserriaren lekukoa ere bada aipatutako liburuan:
IRABANETA (prop.), Ibiri ballara
Toponimo hauetan bi elementu daude, bukaeran -eta atzizkia eta oinarrian hitz elkartu bat, ireban, ira eta *eban 'ebaki' hitzez sortua, Iraban, Iraeban eta Ireban toponimoetan bezala.
Aipagarria da Elgoibarren eta Mutrikun Garaban toponimoak ere badirela, gareban hitz elkartuarekin sortuak, hau da, garo + *eban. Bitxia da, ira eta garo sinonimoak dira, baina bi herri horietan ireban zein gareban erabili direlako. Beharbada bi herri horietan hitz bat erabiltzen zen eta gerora bestea hedatu zen, baina horretarako lekuko zaharragoak beharrezkoak dira, Irabaneta toponimoen lekuko zaharrenak XIX. mendekoak direlako.

miércoles, 22 de octubre de 2025

Ubarburu toponimoa

 Ubarburu da Astigarragako baserri bat eta Astigarragako eta Donostiako industrialdea. Izendegi ofizialeko baserriaren lekuko zaharrena XIX. mende erdialdekoa da, Ubarburu (1857). XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

UBARBURU (3 viv.) (prop.)
Toponimoa zaharra da eta izena, oro har, ongi ulertzen da baina hasierako bokala ezberdina da, Ubarburu ikusten duenak Ibarburu uler dezake, ibar eta buru hitzekin. Azaltzeko geratzen da ezberdintasuna eta litekeena da asimilazioa gertatzea, Uruburu toponimoan bezala, lekuko batzuetan Uriburu agertzen da eta hori izango zen toponimo jatorrena. Interesgarria da ikustea toponimo argi baten aldaketa, beharbada asimilazioaz gain izan zen beste zerbait toponimoa aldatzen laguntzeko, baina oraingoz ezin jakin.

Gabesia toponimoak

 Ataungo toponimia web gunean bilaketa egin eta Gabesia dago hiru toponimotan:

Gabesia
Gabesie: (= el corral de setos para pernoctar). Se acoge a él el rebaño de ovejas del pastor de Alleko.

    Izaera: eskorta
    Kokalekua: Urrinokoiz
    Erreferentzia: 17. karp. 028. zk. 7239 erreg.

Gabesia
Gabesie: (= el cercado de seto donde pernocta el rebaño de ovejas). Desde muy antiguo propiedad de la casa Mendiurkullo.

    Izaera: itxitura
    Kokalekua: Marumendi
    Erreferentzia: 15. karp. 181. zk. 6735 erreg.

Gabesingo haitza

Gabesingo aitze: (= la peña aspera de gau-esain, cerco para pernoctar).

    Izaera: haitza
    Kokalekua: Aralar
    Erreferentzia: 25. karp. 135. zk. 10067 erreg.
Joan Arin Dorronsororen analisia zuzena izan daiteke eta, beraz, toponimoetan gau-hesi hitz elkartua izango genuke. Orotariko Euskal Hiztegian ez dago eta, beharbada, inguru horretako hitz sorkuntza da, herri mailan edo erabilia. Edonola ere, hitz elkarketaren adibide ederra da eta, bidebatez, /u/ bolakaren kontsonantizazioaren adibide bat, gabon hitzean bezala. Bilakaera hau ez da askotan gertatzen eta horrexegatik interesgarria da.

lunes, 20 de octubre de 2025

Atxarola toponimoa

 Atxarola zen, Auñamendi entziklopediaren arabera, Trapagarango aurkintza bat, XIX. mende bukaeran:

Término de Valle de Trápaga-Trapagaran, Bizkaia [1893].
Lekuko gehiagorik ez dagoenez, sarrera honetan aurkeztuko den analisi etimologikoak mugak baditu, alde batetik, toponimoaren kronologia, berantiarra eta beste aldetik, lekuko bakarra da eta horrek esan nahi du arazoren bat izan bada toponimoaren transmisioan litekeena da ez antzematea. Hala ere, toponimoa zuzena izan daiteke, okerrik gabe eta mendeen joanak beharbada ez du aldatu. Beraz, ziurtasun maila altuagoa izateko, lekuko gehiago eta zaharragoak beharrezkoak lirateke.
Toponimoak bi elementu izango zituen, bukaeran ola 'etxola; burdinola' izen arrunta, oso ohikoa toponimian. Hasierakoa, antroponimoa izan liteke, Otsandola toponimoan, esaterako, Otsando antroponimoa dugu. Atxarola toponimorako Azeari proposatuko dugu, Asinarius latinetik mailegatutako eta egokitutako antroponimoa, azeri izen arrunta ere sortu zuen. Txistukaria afrikatua erka daiteke Atxirika toponimoarekin, Azeariren hipokoristikotzat har genezake bi toponimoetan dagoena, nahiz eta tarteko bokala ezberdina izan.

Jandrome toponimoa

 Jandrome da Gatikako tontor bat. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrena XIX. mende erdialdekoa da, monte de Jandure chiquerra (1862). Izen hau oso ezberdina da geroko jasotakoarekin, XX. mendearen bukaeratik Jandrome agertzen delako. Bi izen daude eta lekuko zaharragorik agertzen ez den bitartean, Jandrome izango da aztertzekoa. Jandure, ziurrenik, kakografia da, gaizki idatzi edo irakurritako izena. Jandromeren hasiera gogorarazten du Jandisolo toponimoarena, azken honetan Jaundi antroponimoa bazen, Jandromerenean Jaun Romae izan liteke, Irigarai eta Mitxelenaren Nombres vascos de persona lanean agertzen den bezala:

Tarteko /d/ horzkaria izan daiteke nr bilketaren ondoriozkoa, cf. Endrike 'Henrike'. Beste aukera bat izan daiteke beste elementu bat: Jaun done Erromae. Baina honek laburketa handia beharko zuen, done hitzaren fonema guztiak, hasierakoa izan ezik, galtzeraino.

viernes, 17 de octubre de 2025

Erromansoro toponimoa

 Arabako toponimo honen lekuko bakarra dago, XVIII. mende hasierakoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan dago:

ERROMANSORO, 1708, labrantío de Vicuña.
Toponimoa, lekuko bakarra bada ere, aski argia da, bi elementu ditu, bukaeran soro izen arrunta, toponimian oso ohikoa eta oinarrian Erroman antroponimoa dago, Irigarai eta Mitxelenaren Nombres vascos de persona lanean aipatua da:

Euskaraz gertatu den egokitzapen bakarra izan da protesi bokalikoa. Roman antroponimoa aspalditik ezaguna da euskal lurretan, XVI. mendeko lekuko ugari daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta Araban izan zuen harrera ikus daiteke:
Lekuko honek erakusten du Araban ere ezaguna izan zela Erroman antroponimoa eta bere eratorri toponimikoen artean sartzekoa da Erromansoro.

Nabarrola toponimoa

 Nabarrola da Etxalarko aurkintza bat. Toponimoaren lekuko zaharrenak XVIII. mendekoak dira eta aldaera sinkopatua agertzen da:

navarla (1725)
navarla (1760)
nabarrola (1997)
Toponimoa egun aurkintza bada ere, lehenago etxola edo burdinola izan zen, bukaerako ola izenak erakusten duen bezala. Hasierakoa nabar adjektiboa izan daiteke, izengoiti bihurtua edo, besterik gabe, antroponimoa. Alfonso Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburuan lekuko ugari daude:
3.262. NAUARR, NAUARRA, azkenengo hau emakume-izena: Arnalt Nauarr, (1366, PN-XIV, F.Pamp.-Mont., 542 orr.), en las Ruas Nueuas del Mercado (en el Burgo de Sant Cernin), Iruñean; Pero Nauarr, (1366, PN-XIV, F.Est., 627 orr.), Mendauia-n; Johan Nauarr, (1330, PN-XIV, F.Est., 276 orr.), Liçagorria-n; Nauarra, (1366, PN-XIV, F. Est., 610 orr.), Esteilla-n.
Ikus XII eta XIII mendeetarako NAVAR eta emakume-izen moduan NAVARRA: Navar, eta abar (testes francos Stelle), (1175, El gran Pr. Nav., dok. 47); don Navar el tendero, (1233, El gran Pr. Nav., dok. 248); ego Giraldus migo et uxor mea dompna Navarra, (1153, El gran Pr. Nav., dok. 24); dona Navarra la muiler de don Fortunio Arceiç de Çuloeta, (1195, El gran Pr. Nav., dok. 80); Navarra, (s. XIII, El gran Pr. Nav., dok. 108). Ikus PARDO.
Ezin da baztertu Nabarro antroponimoa izatea, Nafarroako erdarazko gentilizoan oinarritua, Iratxeko agirien artean agertzen dira Nauarro faber 252. agirian eta Nauarro, capellano 388. agirian.
Zalantza bera dago Zakarrola toponimoan, bukaeran ola dago baina oinarrian zakar zein zakarro hitzak ager litezke, izengoiti bihurturik.

miércoles, 15 de octubre de 2025

Estebeerreka toponimoa

 Gipuzkoako toponimo honek lekuko bakarra utzi digu eskura, Andoain, de tierra a villazgo (1379-1615) liburuan dago lekuko hori, 350. orrialdean agertzen da, 1585, urteko agiri batean.
Lekuko bakarra bada ere, bere analisi etimologikoa oso argia da, bi elementu daude: bukaeran erreka izen arrunta, egun ere oso erabilia eta oinarrian antroponimo bat, Eztebe. Aipagarria da txistukaria, Estebe eta  Estebenea toponimoetan bezala, frikari apikaria delako. Beraz, arazorik gabe adieraz daiteke Hego Euskal Herrian Estebe aldaera nagusi zela eta, beharbada, bakarra.
Irigarai eta Mitxelenaren Nombres vascos de persona lanean Estebe agertzen da eta bizkarkaria XVIII. mendeko lekukoetan agertzen da:

Grajirena deitura

 Grajirena deitura ez da oso ezaguna, baina Nafarroan eta Gipuzkoan du lekuko gehien, Espainiako nazio estatistika institutuaren web-guneko datuen arabera:

Ziurrenik deituraren jatorria toponimo batean dago, oraingoz kokatu gabea, beharbada Nafarroan baina bere egitura beste hainbat euskal toponimoena bezalakoa da, bukaeran genitiboa eta artikulua eta oinarrian antroponimo bat, Garazi, emakumezkoa, Graziaren aldaera, euskal fonetikara egokitua. Grajirena deituraren euskararen arauetan jarriz Graxirena eskuratuko genuke. Txistukari horrek erakusten du Graxi hipokoristikoa izan zela.

lunes, 13 de octubre de 2025

Kasparrenea toponimoa

 Kasparrenea da Debako etxe baten izena eta bazen Donostiako baserri batena, egun desagertua. Izendegi ofizialean ez dago lekuko zaharrik eta daukagun bakarra XX. mende bukaerakoa da, Donostiako toponimia bilketa lanekoa:

*KASPARRENEA: Kasparrene (1989, D.U.T.B.). 64-6-2, M.
Toponimoek hiru elementu zituzten, bukaeran genitiboa eta artikulua eta oinarrian antroponimo bat, Gaspar, errege magoetako bat eta aurreko mendeetan erabilia antroponimo bezala. Euskal Herrian ere ez zen ezezaguna eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendearen hasieratik lekukoak daude:

Nabarmentzekoa da bietan hasierako herskaria ahoskabetu dela, ziurrenik bigarren silabako herskariaren eraginez, g-p > k-p-.
Egun erabat ezohikoa da bere erabilera antroponimikoa baina aurreko garaietan ez zen horrela eta horren adibidea da *Txaspar hipokoristikoa, Txasparrena toponimoaren oinarria.

Elaskolaza toponimoa

 Arabako toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XX. mendearen erdialdekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

ELASCOLAZA, término de la mojonera Salvatierra-Urbia.
Toponimo analizatzeko bi muga nabarmen ditugu, alde batetik lekuko bakarra dago eta nahiko berria da eta horrek esan nahi du sortu zenetik mende batzuk igaro direla, nahikoak aldaketa larriak izateko. Dena den, muga aipatu ondoren adierazi beharra dago toponimoa nahiko gardena dela eta badirudi aldaketa bakarra jasan duela.
Toponimoan hiru elementu izango ziren, bukaeran -tza atzizkia, aurrerago ola izena, oso ohikoa toponimian eta oinarrian Belasko antroponimoa, hasierako fonema galdu duela. Galera hau ez da ezezaguna eta euskal lurraldean adibideak badira.

viernes, 10 de octubre de 2025

Karobi hitza Arabako toponimian

 Arabako toponimian bilaketa egiteko ona da Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburua. Toponimo bilketa handia egin zuen eta batzuetan hitz arrunten bilaketak ondorio interesgarriak eman ditzake. Horrela, karobi hitz elkartuaz sortutako toponimoak bilatuko ditugu. Askoz gehiago izan daiteke, hemen jarri ditugu karobi hasiera dutenak:

CAROBI, término montuoso de Ullibarri Gamboa. Término de Lezama. 1717, labrantío de Munain. Fuente y término de Inoso. Labrantío de Onraita. 1712, labrantío de Vitoriano.
CAROBIA, término de Arcaya. 1596, término de Onraita. 1696, labrantío de Lopidana.
CAROBEA, 1707, término de Arcaya.
CAROBIDEA, 1735, labrantío de Lopidana.
CAROBISAR, término de Elosu.
Karobi hitz elkartua da, kare eta hobi hitzez osatua eta Karobiaga toponimoan Bizkaiko zein Gipuzkoako lekukotza eman genuen. Beraz, hitza sartaldeko hiru lurraldeetan dago eta, Arabako toponimoetan ikusten denez, hitza oso hedaturik zegoen Araban, XVI. mendetik gutxienez.
Toponimo hauetaz, interesgarriak dira Karobea aldaera eta Karobidea. Karobea, antza, Karobiaren berrinterpretazioa litzateke, euskararen hizkera askotan ea > ia bezalako bilakaerak ohikoak dira eta batzuetan hiztunak saiatzen dira ustez gaizki esandako hitzak zuzentzen eta orduan ia > ea bilakaera alderantziz egin eta Karobea asmatu zuten.
Karobidea, aldiz, haplologiaren adibide bat izan daiteke, hau da, bi silaba berdin edo oso antzeko elkarren ondoan jarriz gero, bat galtzen da. Hala gertatu bazen, jatorriz karobi + bide hitzak elkartuko ziren eta Karobidea sortuko zen, beharbada tarteko *Karobibideren beharrik gabe.
Azken lekukoa, Karobisar aipagarria da, txistukarien neutralizazioaren adibidea delako, bukaerako hori zahar delako, ziurrenik.

Lumane toponimoa

 Lumane da Irurako baserri bat. XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan, Anoetako Beko ballarakoa:

LUMANE (prop.)
Toponimoa nahiko iluna da eta, gainera, dauden lekukoak nahiko berriak dira baina aldaketa bat ikusirik, toponimoari dagokion etimologia eskuratzea erraza da. Gure ustez, sudurkari asimilazioa gertatu da eta aurreko egoerara itzuliz, *Lubane berreskuratuko gehuke, luban hitzaren oso antzekoa. Azken bokala leku deklinazioan gehituko zen: Luban-e-ra, Luban-en > Lubane-ra, Lubane-n.
Luban izenaren aldaerak ugariak dira:
luban.
(V-m), lubagan (V-och), lubegan (V-ger-och), lugan (V-arr; -aan V-gip), lueban (V; Lar in Aq 1455), luaban (Lar in Aq 1455), lugaban (H (V)) Ref.: A (lubagan, lubegan, lueban, lugan); AEF 1926, 74; Iz ArOñ (lugaana).
Trinchera; muro de tierra. "Vallado" , "trinchera", "trinchera rodeada de zanja" A. 
Luban hitz elkartua da, oinarrian dago lu-, lur hitzaren eratorpen aldaera zaharra eta ondoren, *eban, ebaki aditzaren erroa. Aldaera guztiak lueban aldaera zaharrenetik sortuko ziren, luban-en /ue/ bokal bilkura soilduko zen.
Hitz elkartu antzekoa da gareban, hasierako elementua garo 'ira' dela, Garaban toponimoetan dagoena.

miércoles, 8 de octubre de 2025

Txikipoto toponimoa

 Txikipoto da Oñatiko sakonunea. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrenak XX. mende bukaerakoak eta izena apur bat ezberdina da, Txikopoto (1992). Horrek zalantza uzten du, txiko hitza euskaraz bazen:

1 txiko.
1. (V; Lar, Izt 21r, Dv (V), Zam Voc). Ref.: A; Etxba Eib .
Potro. "Potro, caballo nuevo" Lar. "Caballito montés" Izt 21r. "Poulain" Dv. "Potro, caballito" A, que cita a fray Bartolomé. " Txikua lezkotxe saltakarixa eta egon ezindakua, saltarín e inquieto como un potro" Etxba Eib. 
Neskiaren, edo andriaren aurrian saltoka, txiko ezi bagako, edo baso asto batzuk dirurijeela. fB Olg 65. Gero beor, beoka, txiko, zaldiakaz, / mula, mando, mandako ta asto ostuakaz. AB AmaE 235. Au ikusirik belarrimotza, abiau zan bera be arrapaladan erbiaren atzian, "arrautzeak" barruan eukiriko txikua edo zaldikumia zalakuan. Kk Ab II 118.
2. "(V-m), voz con que se llama al burro pequeño" A.
[...]
Txikoena eta Txikoleta toponimoen sarreran adiera hori aipatu genuen baina hobesteko hartua izan zen gaztelaniazko chico 'mutil; txiki'. Oñatiko toponimoan txiko euskal hitza ere izan zitekeen, mendiko toponimoa delako, baina gaztelaniazko hitza ahaztu gabe.
Baina Txikipoto hobetsi da eta aldaera hori jatorrena bada, hasierakoa txiki hitza izan liteke, izengoiti erabileran.
Beste elementua ere berezia da, poto hitzaren adieren artean egokiena bosgarrena izan daitekeelako:
5. "La hondonada (entre montes); potoskara bat, poto bat (V-gip)" Iz To 188.
Potoren adiera nagusitik sortuko zen toponimian izateko egokia, areago Oñatikoan, lehenago adierazi den bezala, sakonunea delako.
Toponimo honetan zalantza geratzen da hasierako elementua zehazteko orduan, biak izan daitezkeelako, txiki eta txiko, eta hobekien egokitzen zaizkion adierak aurkeztu ditugu.

Urtinea toponimoa

 Urtinea da Usurbilgo baserri bat.Izendegi ofizialeko lekukoak XX. mende bukaerakoak dira eta egungoa bezalakoa da. XX. mendeko lehenagoko beste lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

URTINEA (prop.) San Esteban de Urdaiaga, Usurbil 
Azkenik, beste lekuko bat askoz zaharragoa bada, XVII. mende hasierakoa, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan jasoa, 1625. urte ingurukoa: Urtia, Usurbil.
Hirurehun urte baino gehiagoko tartea dago eta litekeena da toponimo beraren aldaerak izatea, baina hala ez bada ere, bietako oinarria antroponimo bat da, Urti, Orti hedatuagoaren aldaera eta toponimian ere lekua utzi zuen, Urtisagasti toponimoa bezala.
Antroponimoaz gain, XVII. mendeko lekukoan artikulua izan liteke eta egungo izenean, genitiboa eta artikulua.

lunes, 6 de octubre de 2025

Umabaso toponimoa

 Erdi Aroko toponimo honetaz, beharbada Bizkaikoa, lekuko bakarra dago, Archivo Foral de Bizkaia Sección Municipal. Documentación Medieval (1326-1520) liburuaren 20. agirian, 1464. urtean: Juan Lopez de Umabaso.
Agiria kontuan harturik, gerta liteke Orozko ingurukoa izatea aztergai den toponimoa. Bi elementu izango zituen, bukaerakoa argia da, baso izena egun ere ohikoa da, baina oinarrikoa ez da hain argia. Izan daiteke ume izenaren eratorpen aldaera bat: ume > uma-, baina hemen hobetsiko dugu hipotesi antroponimikoa, Uma antroponimo emakumezkoa Erdi Aroan izan zen eta blog honetan aztertutako toponimo batzuen oinarria izan daiteke, Umabe eta Umagortazarra toponimoak bezala, azken hau Galdakaokoa zen, Orozkotik hurbil.

Untxalonekoa toponimoa

 Untxalonekoa zen Errenteriako etxe baten izena, lekuko bakarra dago, XIX. mendearen hasierakoa:

1828     Unchalonecoa           ASE
Lekuko bakarra bada ere, analisi etimologiko errazekoa da, Errenteriako toponimiaren orrian ematen dute zein izan daitekeen erkatzeko izena, Gontzalonekoa. Toponimoak elementu batzuk baditu eta oinarrian Untzalu antroponimoa dago, gaztelaniaz Gonzalo dena. Dirudienez, *Untxalu aldaera erabiliz. Beharbada hipokoristikoa zen, hau da, izen txikigarria, baina hori ez da ziurra. Onsalua eta Unsalu toponimoetan antroponimo bera dago baina bietan <s> dago.

jueves, 2 de octubre de 2025

Oianume toponimoa

 Oianume da Urnietako baserri bat. XIX. mendekoa da lekuko zaharrena, Oyanume, 1857. urtekoa. XX. mende bukaerako lekukoetan Oianume (1992) eta Oyalume (1992) agertzen dira eta egoerak iraun du gure egunetaraino, Oianume (2007) eta Oialume (2007).
XX. mendeko beste lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan, Ergoien ballarakoa:

OIANUME (2 viv.) (pr.)
Horrela, bada oso antzeko toponimo bat, edo berdina Oialume aldaera harturik, Oialume, Hernaniko auzoa eta Astigarragako Oialumeberri eta Oialumezar izeneko baserrien oinarria. Hiru herriak elkarretatik oso hurbil daude eta gerta liteke toponimo guztiek jatorri bera izatea. Aipatutako sarreran adierazi bezala, bilakaera horrela izan zitekeen: oihan + (g)une > *Oianune > Oianume > Oialume.

Etzabal toponimoak

 Etzabal da Gipuzkoako hainbat herritako toponimoa. Berastegiko, Bergarako eta Donostiako aurkintza bat da, Deba ibaiaren eta Oriaren erreka da, Enirio-Aralarren zuloa da eta Usurbilen baserria da.
XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan, Usurbilgo Aginaga ballarakoa:

ETZABAL (col.)
Liburu berean Urnietako beste bi baserri aipatzen ditu, Urnietako Lategi ballarakoak:
ETZABALBERRI (prop.)
ETZABALZAR (prop.)
Toponimoaren lekuko zaharrik ez bada, analisia emateko aukera bada, jakinik aldaketa bat beharrezkoa dela. toponimoak bi elementu izango lituzke, bukaeran zabal hitz ezaguna eta oinarrian et-, hegi hitzaren eratorpen aldaera, beste toponimo batzuetan ere dagoena, horrela, blog honetan aztertu diren Ekain eta Etume toponimoetan oinarri bera dago.
Beste aukera bat dago, agian Usurbilgo toponimorako egokiagoa, etxa- 'etxe' + zabal elkarketatik sortua. Baserria izanik, horrelako egitura egokia izan liteke, haplologia bat gertatuz. Beste toponimoetan ez da etxerik aipatzen eta, mendialdean bazeuden, lehenestekoa litzateke eman den lehen etimologia.