lunes, 29 de diciembre de 2025

Jakuenea toponimoa

 Jakuenea zen Errenteriako toponimo bat, lekuko bakar batez ezaguna:

1724     Jacuenea
Lekuko honekin nahikoa da etimologia emateko, toponimoak hiru elementu izango zituen, bukaeran artikulua, aurrerago genitiboa, apur bat aldatua, eta oinarrian antroponimo bat, Jakue. Blog honetan aztertutako Jakutegi toponimoan antroponimo bera dago, bere azken bokala galdutakoa.
Errenteriako toponimo honek lekuko gehiago ematen dio antroponimo honen corpusari, bere aspaldiko inportantziaz ideia osoagoa izateko.

Fuenteburzana toponimoa

 Fuenteburzana da Orradreko aurkintza bat, Nafarroan. Erromantzez sortutako toponimo honek bi elementu ditu, hasierakoa fuente 'iturri' da oso argia, baina ez bukaerakoa. Zorionez, lekuko ez oso zaharrek argia ematen dute:

fuente jordana (1898)
fuente jurdana (1898)
fuente furdana (1915)
burjana, fuente (1915)
[...]
fuenteburzana (1995)
Dirudienez, toponimoa nahiko ongi gorde zuten XIX. mendearen bukaerara arte, baina geroko lekukoetan aldaera ugari agertzen dira. Badirudi bokal baten aldaketa izan zen ondorengoen suspertzaile. Hala ere, lekuko zaharrenengatik nabarmena da beste elementu hori, Jordana antroponimoa. Euskal lurretan /u/ bokalismoko aldaerak indarra izan zuten, Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan ikus daitekeenez:
356. —Jurdana n. pr. (Jurdana de Sant Esteuen, Pamplona, 1350): Jurdanarena; Churdandegui, Churdanegui.

viernes, 26 de diciembre de 2025

Kristobala toponimoa

 Arabako toponimo honen lekuko bakarra jaso da, XIX. mendearen erdialdekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

CRISTOBALA, 1849, término de Cicujano.
Toponimoan ziurra da Kristobal, baina bukaerako bokalak bi azalbide izan ditzake, izan liteke euskarazko artikulua, ezaguna da Arabako toponimian artikuluaren eransketa, cf. Amatea toponimoa, Amata + -a bada. Beste azalbide bat dago, Kristobala antroponimo emakumezkoa izatea, bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta bi lekuko agertu dira, biak Arabakoak:

Bi emakume ditugu, biak herri hurbilekoak dira eta horrek adieraz lezake tradizio moduko bat izan zitekeela. Beraz, toponimiara igarotzea ez litzateke harrigarria, nahiz eta Kristobalak erabilera urria izan.

Kristobaletxea toponimoa

 Kristobaletxea da Errigoitiko baserri bat. XX. mende bukaerako lekuko bat dago, egungoa bezalatsukoa. Toponimoan aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, egitura oso argia du, bukaeran artikulua, aurrerago etxe izen arrunta eta oinarrian Kristobal antroponimoa, honetaz informazio gehiago dago Kostobal toponimoaren sarreran.

lunes, 22 de diciembre de 2025

Kristobaldegi toponimoa

 Kristobaldegi da Donostiako bi baserriren izena, bat desagertua. Lekuko gehiago eta bat nahiko zaharra daude Donostiako toponimia bilketa lanean:

KRISTOBALDEGI: Cristobaldegui (1627, manzanales y lagar llamados, T.M., 453 orr.), Cristobaldegui (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Cristobaldegui (1860, D.U.A.-D-7-1-P.), Cristobáldegui, y su capilla (40) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Cristobaldegui (1864, Casa de labor, N.P.G., 65 orr.), Cristobaldegui (1900, casa de campo, S.S.XIX, 47 orr.); Kristobaldegi, Kristobaldei (1989, D.U.T.B.). 64-14-2, m.
Toponimoa ez da aldatu azken 400 urteetan eta mende hauetan izena gorde du, analizatzeko zaila ez dena. Toponimoak bi elementu izango zituen, bukaeran -tegi atzizkia, alboko baten ondoren egoteagatik hasierako herskaria ahostundu dela. Oinarrian antroponimo bat dago, Kristobal, Kostobal toponimoaren sarreran informazio gehiago izen horretaz.

Kristobalena toponimoa

 Kristobalena da Erandioko baserri bat, baita ere Bermeoko baserri bat. Azkenik, Kristobalenea da Legazpiko etxe bat.
Erandiko baserriaren lekuko zaharrenak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Cristobalena [N, TO]
Christobalena (la casa de), Erandio, a.1704, FogVizcayaMs.
Christobalena (la caseria de) [Martiartu y Vgarte (varrio de)], Erandio, a.1745, FogVizcayaMs.


Cristobalena [N, NO]
Christobalena (M(a)r(ti)n de) [Christobalena (la caseria de)] [Martiartu y Vgarte (varrio de)], Erandio, a.1745, FogVizcayaMs.
Hondarribian ere izan zen Kristobalena baserria, horrela agertzen da XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko batean, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburukoa:
AITONAUNDIA (KRISTOBALENA) (transf. en casa de campo) Akartegi ballara, Hondarribia
Hondarribiko toponimia liburuan ere agertzen da, eta aurreko iturrian aipatu bezala, izen nagusia Aitonandi da baina 1986. urtean izen bikoitza du, 57. or.:
Aitonaundia (Kristobalena) Ond. (152. or.)
Toponimoen analisiak ez du zailtasunik, bukaeran genitiboa eta artikulua daude eta oinarrian Kristobal antroponimoa, Kostobal toponimoaren sarreran informazio gehiago izen horretaz.

viernes, 19 de diciembre de 2025

Kostobal toponimoa

 Kostobal izan zen Arrasateko baserri bat, egun desagertua baina bere aipamena duela hamarkada batzuk bizirik zegoen, XX. mendeko bigarren erdialdean, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan aipatua:

KOSTOBAL (col.) Mietz erreka auzoa (Barrio de veneras), Arrasate
Arrasateko toponimia liburuan lekuko zaharragoak daude, XVII. mendetik hasi eta XX. mendearen arte, 232. or.:

Toponimoaren etimologia emateko ezinbestekoa da A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuko aipua, 81.-82. or.: 
Oin-oharrean adierazten digute Kostobal aldaera ere bazela Kristobal ezagunagoaren aldaera, euskal eta erdal izenen artekotzat hartu ahal dela.

Zentoliturri toponimoa

 Zentoliturri zen Errenteriako toponimo bat, lekuko gehienek 50 urte baino ez dute hartzen, XVIII. eta XX. mendeen artean:

1787     Zentoliturri
1814     Centoliturri
1826     Centoliturri
1826     Centoliturri
Geratzen da berriena, Zontoliturri, Luis Maria Mujikak jasoa bere Gipuzkoako toponimoen bilketa erraldoian, XX. mendearen bukaeran. Argi dago bokal asimilazioa gertatu dela, bigarrenak lehena asimilatu zuelako. Dirudienez, lekuko gehiago ez dago, beharbada ez da gure egunetaraino heldu baina dauden datuekin etimologia eman daiteke zalantzarik gabekoa. Toponimoak bi elementu izan zituen, bukaeran iturri izena eta oinarrian Zentol antroponimoa. Errenterian bertan badago antroponimo honekin sortutako toponimo bat, Zentolenea. Toponimo honen sarreran Zentolen gaineko informazio gehiago.

miércoles, 17 de diciembre de 2025

Zanpadura toponimoak

 Ataungo toponimoetan bost dira Zanpadura oinarria dutenak:

Zanpadurako errekea
Zampadurako errekea: (= la regata del zampeado).
    Izaera: erreka
    Kokalekua: Saratxamendi
    Erreferentzia: 21. karp. 206. zk. 8418 erreg.

Zanpadurako ikauna
Zampadurako ikaune: (= el vado de zampeado).
    Izaera: ikarauna
    Kokalekua: Saratxamendi
    Erreferentzia: 21. karp. 365. zk. 8591 erreg.

Zanpadurako iturria
Zampadurako iturrie: (=la fuente de Zampeado). El zampeo se utiliza para construir caminos en sitios flojos y sobre todo cubiertos de agua. Colcocan maderos como para construir puentes y cubren por encima con una capa de brezos y tierra. “Zampadurea, bidea eiteko egurrek bota luzeetara, zubie eiteko bezela, eta gañetik bete txillar ta lurrekin” (= prado de (=la casa) Eskisabel).
    Izaera: iturria
    Kokalekua: Marumendi
    Erreferentzia: 15. karp. 120. zk. 6664 erreg.

Zanpadurako luizi haundia
Zampadurako luizi aundie: (= el aluvión grande del zampeado). El aluvión ocurrió a fines del siglo XIX.
    Izaera: luizia
    Kokalekua: Saratxamendi
    Erreferentzia: 21. karp. 354. zk. 8580 erreg.

Zanpadurea
Zampadurea: (= el zampeado). 1832 “desde el paraje llamado Zampadura hasta la casa del expresado Aldasoro”.
    Izaera: aurkintza
    Kokalekua: Urrinokoiz
    Erreferentzia: 17. karp. 126. zk. 7350 erreg.
Zanpadura hitza ez da agertzen Orotariko Euskal Hiztegian, baina lotura izan daiteke zanpatu aditzarekin, honen lehen adiera ongi egokitzen delako:
zanpatu.
1. (G-bet, AN-5vill, L-ain, BN; Lar, VocCB , H; -ph- VocBN, H) Ref.: A; Caro CEEN 1973, 227 .
Aplastar (sentidos prop. y fig.); pisar. "Chuchurrar", "despachurrar" Lar. "(FSeg), apelmazar, calcar con los pies" A. Cf. VocNav s.v. zampiar.
Azalak zanpatu, mamiak miaztu, loreak usandu. Izt C 165. Lurrik ez du zanpatzen / txoriyak añian. Bil 47. Santuen imajiñak erabilli zituan lotsagabekiro, ostikopean zanpatuaz. Zab Gabon 95. Ematen zaizkate bariak pusketan, eta karakolak zanpatuta. Sor Bar 63. Zanpatzen da almerizean binagretan eta urtan egon dan ogi tostada bat. Cocinan 16. Nola zanpatzen duten umantak / oñ-alki galant ederra, / beren azaiñak zanpatu zuten / eriotz zital okerra. AB AmaE 102.
[...]
Sarrera horretan lotura proposatzen da Nafarroako zampiar erdal aditzarekin eta Ataungo toponimoen sarreretan zampeo, zampeado hitzen aipuak daude. Gaztelaniaz ezagunak dira zampear eta zampeado hitzak, eta bere jatorria. Euskaraz ere zanpa hitza bada eta adieren artean bada esanguratsua dena:
ZANPA-ZANPALARI.
(Lo) que pisa, aplasta continuamente.
Tolara-zanpalari / ardo-lorez jantzi, / zanpalari gogotsu, / zanpa-zanpalari. Gand Elorri 105. 

lunes, 15 de diciembre de 2025

Apaetxe toponimoa

 Apaetxe da Anoetako etxe bat. Izendegi ofizialeko lekukoek izena, azalez iluna, argitzen dute: apaizetxea (1993), Casa Cural (1993), apatxe (1993)... Toponimoak bi elementu zituen, apaiz eta etxe. Azkena aldatu gabe badago ere, lehenean aldaketa batzuk izan dira, nabarmena da txistukari disimilazioa, ondorioz, lehena galdu zen, ondoren bokal arteko /i/ galdu zen Apaetxe utziz.

Zeleta toponimoak

 Zeleta dago lau baserriren izenean, Ea herriko Zeletabekoa eta Zeletagoikoa. Busturian Zeleta baserri dago eta Mendatan ere beste baserri batek izen bera du. Azkenik, Zeletagana tontorra dago Mendata eta Muxikaren artean.
Bustuariako lekuko zaharrena Zelaeta (1704), ondorengo lekuko ia guztietan Zeleta dago. Berdina gertatzen da Eako Zeletagoikoarekin: Zelaeta de arriva, 1704. urtean. Gerokoetan ia beti Zeleta dago.
Medatako Zeletaganaren lekukoetan Zelatagana agertzen da behin eta berriz baina herri bereko baserriaren lekuko zaharragoetan Zeleta dago eta, beraz, Zelatagana herri etimologia izan daiteke, zelata hitza erabiliz.
Toponimoa deitura ere egin zen eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVIII. hasierako lekukoak daude:

Lekukoak Mendatakoak dira eta herrian bertan Zeleta baserria dago, beraz, lotura agerikoa da bi izenen artean.
Lekuko zaharrenek bilakaera erakusten digute, Zelaeta > Zeleta eta Zelaeta toponimorako eman den etimologia Zeletarako berdina izango da: zelai + -eta > Zelaeta > Zeleta.

viernes, 12 de diciembre de 2025

Zelaeta toponimoa

 Zelaeta da Ormaiztegiko baserri bat, herri berean Zelaetaberri baserri ere badago. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrenak XIX. mendearen erdialdekoak dira: Celaeta-chiqui, Celaeta-barrena eta Celaeta-eche, guztiak 1857. urtekoak.
Toponimoa deitura ere egin zen eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. hasierako lekukoak daude:

Zumarraga eta Ormaiztegi nahiko hurbil daude eta, beraz, litekeena da toponimo honetatik deitura sortzea.
Toponimoa azaltzeko aldaketa txiki bat beharrezkoa da, bokal arteko /i/ galtzea, beraz, zelai + -eta > *Zelaieta > Zelaeta.

Belakobea toponimoa

 Belakobea da Mañariko haitzulo bat. Izendegi ofizialean ez dago lekuko zaharrik eta dagoen izenetik azterketa hasiko da. Haitzuloa izanik, bukaeran koba agertzea ez da harrigarria, eta ondoren artikulua dagoenez, aa > ea disimilazioa gertatu da. Hasierakoa izan daiteke bela-, bele hegazti izenaren eratorpen aldaera edo Belako antroponimoa. Batean ez zen aldaketarik gertatuko: bela- 'bele' + koba + -a > Belakobea. Bestean, aldiz, haplologia gertatuko zen: Belako + koba + -a > *Belakokobea > Belakobea. Ziurrenik tarteko hori berehala galduko zen, -koko- kakofonikorik ez izateko. Belako antroponimoa Bizkaian ezaguna izan zen, lekuko toponimikoek eta antroponimoren batek adierazten dutelako.

martes, 9 de diciembre de 2025

Iburreta toponimoa

 Iburreta zen Zumarragako bazter-auzo bat, egun desagertua. Patu bera izan du Iburretaazpikoa baserriak eta Iburretagarakoa baserriaren aurriak baino ez dira geratzen.
Iburretaazpikoaren lekuko bat XIX. mendekoa da, Iburreta de abajo izenarekin, 1857. urtean. Iburretagarakoa baserriaren izena urte berean Iburreta de arriba jaso zen. Lekuko zaharragorik lortu ez denez, azterketa etimologikoa Iburreta izenetik hasiko da. Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan azalpen bat dago, 102. or.:

Sarrera honetako azalbidea ezberdina da, bukaeran argia da, -eta atzizkia, baina oinarrikoa argitzeko gakoa Ibiur toponimoa izan daiteke. Azken hau ur-bihur bazen, Iburretaren egitura ur-bihur-eta izan zitekeen. Beharbada *ibihur hitz elkartu zaharra sortua izango zen. Dena den, bigarren /i/ galdu zen eta hori da aldaketa nagusia, ahaztu gabe hasierako bokalarena, beharbada bokal asimilazioaz.

Ibiur toponimoa

 Ibiur da Gipuzkoako hainbat herritako toponimoa; urtegi bat da Abaltzisketa, Baliarrain, Gaintza eta Orendain herrietan. Azken hiru herri horietan aurkintza ere bada. Tolosan aurkintza bat da eta badira lurralde horretan toponimo gehiago. Lekuko zaharrik ez da eskuratu baina aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, sarrera honetan proposatuko den etimologia ez du, ustez, alde ahulik. Dena den, Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan azalpen bat dago, 102. or.:

Dirudienez, ibi ikusten du toponimo hauen oinarrian baina gure ustez, ur hitza dago. Beste elementua bihur adjektiboa litzateke eta bilakaera hauxe izango zen: u- 'ur' + bihur > *Ubiur > Ibiur. Bihur hitza agertzen da blog honetan aztertutako Biurrain toponimoan, baina hor, bihur izengoitia izango zen. Hasierako elementuan aldaketa bat gertatu zen, bokala aldatu zen Iberondo toponimoan bezala. Beharbada bokal asimilazioa izan zen, u-i > i-i. Hala ere, batzuetan, ur hitzaren eratorri batzuetan bokal aldaketa gertatzen da, horrelako lirateke ibai eta idoi hitzak, baita aipatutako Iberondo.

viernes, 5 de diciembre de 2025

Untzalea toponimoa

 Untzalea da Irungo aurkintza bat, toponimo eratorri bat, Untzaleko erreka. Irungo toponimia web gunean informazio osagarria dago, lekuko zaharrenak XIX. mende hasierakoak dira: Unzalea (1820, 1850), Unsalia (1822, 1844), Untzalia (1843, 1988). Aldaera gehiago daude, baina beranduagokoak dira eta, analisirako ez dira erabiltzekoak.
Izen zaharrena Unzalea da, Unsalia aldaeran txistukaria aldatzeaz gain ea > ia bokal disimilazioa gauzatu da. Untzalia izenean afrikatua islatu da eta lehenago aipatutako disimilazioa bada. 
Untzalea toponimoaren bukaeran artikulua dago eta aurreragoko -e- hori bokal paragogikoa litzateke, leku deklinazioan sortutakoa, joera hau ezaguna da, Nabaskoze toponimoaren azken bokala bezala, beste toponimo asko bezala. Hala bada, Untzal- geratzen da analizatzeko eta hori Untzalu antroponimoaren aldaera bat izan daiteke. Gaztelaniaz Gonzalo da eta gutxi batzuetan Gonzal aldaera ere bada Alfonso Irigoienen Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan aipatzen duenez:

3.184. GONÇALUO, GONÇALO, eta baita-ere GONÇALUET: Gonçaluo d’Arasçiel, (1366, PN-XIV, F.Tud., 440 orr.), Tudela-n; Gonçalo pastor, (1366, PN-XIV, F.Tud., 430 orr.), Cascant-en; Pero Garcia con Gonçaluet su fillo, (1330, PN-XIV, F.Est., 236 orr.), Larraga-n.
XIII menderako GONZALVO, GONÇAL: domno Gonzalvo capellano de Baigner, (1213, El gran Pr. Nav., dok. 151); don Gonçal Yuaines de Mendoça, (1289, El gran Pr. Nav., dok. 509).
Euskaraz Untzalu erabilia izan da, baina erdararen antroponimiaren mailegaketa oso arrunta izan da eta Gonzalo hartu izan den bezala, Gonzal ere jaso zen. Aldaketa bat gehiago gertatu zen, hasierako herskaria galdu zen, agian lagungarria izan zen euskarazko kidea Untzalu izatea. Bestea, on > un bilakaera ezaguna da, eremu ugaritan gertatzen delako eta geratzen diren beste bi aldaketa, bokal eransketak, izenaren bukaeran gertatuko ziren, aurrerago azaldu den bezala.
Beraz, Gonzal antroponimotik abiatuz erraz azaltzen da Untzalea toponimoa.

Basabilbaso toponimoa

 Basabilbaso da Lezamako baserri bat, toponimo eratorri bat du, Basabilbasobarri baserria. Izendegi ofizialean lekukotza zaharra du, Basabilbaso (1656). XX. mendekoa da Basibilbaso aldaera (1956) eta egungo ahozko aldaera da basilbaso (2002).
XVIII. mendean toponimoa osorik zegoen Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Basabilbaso [N, TO]
Basabilbaso (la caseria de), Lezama, a.1745, FogVizcayaMs.
Basabilbaso (la casseria de), Lezama, a.1704, FogVizcayaMs.
Basauilbaso+) (Domingo de Urregoytia administrador de la casa de), Lezama, a.1796, FogVizcayaMs.
Basauilbaso (la casa de) [Basalbeitia y Goytiosle (barrio de/primer partido)], Lezama, a.1796, FogVizcayaMs.
Toponimoa deitura ere bada eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta lekukoak daude XVI. mendearen erdialdetik:

Toponimoak hiru elementu ditu, bukaeran baso izena eta aurrerago basa-bil hitz elkartua, alde batetik basa-, baso izenaren eratorpen aldaera eta ondoren *bil, biribil hitzaren erroa. Izan ere, Basabil izan zen Lezaman bertan aipatutako liburuak erakusten duenez:
Basabil [N, TO]
Basabil (la casseria de), Lezama, a.1704, FogVizcayaMs.
Basabil_Beytia (la casseria de), Lezama, a.1704, FogVizcayaMs.
Vasabilbeitia (la caseria de), Lezama, a.1745, FogVizcayaMs.
Basabil_Goicoechea (la caseria de), Lezama, a.1745, FogVizcayaMs.
Beraz, inoiz izan zen baso biribil batek Basabil izena jasoko zuen eta ondoren, toponimo honetan zegoen basoa jaso zuen izena Basabilbaso jaioz. Ziurrenik toponimo gutxitan daude izen baten bi aldaerak, osoa eta alomorfoa, eratorpenean erabiltzen dena.

jueves, 4 de diciembre de 2025

Gorriaran toponimoa

 Gorriaran da Aiako baserri bat, ondoan Gorriaranberri dago, hau ere baserria. XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

GORRIARAN (prop.) Irureta-Egia ballara, Aia
Lekuko askoz zaharragoa dago, XVII. mende hasierakoa, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan, 1625. urte ingurukoa: Gorriarain A Aya.
Toponimoa aspaldi deitura bihurtu zen eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendeko lekuko ugari jaso dira:

Gorriarain ere bilatu da eta agertzen da, baina oso lekuko gutxirekin:
Lekuko zaharragoa dago Los señores de la guerra y de la tierra: nuevos textos para el estudio de los Parientes Mayores guipuzcoanos (1265-1548) liburuaren 258. agirian, 1497. urtean, 293. or.: Joan Martines de Gorriaran.
Etimologiari dagokionez, aipu interesgarri bat dago Ibarguen-Cachopín kronikan, XVI. mendearen bukaerakoa. Aipatutako aipua jasoa da Julen Arriolabengoaren Los textos vascos en la Crónica Ibarguen-Cachopín lanetik, 31. or.:
Gorriaran: “un su sobrino que se dezía Gorriaran, que quiere dezir, el bascuençe buelto al castellano, ‘endrina silbestre colorada’ o, por mejor dezir, ‘árbol endrino colorado’.
Esan gabe doa etimologia hau oso arazotsua dela, euskal hitzen ordena bestelakoa izan ohi delako, lehenik izena ondoren adjektiboa.
Toponimoaren analisira itzuliz, bi aldaera daude, baina lekuko gehien eta zaharren dituena da Gorriaran. Antza denez, diptongo bat sortu da azken silaban baina Aiako toponimoaren lekuko gehiago beharrezkoak lirateke.
Gorriaran bada aztertzeko izena, bi elementu ditu eta biak oso ezagunak dira, gorri eta haran. Baina ezin da haran gorri bat izan, ordena alderantzizkoa delako. Beraz, gorri izango zen izengoiti bat, toponimo batzuetan dagoena eta beste bat izan liteke Gorliz toponimoa, *Gorriz berreraikiaren aldaera balitz.

Astoreka toponimoa

 Astoreka da Larrabetzuko auzo bat, Astorekabekoa eta Astorekagoikoa baserriak daude eta baita Astorekazpi hegala, mazela ere. XVIII. mendeko lekuko batzuk daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Astoreca [N, TO]
Astoreca (la casa maior de) [Astoreca (varrio de)], Larrabezua, a.1745, FogVizcayaMs.
Astoreca (la caseria de) [casas auecindadas], Larrabezua, a.1704, FogVizcayaMs.
Astoreca (varrio de), Larrabezua, a.1745, FogVizcayaMs.
Toponimoa deitura ere bada eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVII. mende hasieratik lekukoak badira:

Astorika aldaera ere bazen, XVII. mendekoa hau ere, baina lekuko kopurua oso txikia da:
Beharbada analisi etimologiko handiena dago P. Salaberriren Sobre el sufijo occidental –ika y otras cuestiones de toponimia vasca lanean, 161. or.:
Sarrera honetako azterketaren arabera, kanpoko toponimo baten isla litzateke, zehatzago, Estorga udalerria, Leongo probintzian. Gaztelaniakzo Wikipediaren Astorga sarreran informazio etimologikoa dago. Hiri inportantea izan zen Erromatar inperioaren azken mendeetan eta Erdi Arokoaren lehenengoetan eta Astoreka toponimoa hortik jasoko zen. Berdintsua gertatuko zen Toleto toponimoarekin, egun baino askoz inportanteagoa izan zen garai batean eta horrela, hemen ere ospe honen isla izan zen.
Erdi Aroaren hasieran Estorga askotan agertzen da Astorica izenarekin. Ziurrenik *Astoreca ere izan zitekeen, gerora bokal atonoa galduko zen aurreko silabaren azentuaren eraginez. Horrela, /e/ bokala azaldu ahalko litzateke, jakinik euskal sartaldean -ika atzizkia ibili zela.

lunes, 1 de diciembre de 2025

Valdegunita toponimoa

 Valdegunita da Arabako Kanpezuko aurkintza bat. XVIII. mendeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

VALDEGUNITA, 1733, término de Oteo.
Toponimoa erdarazkoa da eta hiru elementu ditu, val-, valle izenaren eratorpen aldaera, de preposizioa eta antroponimo bat. Egitura berdina Valderiz toponimoan dago, baina bukaerak salatzen duen bezala, Valdegunita izenean emakume izen bat dago, *Gunita ezezaguna. Bilaketa egin da Joseph M. Piel eta Dieter Kremerren Hispano-gotisches Namenbuch liburuan eta antzeko izen bat aurkitu da, Guntita, 172. or.:

Bi aldaketa gertatuko ziren, antroponimoan bertan ala toponimo bertan, batetik nt > nd asimilazioa eta ondoren, nd > n bilakaera. Beharbada lehena ez zen gertatuko, gund- erroa ere dagoelako, 'borroka'. Beraz, gertatu beharreko aldaketa bakarra nd > n da eta hori euskaraz zein erdaraz gerta zitekeen gutxi batzuetan, baina toponimoa erdarazkoa denez, hizkuntza horretan gertatuko ziren beharrezko aldaketak.

Urtibidea toponimoa

 Arabako toponimo honen lekuko bakarra aurkitu da, XIX. mendekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

URTIBIDEA, 1838, labrantío en Marquinez.
Dirudienez, toponimoak hiru elementu izango zituen, aldaketarik jaso gabeak, bukaeran artikulua, aurrerago bide eta, azkenik, Urti antroponimoa. Hala ere, zalantzarako zirrikitu bat dago, izan ere, bi herriak, Markiz eta Urturi, nahiko hurbil daude, mendi batez banaturik. Beraz, ez litzateke harrigarria izango hasierako urti- izatea Urturi herri izenaren laburketa eta toponimoa jatorriz *Urturibidea izatea. Kontuan hartu behar dugu lekukoa zaharra da baina XIX. menderako horrelako aldaketak aurkitzea ez litzateke oso harrigarria. Agian lekuko zaharragoak aurkitzen badira hemen aurkeztutako hipotesia konfirmatuko da, edo deuseztuko.

viernes, 28 de noviembre de 2025

Duluman toponimoa

 Duluman da Orozkoko auzo bat. Izendegi ofizialeko lekukoak ez dira oso zaharrak, XX. mende bukaerako bat dago, San Juan (1986). Gerokoetan San Juan berriro agertzen da eta baita ere Duluman (2002) eta Donibane (2009).
Ziurrenik guztiak zaharragoak dira eta hirurek esanahi bera dute nahiz eta zalean oso ezberdinak izan. San Juan beste bien itzulpena litzateke eta beharbada jatorrena Donibane izango zen, hau da, Done Joane. Donibanetik Dulumanera aldaketa ugari gertatu ziren, tartean bukaerako fonema galdu zen, agian berranalisiaren bitartez: Donibane-ra, Donibane-n > Doniban-era, Doniban-en. Dena den, bestea ere gerta zitekeen, izen zaharrenak Doniban izatea eta /e/ paragogikoa leku deklinazioagatik jasotzea, Aiziritze toponimoa bezala. Beste aldaketa bat sudurkari asimilazioa izan zen: b-n > m-n, Lumane toponimoan bezala. Beste aldaketa bat ezohikoa da, i > u gertatu zelako. Ezaugarri hau sartaldeko euskaran ezaguna da, hitz batzuek /u/ dute beste hizkeretan /i/ dena: uzen 'izen' bezala. Batzuetan bokal disimilazioaren eraginez sortuko ziren /u/ horiek, Jandustegi toponimoaren lekuko zaharretan Jandistegi da. Baina Orozkoko toponimoan ez dago disimilazioa sortzeko aukerarik. Beste aldaketa bat disimilazioa da, sudurkariena n-n > l-n. Azkena, bokal asimilazioa izango zen, o-u > u-u.
Laburtuz, bilakaera honakoa izan zitekeen: Donibane > *Doniban > *Doniman > *Donuman > *Doluman > Duluman. Beharbada lekukoen bilketa sakonagoa eginez tarteko urratsen lekukoak aurki daitezke, baina bilakaera antzekoa izango zen, hasierako eta bukaerako izenak eskura daudelako.

Mota eta Motagana toponimoak

 Mota da Bizkaiko herri batzuetako toponimoa, Barakaldon tontorra da, Elorrion muinoa, baita Zaldibarren ere. Arrigorriaga eta Zaratamo herrien artean ere muino baten izena da. Azkenik, Erandion baserri batek Mota izena du.
Motagana da Erandioko toponimoa, bi tontor izendatzen ditu, baserri bat eta Motaganabaso toponimo eratorria dago. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrenak XVII. mendekoak dira, Mota (1660, 1883), Motagana (1790).
Toponimo hauen, batez ere Erandiokoen, XVIII. mendeko lekuko ugari daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Mota [N, TO]
Mota (la casa de), Axpe de Busturia, a.1796, FogVizcayaMs.
Mota (la casilla de), Busturia, a.1745, FogVizcayaMs.
Mota (la cassa de), Busturia, a.1704, FogVizcayaMs. -/Murueta, a.1704, FogVizcayaMs.
Mota_Azecoa (la caseria de) [Aguirregoitia (varrio de)], Erandio, a.1745, FogVizcayaMs.
Mota_de_Atras (la casa de), Erandio, a.1704, FogVizcayaMs.
Mota_Gana (la casa de), Erandio, a.1704, FogVizcayaMs.
Mota_Ostencoa (la casa de) [Goierri (barrio de)], Erandio, a.1796, FogVizcayaMs.


Motaburu [N, TO]
Motaburu (la casa de), Arbacegui, a.1796, FogVizcayaMs.

Motagana [N, NO]
Motagana (Juan de) [Motagana (la caseria de)] [Aguirregoitia (varrio de)], Erandio, a.1745, FogVizcayaMs.


Motagana [N, TO]
Motagana (la caseria de) [Aguirregoitia (varrio de)], Erandio, a.1745, FogVizcayaMs.
Toponimo hauetako bigarren elementuak hitz ezagunak dira, buru, gan, gain hitzaren aldaera, baina oinarrikoa ez da hain ezaguna, mota bezalako hitz baino gehiago daude eta toponimiarako hobekien egokitzen dena mota hau da:
3 mota.
"(V-m), ribazo, porción de tierra, cubierta de hierba, alrededor de los campos sembrados" A.
Etxe-aurreko mota edo bedartzea azalatu edo atxukatu. A Ezale 1899, 23a. Lur landuak, zelai eta motak, larrak, basoak... Erkiag BatB 111. Lur-azalean, leku landu bagean, esaterako mota-aldean. Ib. 39.
azpisarrera-1
MOTA-BELAR. "Motabedar (msLond), tanaceto (Bot.)" A.
Hala ere, toponimo batzuen bigarren elementuak kontuan hartuz, buru eta gan, zehatzago, badirudi leku garaiekin lotu beharra dagoela eta horretarako jakingarria da mota hitza, gaztelaniazkoa. Adieren artean badira toponimoan egokiak izan daitezkeenak:
5. f. Pella de tierra con que se cierra o ataja el paso del agua en una acequia.
6. f. Elevación del terreno de poca altura, natural o artificial, que se levanta sola en un llano.
7. f. Ribazo o linde de tierra con que se detiene el agua o se cierra un campo.
Seigarren adiera, esaterako, oso egokia izan daiteke aztergai diren toponimo gehienetarako, tontorrak edo muinoak direlako.

lunes, 24 de noviembre de 2025

Txikoenea toponimoak

 Txikoenea zen Donostiako hiru toponimoren izena, bi baserriak ziren eta bestea, jauregia. Baserrietako batek izen lehenetsia Berriartza zuen eta bigarren izena Txikoenea zen.
Toponimo hauen lekukoak bi mendetakoak dira, Donostiako toponimia lanetik eskuratuak:

*TXIKOENEA: Chicoenea (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Chicoene (1860, D.U.A.-D-7-1-P.), Chicoéne (16) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Chicoéne (37) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Chicoene (1864, Casa de labor, N.P.G., 65 orr.); Txikoene (1989, D.U.T.B.). 64-13-3, M.


*TXIKOENEA: Chicoene de Lugariz (1864, Casa de labor, N.P.G., 65 orr.); Txikoene (1989, D.U.T.B.). 64-5-7, M.

Etxe izenetan normalean oinarrian antroponimo bat izan ohi da, edo izengoiti bat, kasu honetan txiko, Txikoena toponimoan dagoen izen bera, baina ez litzateke euskarazko txiko hitza, baizik eta gaztelaniazko chico 'mutil; txiki' hitza, euskarara mailegatutako izengoitia. Horren eratorri bat txikito izan daiteke Txikitoena eta Txikitokua toponimoetako oinarria.

Iharnotz toponimoa

 Iharnotz, gaztelanian Yárnoz, Noain Elortzibarko kontzeju bat da, Nafarroan. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian Iharnotzen lekuko ugari daude, eta baita iruzkin etimologiko batzuk ere. Lekuko zaharrena XII. mendekoa da, egungoa bezalakoa:

iarnoz, yarnoç, yarnoz, fortun sanz de (1109-1110)
yarnoç (1255)
yarnotz, (1268)
Lekukoek erakusten dute 900 urtetan aldaketarik izan ez dela eta, beraz, hori da aztertzeko dagoen izen bakarra. Iruzkin etimologikoetan batekin nahikoa da orain arte izan den hurbilketa jakiteko, Mikel Belaskoren Diccionario etimológico de los nombres de los pueblos, villas y ciudades de Navarra. Apellidos navarros liburukoa:
YÁRNOZ. Valle de Elorz (Sangüesa). // Significado. Probablemente 'lugar propiedad de una persona llamada *Yarn-'. De *Yarn- + -oz, siendo el primer elemento un nombre de persona no identificado y el segundo un sufijo que indica propiedad.
Toponimoak bi elementu izango zituen, bukaeran -o(t)z atzizkia, Euskal Herriko sortaldean oso ezaguna eta oinarrian antroponimo bat genuke, ezezaguna. Sarrera honetan bat proposatuko dugu, Isarno, Pirinioetako hegoaldean Erdi Aroan ezaguna zen antroponimoa, bi lekuko daude Ángel J. Martín Duqueren La antroponimia pamplonesa del siglo X en las Genealogias de Roda lanean, Onomasticon 7: Actas de las III Jornadas de Onomástica : Estella, septiembre de 1990 = III. Onomastika jardunaldien agiriak : Lizarra, 1990ko iraila liburuaren 411. or.:
Ysarno qui fuit captibus in Tutela, domno 86ª gen., hijo del conde Raimundo de Pallars-Ribagorza), 25.
Ysarno (8ª gen., hijo del conde Raimundo II de Ribagorza), 27.
Hasieran *Isarnotz bezalako toponimoa sortuko zen baina txistukari disimilazioa gertatu zen eta lehena galdu zen, gero agirietan jaso den izena agertuz. Bilakaera hori nahiko ezaguna da, Oharriz (bx) eta Oarritz toponimoetan fenomeno bera izan omen zen, proposatu den etimologiaren arabera.

viernes, 21 de noviembre de 2025

Lizundi eta Lizundia toponimoak

 Lizundi da Azpeitiko aurkintza bat. Lizundia da Elgoibarko baserri bat eta tontor bat, gainera, bi toponimo eratorri daude, biak baserriak: Lizundiagoikoa eta Lizundiatxabola.
Azken herri honetako XX. mendeko bi lekuko daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan, Elgoibarko Arriaga (San Antolin) auzoan:

*LIZUNDIA (2 viv.) (prop.)
LIZUNDIA TXABOLA (prop.)
Toponimoaren oso lekuko zaharrak daude Ubitarteko udal lur-neurketa batetik, 1452. urtekoa delako eta han bi toponimo agertzen dira, Juan de Lizundia eta sel de Lizundiagoitia. Azken honek erakusten du toponimoaren artikulua fosildurik zegoela, Lizundiagoitia sortu zenerako.
Toponimoetan *lizundi hitz eratorria dago, bukaerakoa da -di atzizkia eta oinarrian lizun hitza dago, Lizuniaga toponimoaren sarreran agertu zen Mitxelenaren azalpena, "probablemente con un sentido aproximado a cenagal". Hala ere badago beste hitz bat, homonimoa, lizun:
2 lizun.
(V-gip).
Cueva, sima. "Lizuna, nombre propio del boquerón de Gesalza, por donde se mete el río Aránzazu" Iz ArOñ; pero cf. ib. 121, donde aparece tratado como nombre común: "Gesáltzaako lizúna, lizúnian, en el boquerón de...". Relacionado tal vez con leize.
Arrikruzko lizunean be bi aska daoz arlanduz egiñak. (V-gip). Gand Eusk 1956, 219. Gezaltzako lizunean, goiko erpiñean zegoan ametz arbola bat, lizunera erdi zintzilika. And AUzta 86. 
Azken hotz honek hedadura oso mugatua du eta aukera bat Elgoibarko toponimoetan agertzeko, zentzuzkoagoa dirudi hitz hedatuena hemen izateak. Bide batez, 1452. urteko lekuko litzateke hitz honen lehenengo agerpena, Orotariko Euskal Hiztegikoa XVII. lehen herenekoa delako, 150 urte berriagoa.

Elauri toponimoa

 Elauri da Gasteizko aurkintza bat. Izendegi ofizialeko lekukotza berri-berria da. Baina beste bat dago, XVIII. mende hasierakoa. Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

ELAURI, 1715, labrantío de Ullibarri Arrazua.
Beraz, hirurehun urtetan ez da aldaketarik jaso eta izen bakarra dugu analizatzeko, Elauri. Toponimoak gogorarazten du blog honetan aztertutako Ellauri toponimoa, ezberdintasuna albokoari dagokio eta bi elementu izango zituen, bukaeran huri hitza, hiri hedatuagoaren sartaldeko aldaera eta oinarrian antroponimo bat, beharbada Bela antroponimoa, Vigila germanikoaren aldaera bat, A. Irigoienen De re philologica linguae uasconicae V liburuan aipatua:
Belaco a.1072 GzMorenoBRAH (35) 197ss., frente a la extendida forma masculina Bela, la cual alterna con Bella, ambas reducción de la visigótica Vigila, véase Domno Belati en (+-ti).
Aldaketa bakarra gertatu zen toponimoan, hasierako fonemaren galera, fenomeno hau nahiko ezaguna da herskari ezpainkari ahostunarekin, horrela, Eraso toponimoak lotzekoak lirateke Beraso toponimoarekin.

miércoles, 19 de noviembre de 2025

Luparia toponimoa

 Luparia da Muxikako auzo baten izena, Bizkaian. toponimo eratorri batzuk daude, Luparibekoa, Luparierdikoa eta Luparigoikoa baserriak eta Lupariburu mendi-adarra.
XVII. eta XVIII. mendeetako lekuko batzuk daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Luparia [N, TO]
Luparia (la casa de), Muxica, a.1641, FogVizcayaMs., a.1704, FogVizcayaMs.
Luparia (la casa perteneciente a la de Zubieta+), Muxicca, a.1704, FogVizcayaMs.
Luparia (la caseria de), Mujica, a.1745, FogVizcayaMs.
Luparia (las dos casas de), Muxica, a.1641, FogVizcayaMs.
Luparia (uarrio de), Muxica, a.1704, FogVizcayaMs.
Luparia_Goycoa (la casa de), Muxica, a.1704, FogVizcayaMs.
Luparia_Ocaranaga (la caseria de), Mujica, a.1745, FogVizcayaMs.


Lupariaga [N, TO]
Lupariaga (la casa de), Mujica, a.1796, FogVizcayaMs.
Lupariaga (la casa nueba de), Mujica, a.1796, FogVizcayaMs.
Lupariaga_Aurrecoechea (la casa de), Mujica, a.1796, FogVizcayaMs.
Toponimoaz gain, deitura ere bihurtu zen eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendearen erdialdetik lekukoak badira:

Toponimo zaharra da eta badirudi aldaketarik jaso ez duela, luparia izan omen delako:
luparia.
Etim. Tiene el mismo origen que rom. lobera, por ej.
1. (Lar Sup H, Izt 16; -ri (que cita RS)), luperia.
Atolladero.
Edozein zidorrek dau luparia. RS 367. Burdia luperian sartuta gelditu zalako. Eguzk GizAuz 70.
2. "Luperia "(V-arr-oroz-m), corrimiento de tierras" A.
Lobera, gaztelaniaz, otsoak harrapatzeko eta hiltzeko eraikuntza bat da eta horixe izango zen luparia euskaraz, baina aspalditik esanahia aldatu zen, XVI. mendeko lekukoan ikus daitekeenez. Beharbada Muxikako toponimoan hitzaren adiera zaharra dago, baina erabilera horretatik mende asko igaro dira eta gera zitezkeen eraikuntza horren aztarrik galduak izan daitezke. Gainera, toponimoaren lekukoak lirateke hitz honen lekuko zaharrenak, mende erdiz, Orotariko Euskal Hiztegikoa 1596. urtekoa delako.

Premuntegi toponimoa

 Premuntegi da Loiuko toponimo bat, bi toponimo eratorriren bitartez ezaguna, Premuntegigoiko baserria eta Premuntegiko iturria. Izendegi ofizialean XX. mendeko lekukoetan Preguntegi aldaera baino ez dago. Baina aldaera gehiago daude XVIII. mendeko lekuko ugari daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan:

Preguntegui [N, TO]
Pregunttegui (la casa de) [Zabalora (varrio de)], Lujua, a.1704, FogVizcayaMs.
Premuntegui (la caseria de) [Premuntegui y Acharris (varrio de)], Lujua, a.1745, FogVizcayaMs.
Premuntegui y Acharris (varrio de), Lujua, a.1745, FogVizcayaMs.
Premunteguy_Vecoa (la caseria de) [Premuntegui y Acharris (varrio de)], Lujua, a.1745, FogVizcayaMs.
Premuntegui_Goicoa (la caseria de) [Premuntegui y Acharris (varrio de)], Lujua, a.1745,
FogVizcayaMs.
Preguitey_Uecoa (la casa de) [Berria (barrio de)], Lujua, a.1796, FogVizcayaMs.
Preguitey_de_Arriba (la casa de) [Berria (barrio de)], Lujua, a.1796, FogVizcayaMs.
Premuttegui_de_Abajo (la casa de), Luxua (San_Pedro de), a.1798, FogVizcayaMs.
Premuttegui_de_Arriba (la casa de), Luxua (San_Pedro de), a.1798, FogVizcayaMs.


Premuntegui [N, NO]
Premuntegui (Antonio de) [Premuntegui_Goicoa (la caseria de)] [Premuntegui y Acharris (varrio de)], Lujua, a.1745, FogVizcayaMs.
Premuntegui (ynquilino) (Juan de) [Eizaga (varrio de)], Galdacano, a.1745, FogVizcayaMs.
Premunteguy (ynquilino) (Dom(ing)o de) [Premuntegui y Acharris (varrio de)], Lujua, a.1745, FogVizcayaMs.


Premutegui [N, NO]
Premutegui (ynquilino) (Juan de) [Gorosibay (barrio de)], Galdacano, a.1704, FogVizcayaMs.
Egoera zaharra argitzeko, beste liburu baten laguntza erabakigarria izan da, Repartimientos y Foguera-Vecindario de Bilbao (1464-1492) agiri bilduman Premuntegi nagusi da, 1470. urtea eta geroko agiri batean, 118. or.: Taresa de Premuntegui. 171. or.: Juan de Premuntegui eta 178. or.: Sancho de Premuntegui. Beste agiri batean 1473.-1475. urteen artekoan berriro izen berberak ditugu, 222. or.: Teresa de Premuntegui. 271. or.: Juan de Premuntegui eta, azkenik, 278. or.: Sancho de Premuntegui.
Bi azalbide daude eta lehenik, egiantz gutxienekoa aurkeztuko dugu, toponimoak bi elementu izango zituen, premu eta muntegi, mintegi hitzaren aldaera. Baina oztopo oso handia dago, premu ez da erabili izan euskararen sartaldean. Hego Euskal Herrian, Gipuzkoan eta Nafarroan erabili zen, primu aldaeran XIX. mendera arte. Beraz premu hitzarekin bi oztopo nabarmen ditugu.
Azken azalbidea eta sarrera honetan hobetsita, bi elementu ere izango ziren, bukaeran -tegi atzizkia, oso ohikoa etxe izenetan eta oinarrian antroponimo bat izango zen, Ermodo eta Ermotegi toponimoetan izan daitekeena. Hala ere, hauetarako Vermudo edo Vermut proposatu baziren, Loiuko toponimorako Vermundo izango zen egokiena, hau da, azkenaurreko silaban sudurkari bat zeukan aldaera. Bide batez, antroponimo honen aldaera ugarien artean Bermun ere bada. Hori izan liteke toponimoa sortzeko egokiena: Bermun + -tegi > *Bermuntegi > Premuntegi?
Toponimoan aldaketa batzuk izan ziren eta beharbada deigarriena da hasierako silaban gertatutakoa, dardarkaria lekuz aldatu zelako, ber- > bre- eta ondoren herskaria ahoskabetu zen, beharbada atzizkiaren hasierako herskariaren eraginez.

lunes, 17 de noviembre de 2025

Ermotegi toponimoa

 Ermotegi da Urnietako baserri bat. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrena XIX. mende erdialdekoa da, Ermotegui (1857). XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

ERMOTEGI (prop.) 1713 Oztaran ballara, Urnieta
Baina liburu berean beste bi lekuko daude, biak baserriak, Usurbil herrikoak:
ERMOTEGI AUNDI (prop.) San Esteban de Urdaiaga ballara, Usurbil
ERMOTEGI TXIKI (prop.) San Esteban de Urdaiaga ballara, Usurbil
Azkenik, beste lekuko bat askoz zaharragoa dago, XVII. mende hasierakoa, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan jasoa, 1625. urte ingurukoa: Ermotegui andia, Usurbil.
Toponimoak, gutxienez, 400 urte ditu eta ziurrenik gehiago. Elementuak zehazterakoan, argi dago bukaeran -tegi atzizkia dagoela, baina hasierako ermo- iluna da. Hala ere, blog honetan dago hasiera bera duena, Ermodo toponimoa. Honetarako Vermudo antroponimoa proposatu genuen eta Ermotegirako ere egokia izan daiteke. Bietan hasierako herskariaren galera gertatu zen baina Bizkaiko Ermodok horzkari ahostuna du Ermotegi toponimoan ez bezala. Beharbada Vermudoren aldaera bat erabilia zen, Vermut, esaterako.
Beste aukera bat dago, irmo hitzaren aldaeren artean ermo dago eta ez zen zaila izango izengoiti bihurtzea.

Ermodo toponimoa

 Ermodo da Durangoko kale bat baina aurreko mendeetan inportanteagoa izan zen. Horrela, Juan Ramón Iturrizaren Historia General de Vizcaya liburuan bi aldiz aipatua da, biak bigarren liburukian, lehena 43. orrialdean:

Los barrios o arrabales [de Durango] que hay extra muros son el de Curutciaga, Inchaurrondo, Piñondo y Hermodo.
Bigarrena 47. orrialdean:
El vecindario de la villa asciende a 320 fogueras; las casas parroquianas a 398, esparcidas en la forma siguiente: 57 en las barriadas de Orozqueta, Zabalarra y Murueta, una de ellas en el vecindario de Abadiano y 12 en el de Yurreta; 128 en Curuciaga, Inchaurrondo, Piñondo y Hermodo; y 213 en el casco o intramuros...
Iturrizaren lana XVIII. mendearen bigarren erdikoa eta eta urte bertsukoa da Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuko aipua:
Ermodo [N, TO]
Ermodo (barrio de), Durango, a.1798, FogVizcayaMs.
Ermodo (uarrio de), Durango, a.1876, FogVizcayaMs.
Lekuko zaharragorik ez da eskuratu baina ziurrenik askoz zaharragoa da, kontuan izanik toponimoaren iluntasuna. Uste badugu mendeen joanean aldaketak gertatzea erraztuko zela azalbidea argiagoa izango da. Erdi Aroaren lehenengo mendeetan germaniar jatorriko antroponimo ugari agertu ziren euskal lurren inguruan eta askotan barruan bertan. Hauetako bat Vermudo zen, aipatua eta azaldua J. Viejoren La onomástica asturiana bajomedieval liburuan, 537-538. or.:
Vermudo (m.)
[...] Origen: Del nombre hispáno-gótico UER(E)-MUDUS, UER(E)-MUNDUS (HGNB 298).
Vermudo debió de ser en Asturias un nombre relativamente frecuente desde el siglo VIII y durante toda la Alta Edad Media, a juzgar por los numerosos testimonios transmitidos por los diplomas conservados. El primer asturiano así llamado del que se tiene constancia es Vermudo, rey de Asturias en el siglo VIII (789-792), mencionado a posteriori en la diplomática como Ueremudi a.876(s.13) CDCatedralOviedo 1,43 n°10; anterior a esta mención, aunque en referencia a un personaje posterior, es Ueremudus a.812(s.11) CDCatedralOviedo 1,8 n°2; en un documento original este nombre se constata desde Ueremudus presbiter a.889(or.) CDCatedralOviedo 1,47 n°12. Su condición de nombre real, primero en la propia Asturias y luego en León, pudo ser un factor importante para su popularización en la época, que garantizó su pervivencia hasta los últimos siglos del Medievo, a lo que debe añadirse la existencia de un Santo Veremundo, abad de Irache, cuyo culto popular, no obstante, parece limitado al Reino de Navarra (BiblSanctorum 12, 1030-1031)
Durangoko toponimoan ezberdintasun batzuk daude baina lehenik antroponimoa zehaztu beharra dago eta hori Vermudo izan zen eta ez Veremudo. Vermudo > Ermodo bilakaeran bi aldaketak baino ez dira beharrezko, hasierako herskariaren galera eta bokal asimilazioa, u-o > o-o. Biak ulergarriak euskal lurretan, alde batetik Vermudo izen arrotza zen eta beraz, euskal hiztunek egokituko zuten eta ondoren, toponimoa sortu zenetik papereratu arte mendeak igaro ziren eta horrek eragina izango zuen toponimo horretan.

miércoles, 12 de noviembre de 2025

Arrankurri toponimoa

 Arrankurri da Abadiñoko kale izen bat. XVIII. mendeko lekuko gehiago daude, izen bera dutela, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Arrancurri [N, TO]
Arrancurri (la casa de) [Traña (cofradia de)], Abadiano, a.1704, FogVizcayaMs., a.1796 [Fogvizc/-]
Arrancurri (la caseria de), Abadiano, a.1745, FogVizcayaMs.
Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta lekuko oso antzeko bat aurkitu da, XVI. mendekoa:

Herri berekoak izanik, toponimo beraren aldaeratzat hartu daiteke. Baina ezberdina denez, galdera sortzen da, zein da aldaera jatorrena, Arrankudi ala Arrankurri? Sarrera honetan Arrankudi lekuko zahartzat hartuko dugu eta Arrankurri izen berriagoa litzateke, bilakaera erregularra ez bada ere. Arrankudi izenak badu bere aldeko datu bat, Arrankudiaga toponimoa. Azken honetan, -aga atzizkiaz gain, beste bi elementu ikusi genituen, *Arranku ustezko antroponimoa eta huri. Gero toponimoa sortu ondoren dardarkari disimilazio bat gertatuko zen, rr-r > rr-d. Bestelako aldaketarik gabe, toponimok iraun du. Abadiñokoa antzekoa izango zen, *Arranku + huri > *Arrankuri > Arrankudi, baina gero beste urrats bat jasan zuen, beharbada Arrankudi ez zegoen erabat finkatua eta *Arrankuri berreskuratu zuten eta azkenik dardarkari asimilazioa izan zen eta biak berdindu ziren: rr-r > rr-rr. Bilakaera hau, lehen adierazi bezala, ez da batere ohikoa baina eskura dauden datuak kontuan hartuz, hauxe da azalbide egiantzekoena.
Lekuko gehiago beharrezkoak dira proposatutako bilakaera berresteko, batez ere XVI.-XVIII. mendeen artekoak, edo lehenagokoak.

Zintururi toponimoa

 Zintururi da Etxebarriko auzo bat. Informazio gehiago agertzen da Asier Bidarten Etxebarriko toponimia liburuan, 86. or.:

Ikus daitekeenez, lekuko zaharrik ez du, zaharrena 1930-32. urteetakoa baita, Cintuduri forma duela. Gerora Cinturi (1951) eta Zintururi (1958) aldaerak hartu izan dira, baita Zintzuri (1978) ere.
Aldaerak kontuan izanik, aldaera jatorrena Zintuduri izan daiteke, Zintururi ahaztu gabe. Ezin da ahaztu toponimoak, gutxienez, bazeukan 500 urte baino askoz gehiago lehenengo lekukoak bildu arte. Beraz, aldaketarako aukera handia izan da. Dena den, oraindik -uri bukaera agertzen da. Aipatzeko beste bi ezaugarri baditu toponimo honek, izenaren bokal guztiak altuak direla, eta horrek adieraz dezake asimilazio joera indartsua izan dela eta bokaletan aldatzeko aukera kontuan hartu beharra dagoela. Bestetik, /nt/ fonema bikotea ez da batere ohikoa eta horrek, bokalekin ez bezala, ezaugarri zaharraren aztarrena erakuts dezake. Beraz, ZVntVr- formako antroponimoa bilatu beharra dago, jakinik r-r > d-r bilakaera gerta zitekeela. Izen egokiena zalantza handirik gabe, Zentol izan daiteke, Erdi Aroan izen ezaguna, Centullus latinaren ondorengoa.
Zentol antroponimoaren lekuko batzuk, Colección Diplomática del Concejo de Segura (Guipúzcoa) (1290-1500). Tomo II (1401-1450) liburutik jasoak: 
Çentol, carneçero, 90. agirian, 1401. urtean 
Pero Çentol de Masquiaran, 94. agirian, 1402. urtean
Çentol de Asesayn, 94. agirian, 1402. urtean
Lope Çentol de Yraegui, 145. agirian, 1426. urtean 
Pero Çentol de Bicunna, 149. agirian, 1426. urtean
Çentol Peres d'Oria, escrivano del Rey, 165. agirian, 1433. urtean
Proposatutako analisia zuzena balitz, Zentol + huri genuke toponimoaren egitura, oinarriaren bi bokalak aldatuko ziren, eta, beharbada hasierako *Zentol(h)uri aldatuko zen, *Zentoruri bihurtuz. Gero r-r > d-r disimilazioa gertatuko zen, Arrankudiaga toponimorako susmatu bezala. Egungo Zintururi beharbada Zintuduriren aldaera berantiarra izan liteke, baina hau ez da nahitaezkoa. Bokaletan asimilazioa gertatu da, huri elementuaren eraginez ziurrenik. Hala ere, Centullo erdal aldaera ezaguturik, *Zentul izatea ez litzateke ezinezkoa, baina ez beharrezkoa.

lunes, 10 de noviembre de 2025

Lekanduri toponimoa

 Lekanduri da Orozkoko auzo bat. Jakinik Orozko eta Zeanuri herrien artean badela Lekanda izeneko mendia, analisia Lekanda + huri izatea ez litzateke harritzekoa. Baina lekuko zaharrenek egoera nahasten dute, bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta Lekanduriz gain, Lakenduri eta Lekenduri deituren lekukoak aurkitu dira. Ordena alfabetikoan, jarriz, Lakenduriren 21 lekuko aurkitu dira, zaharrenak 1556. urtekoak, hauek zaharrenak dira:

Lekandurirenak askoz gehiago dira, 99 lekuko eta zaharrena 1557. urtekoa da:
Azkenik, Lekenduri ere izan zen, baina bost lekuko baino ez ditu, agerpen data beste urtekoen bertsukoa da:
Hauekin batera, beste bat dago, zaharragoa, Archivo Foral de Bizkaia Sección Municipal. Documentación Medieval (1326-1520) liburuko Pedro de Lequenduri, 23.agirian, 1518. urtean.
Beraz, hiru aldaera badira, eta guztiak toponimo bakarrari dagozkio. Bat jatorrena izan beharko zuen eta besteak horretatik sortuak. Irizpide kronologikoak ez du balio, guztiak garai bertsukoak direlako. Baina jakinik huri izenaren aurrean antroponimo bat agertu ohi dela, lehentasuna Lakenduri-ri egokituko litzaioke. Oinarria Lakendi PI ezaguna litzateke eta Mitxelenak aztertu zuen bere El genitivo en la onomástica medieval lanean:
En cuanto a Laquentize (Lequentize), se conservó en Navarra, como lo demuestra un documento no fechado de Irache, donde se lee «agrum quem vocitant Belasco Laschentiztegia a limite de Belasco Laquentiz». Tampoco ofrece dificultades su derivación de Laquenti que se encuentra, aunque al parecer como patronímico, en el documento de Oña del año 944 que se acaba de citar: Garcia Laquenti. Su etimología tampoco ofrece dudas si recordamos el nombre Placenti que ocurre con frecuencia en el Becerro de Cardeña, por ejemplo.
Beraz, Lekanduri eta Lekenduri aldaerak lirateke. Lekuko gutxien dituena Lekenduri da eta aldaketa bakarra, bokala, Lakenduri > Lekenduri. Ziurrenik bokal asimilazioa gertatuko zen. Lekanduri toponimoak bokal metatesia jasan omen zuen, a-e > e-a. Arrazoiren bat bilatzeko, Lekanda toponimoan egongo litzateke, Lakendi antroponimoak mende batzuk iraun zituen baina Erdi Aroaren bukaera aldean jada ez zen erabiltzen; beraz, Lakendi eta Lakenduri izenen arteko harremana moztu zen eta toponimoari aldaketak gertatzeko bideari aukera ireki zitzaion. Batetik, bokal asimilazioaren bitartez, Lekenduri, esanahirik gabe geratu zena. Beste aldetik, Lekanduri, non toponimo hau eta herri bereko Lekanda loturik geratu ziren.

Garinduri toponimoa

 Garinduri da Urkabustaizko aurkintza bat. Mendi aldekoa da, eta beharbada horrek azal dezake Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa liburuan ez egotea. 
Lekuko zaharrena XV. mendekoa da, 1445. urtekoa, Sancho Ruys de Garindury morador en Murguia (Honra de hidalgos, yugo de labradores, 92. or.). Ez da lekukorik bildu gaur egungoen arte, eta hauetan, aldaera zaharrari eutsi diote, inolako aldaketarik gabe.
Izenaren analisia egiteko, aukerarik sinpleena Garindo + huri litzateke, Garindo PI litzateke Galindo ezagunaren euskal aldaera, bokalarteko l > r bilakaera jasoa duena. (Erdi Aroko lekukoen artean, nafar bat: Garindo Sansoiz, Iratxe, 51. agirian, 1072. urtean).
Ezin alde batera utzi Galindo + huri ere ezinezkoa ez dela. Horrela *Galinduri sortu eta ondoren urkarien asimilazioa gertatuko zela. Baina jakinik Garindo bazela, ez luke inolako oztoporik uste izateko euskal aldaera erabili zutela euskal toponimo bat sortzeko. Euskal toponimoetan euskarara egokitutako antroponimoa aurkitzea normalena litzateke, beraz, Enekuri toponimoan Eneko, eta ez Íñigo. Hala ere, Ellakuri diferentea izan liteke, oinarria Bellako izango zelako eta ez Belako, Belakuri toponimoaren sarreran azalpena.

viernes, 7 de noviembre de 2025

Erkoles toponimoa

 Erkoles da Zornotzako baserria eta auzoa; toponimo eratorri bat du, Erkolesaldeko basoak.
XVIII. mende osoa hartzen duten hiru lekuko daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Hercoles [N, TO]
Ercoles (la cassa de) [Dudea (cofradia de)], Echano 18.1796, FogVizcayaMs.
Ercoles (la taberna llamada de) [Dudea (cofradia de)], Echano, a.1745, FogVizcayaMs.
Hercoles (la cassa de), Echano, a.1704, FogVizcayaMs.
Toponimoan antroponimo ezagun bat dago, Herkules, Herakles greziar heroiaren erromatar izena, hau ere apur bat aldatua, Hercoles aldaera erabiliz.
Erdi Aroan ere ezaguna izan zen eta horrela, Lope Garcia de Salazarren Bienandanzas e fortunas liburuko aipuak, 1475. urte ingurukoak. Liburu honen atal batzuetan agertzen da. Lehena 2. liburuaren bukaeran aipu luzea dakar:
Aquí se acaba el libro segundo de los veinte e çinco libros que Lope Garçía de Salazar fizo en esta Istoria de las bienandanças e fortunas, estando preso en la su casa de Sant Martín, e comiénçase el terçero libro, en que fabla de la puebla e fundamiento de la noble çibudad de Troya, desde Dardanio, su primero rey que la fundó e pobló; e de las destruiçiones primeras que los esparcos e el rey Arbeco en ella fizieron en el enreinamiento de los reyes Enconio e Tronus; e de la terçera destruiçión qu'el noble cavallero Hércoles de Greçia en ella fizo e de la muerte de Laomedón, qu'él mató; e del linaje de Jasón e de los fechos que en la isla de Colcas sobre la lana dorada fizo; e de la sabia Medea e de las sus crueldades; e de los estraños fechos que el dicho Hércoles fizo en Greçia e en todas las otras partidas del mundo fizo e de la su cruel e desaventurada muerte; e de cómo se mató Daimira, su muger, por ella; e de cómo el infante Príamo después reinó en Troya, reparó e avolliçió; e del naçimiento de Paris e del consejo qu'el rey Príamos ovo con los suyos; e de cómo Paris traxo a la reina Helena de Greçia; e de cómo los griegos venieron sobre la çibudad de Troya e de las naos e prínçipes que allí venieron. E comiénçase en fojas XXXVII.
Hurrengo bi liburuetan (kapituluetan) ere agertzen da, Hercoles aldaerarekin. Izena ezaguna zen euskal lurretan eta horren erakusgarria da Zornotzako toponimo hau. Bide batez, interesgarria da Hercolesen aldaera, badakigu nahiko zaharra dela eta garai batean Herkules izenak ordezkatu zuela. Toponimoa, ziurrenik, hori gertatu baino lehenagokoa da.

Ellauri toponimoa

Ellauri da Zeanuriko baserria eta biztanlegunea, toponimo eratorri bat du, Ellaurikolarrea izeneko tontorra. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrena XVII. mendekoa da, Ellauri (1670).
Toponimoa deitura bihurtu zen eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendearen bukaeratik lekukoak agertzen dira:

Toponimoa oso egonkorra izan eta ez da aldaketarik aurkitu azken 40 urteetan. Beraz, analisia izen horretatik hasiko da eta agerikoa da bi elementu dituela, bukaeran huri izena, Zeanuri toponimoan bezala eta oinarrian oso ohikoa da antroponimo bat izatea eta aukerakoena Bella litzateke, Vigila germanikoaren aldaera bat, A. Irigoienen De re philologica linguae uasconicae V liburuan aipatua:

Belaco a.1072 GzMorenoBRAH (35) 197ss., frente a la extendida forma masculina Bela, la cual alterna con Bella, ambas reducción de la visigótica Vigila, véase Domno Belati en (+-ti). Como señala Julio Caro Baroja (36), el libro del linaje de la casa de Ayala, refiriéndose a la época de Alfonso VI, año 1076, en que parece que existió el primer señor del valle alavés así llamado, afirma lo siguiente: "E los que vinieron a poblar la tierra de Ayala, dellos eran vascongados, e dellos latinados. E los vascongados llamaron a este don Vela JaunVelaco, e los latinados Don Belaco".
Hala izan bazen, aldaketa bat gertatu zen, hasierako herskaria galdu zelako. Gertaera hau ohikoa da b- hasiera duten hitz batzuekin. Gogoan hartzekoa da Ellakuria toponimoa, aztergai den toponimoarekin oso lotura handia duena eta bilakaera bera jasan zuena, herskari ezpainkaria galduz, Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan azaldua:

147. —bele, bela «cuervo» [...] Para Vigila, Veila, Vela, patr. Veilaz, etc., remito a Menéndez Pidal, Orígenes § 142. No creo que haya que descartar la posibilidad de que cast. bellaco sea un diminutivo de este antropónimo. Así vizc. Ellacuria (hay también Ellacuriaga) seria el equivalente de Villa Bellaco en doc. leonés de 1073.

miércoles, 5 de noviembre de 2025

Belakuri toponimoa

 Belakuri da Lezamako baso bat. Badu toponimo eratorri bat, Belakuriko iturria. Lekukoa bakarra eta gauregungoa. Horrek analisia zailtzen du, eta zalantzazko bihurtzen, baina toponimoaren egitura argiak, beharbada, forma zaharrari eutsi dio. Alde horretatik toponimoa gardena da, Belako PI + huri > Belakuri, aldaketarik gabe. Belako ez da lekuko ugariko izena, baina badu nahiko zaharra den bat, harri gaineko idazkun batean, Basauriko Finagako nekropolian aurkitua. Testua, Belaco Filius, IX.-X. mendekoa (Azkarate & Garzia, 1996, 166-168 orrialdeetan).) Lekuko baliotsua da Lope García de Salazar-en La Cronica de Vizcaya liburuan XV. mende erdikoan idatzitakoa (Gandarias, 1986, 55):

E los que vinieron a poblar la tierra [Aiara] eran d’ellos bascongados e d’ellos latinados, e los bascongados (2) llaman a don Bela don Belaco, e los latinados don Bellaco, e fisole conde el rey e llamáronle el conde don Bela, e éste pobló la tierra e aforóla.
Beraz, García de Salazar-en arabera, euskaraz don Belaco zena, don Bellaco zen erdaraz. Interesgarria da Laudioko Ellakuri toponimoa, oinarrian, antza denez, Bellako duelako. Nahiz eta bi toponimoak euskaraz sortuak izan, batean Bellako erabili zen eta bestean Belako, beharbada Laudio aldekoa arkaismoa da. Dirudienez, Bizkai aldean Belako izena nahiko erabilia izan zen, toponimo batzuen oinarria delako, Belakoerrota goikoa eta Belakotegi toponimoak, blog honetan aztertuak.

Begiuri toponimoa

 Begiuri izan zen Arabako toponimo bat, Zuia ingurukoa, bildutako lekuko guztiak han kokatzen direlako. Badirudi gaur egunera arte heldu ez dela. Lekuko guztiak pertsona izenetakoak dira, ez lekuari erreferentzia egiten diotenak. Toponimoaren bilaketa izan da, ondoriorik gabe; adibidez, ez dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan.
XV. mendeko lekukoak ditugu, bi iturritik jasoak. Honra de hidalgos liburukoak dira Pero Sanches de Veguiury morador en Ameçaga, Pero Sanches de Veguiury morador en Urabiano, Martin de Veguiury morador en Urabiano eta Juan Dias de Veguiury morador en Urabiano, 92. or., 1445. urtekoak.
Hurrengo mendekoa da Archivo Foral de Bizkaia Sección Municipal. Documentación Medieval (1326-1520) liburuko Pedro de Beguiuri, 23. agirian. 1518. urtekoan, 273. or. Agiri berean Pedro de Urguiuri izeneko bat dago liburuaren orrialde batzuk aurrerago (23. agirian, 1518. urtekoan, 280. or.), baina biek pertsona izen berdinez inguraturik agertzen direnez, nahiko argi dago gizon bera dela eta <Urguiuri>, ziurrenik, kakografia dela.
Lekukoetan ez dago aldaerarik eta, beraz, Begiuri formatik azterketa hasi beharra dago. Alde batera utzi dugu begi + huri analisia, formaren aldetik ez luke inolako aldaketarik eskatuko baina alde semantikotik ez du zentzu handirik. Horrela, oinarrian antroponimoa dagoelako hipotesiarekin lana egin beharra dago. Erdi Aroko antroponimoen zerrendari behakoa eman eta beg- hasierako izen ezaguna bada, Vegila germanikoa, hain zuzen. Izen horrek aldaera ugari baditu, gutxienez, Vigila, Veila eta Vela. Eta beharbada Beira, 175. agirian, 1169. urtean), hapax bat Nafarroako lekukoetan. Toponimoaren formari hobekien egokitzen zaiona Vegila litzateke, baina Beira izenak aukera ematen du *Begira zaharrago bat oinarria izateko. Beraz, Vegila egokitu gabea edo *Begira, bokal arteko l > r araua betea duena baina lekukorik utzi ez duena, nahiz eta Beira-k bere aukera erakutsi. Vegila zein *Begira, toponimoa osatzerakoan ez ziren geratu aldatu gabe, *Begilauri edo *Begirauri, /a/ galduko zuen eta ondoren /r/ edo /l/ galduko zuten azkeneko dardarkariarengatik, disimilazioz.
Nahiz eta toponimoaren kokapen zehatza ez jakin, lekukoek Zuia aipatzen dute, eta zaharrenek Urabiano, egun leku despopulatua. Begiuri egon zitekeenetik ez oso urrun, Amurrioko udalerrian badira Biguri eta Bigurizabal toponimoak. Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan, 502. or.:

VIGURI, caserío de Lezama.
VIGURIZABAL, término en Larrimbe.
Larrinbe eta Lezama dira Amurrioko eremuak, Zuiatik nahiko hurbil. Biguri deituraren bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta lekuko gehienak Urduña eta Amurriokoak dira, lehenengo lekukoa 1508. urtekoa da:

Begiuri ere bilatu da baina oso lekuko gutxi aurkitu dira, lau guztira, zaharrena XVI. mendekoa baina beste hirurak hurrengo mendekoak:
Begiuri > Biguri bilakaerak ez du oztoporik, areago jakinez gero Zuian bertan XVI. mende erdialdean badela Biguri-ren aztarrena Eliz artxiboetan. Beraz, baditugu bi toponimo, Begiuri eta Biguri, bata Zuiakoa omen zen, bestea Amurriokoa, eta bi herriak elkarren artean hurbil daude. Azalpen bat bilatzeko, Zuian bazen Begiuri toponimoa, Biguri bihurtu zena eta gero desagertu, eta gerora Amurrion Biguri deitura toponimo bihurtu zen? Amurrioko toponimoaren lekuko zaharrak beharrezkoak lirateke azalpen zehatzago bat aurkitzeko. Hala ere, Biguri oso aspaldikoa da Amurrion, XVI. mendean agertzen delako eta Begiuri oraindik bazegoen Zuian hurrengo mendean. Dena den, beste aukera bat izan liteke bi toponimo hauek hasieratik bereizirik sortu zirela, nahiz eta jatorri bera izan, Vegila zein *Begira eta huri. Amurrion bilakaera azkarra izan eta Biguri bezala finkatu zen eta Zuiakoa Begiuri izan zen mendeetan eta azkenean galdu zen.