martes, 29 de diciembre de 2020

Galdosa toponimoa

 Lemoako toponimo honen lekukoak Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburutik hartu dira:

Galdasoa [N, TO]
Galdasoa (la casa de) [Lemona_Uria (uarrio de)], Lemona, a.1704, FogVizcayaMs.

Galdosa [N, TO]
Galdosa (la casa de) [Lemonauria (uarrio de)], Lemona, a.1796, FogVizcayaMs.
Galdoza (la caseria de) [Goico_Vria (varrio de)], Lemona, a.1745, FogVizcayaMs.
Hiru aldaera daude, Galdasoa, Galdosa eta Galdoza. Azkena, ziurrenik, hiperzuzenketagatik sortua da, bi txistukariak batu zirenean, s eta z, azkena galdu zen eta hainbatetan, hiztunek galdutako txistukaria berreskuratu zuten, baina zenbaitetan jatorrian izenak ez zeukan txistukaria ipini zioten.
Beste bi aldaeren artean, kronologiak eta etimologiak laguntzen du aukeratzeko jatorritik hurbilen dagoena, Galdasoa.
Galdasoa izenak aldaketa bat baino gehiago jaso zituen, paperera jarri baino lehenago. Horretarako egokiak dira aipatutako liburu berean dauden beste lekuko batzuk:
Cadalzo [N, TO]
Cadaalso (la casa de), Fica, a.1641, FogVizcayaMs.
Cadalso (el molino de), Fica, a.1704, FogVizcayaMs.
Cadalso (el molino de) [Zamudio (en el partido de)], Munguia (anteiglesia de), a.1796, FogVizcayaMs.
Azken toponimo hauetan cadalso erdal hitza egongo litzateke:
Un cadalso (Cadafalc, echafaud, scaffold, Schaffot, con derivados del latín cadafalcum, en muchas otras lenguas románicas) era una estructura, un tablado que se levantaba para actos solemnes en medio de una iglesia con fines religiosos o en la plaza principal de una población (por ejemplo, para recibir al Rey).
[...]
Una aplicación popular del término cadalso se refería a una plataforma provisional, construida generalmente de madera, en la plaza principal de una ciudad para ejecutar públicamente una pena de muerte como escarmiento.
Nahiz eta euskaraz lekukorik ez izan, hitza ez zen ezezaguna izango, baina aipatutako toponimoetan erdal hitza izan zitekeen edo erdal toponimo bat, deitura bihurtua eta Bizkaira etorria. Dena den toponimo hauetako jatorrizko hitza cadalso da, baita Galdosa toponimoan ere. Aldaketa batzuk gertatu dira, c- > g-, hasierako belarearen ahostuntzea, eta bigarren silabako /l/, lehenengora mugitu zen. Galdasoa aldaeran -a artikulua litzateke, baina Galdosa izenean *Galdaso > Galdosa bilakaera gertatuko zen, a-o > o-a bokal metatesia.

Jaunmartxinsantxeskorta toponimoa

 Toponimo luze hau Archivo Municipal de Elgueta (1181-1520) izeneko liburuan dago, dirudienez desagertu zen eta, beraz, liburu horrena da toponimo honetaz bildu daitekeen informazio zaharrena eta, beharbada, bakarra.
Hiru lekuko daude, hirurak ezberdinak, lehenengoa 34. agirian, 1458. urtean:

E el dicho sel llamado Vlabarr ha por linderos de la vna parte el exido que llaman Barluçe, e de la otra el sel que llaman de Martínsanchescorta.
Azken bi lekukoak, 45. agirian, 1482. urtean:
Testimonio de Pero Peres de Leaniz e Martín Yvannes de Asurdi e Furtuno de Ugalde, sobre el monte de Jaunmartínsaescorta.
[...]
e por ello que avía mandado el dicho conçejo vender el monte del sel de Donmartínsaescorta e dixieron al dicho alcalde que dyese un plazo conbenible para cortar el dicho monte para carbón.
Toponimoak hiru aldaera ditu, Martínsanchescorta, Jaunmartínsaescorta eta Donmartínsaescorta. Bitxiak dira azken bi lekukoak, agiri berean izanik, hasiera ezberdinak izatea, jaun- eta don-, bi elementuak sinominotzat har zitezkeen seinale. Lehenengo aldaerak ez du hartu inolako elementurik hasieran, jaun edo don. Azken ezberdintasuna patronimikoari dagokio, lehenengoan Santxez dena, beste bietan Saez da, biak Santxo antroponimoaren patronimikoak eta garai haietan erabat finkatu gabeak ziren.
Toponimoak hiru/lau elementu lituzke, jaun/don + Martin + Santxez/Saez + korta. Azken hitz horretaz, gogoratu beharra dago testuetan toponimoa mendia da eta saroe bat, korta hitzaren esanahietako bat.

sábado, 26 de diciembre de 2020

Periko eta Perikoena toponimoak

 Bi toponimo hauek Arrasaten daude, lekuko zaharrenak XVIII. mendearen bukaerakoak dira. Lekukoak Arrasateko toponimia liburuan bilduak dira, 155. or.:

Toponimoen analisiak ez du zailtasun handirik, bietan Periko antroponimo hipokoristikoa dago, gaztelaniaz zein euskaraz ezaguna, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan badaude izen honen azalpena eta lekuko batzuk, 125. or.:
Periko (Pedro, Pero, Peru): Periquo (Piedramillera, XIV. m., Irantzu, 225. or.), Perico (Dg., 1378, Doc.Gasc., 127, 135. or.), «Perico, hijo de Pero Sanchiz» (Gares, 1412, Castro, XXIX, 321, 164. or.), Perico de Vlçola (Mark., 1499, Enríquez, 1989, 30), Perico de Balcola (ibid., 31), «Pedro de Arimendi, cuia es la dicha casa e caseria de Arimendi, vecino de la dicha villa, e Perico de Arimendi, su fijo lejitimo» (Ber., 1509, Lema, 2007, 66, 434. or.), «Juan Ferrandes d’Eyçaguirre e Perico, su criado» (Ber., 1520, ibid., 135, 668. or.)...
Salaberriren arabera, atzizkia -iko litzateke, baina gaineratzen du, "Kasuren batean menturaz Peri + -ko uler liteke."
Periko toponimoan antroponimo hutsa dagoen bitartean, Perikoena toponimoan -(r)en + -a atzizkiak izango lirateke, ohikoak etxe izenetan.

sábado, 19 de diciembre de 2020

Uratsa toponimoa

 Zornotzako toponimoen artean Uratsa dago. Lekuko zaharrik ez du baina ahozko lekukoen bitartez iturri honen izena ezaguna da.
Toponimoan hitz elkartu bat dago, ur-hats, ur eta hats hitzen elkarketa:

urats.
(V), uratz (V-gip), ur-hats (L), uretz (V-gip), ugats (V, G-goi). Ref.: A (urats, ugats); Lh (ur-hats); Iz ArOñ (uratz, urétz); Elexp Berg.
Agua sulfurosa. "Uratsa esaten iako erderazko agua sulfurosari" A Ezale 1897, 298a. "Balnearixotan egoten da uratsa" Elexp Berg.
Ur utsa edaten dau, urats edo me-urakaz sarri nastaurik. A Ezale 1898, 142a.
ugats ( VocZeg ).
"Agua mineral ferruginosa" VocZeg 285.
Toponimoaren lekuko zaharrik bildurik ez dagoenez, ezin jakin noizkoa den toponimoa, urats hitza egun ere ezaguna delako.

Emadantegi toponimoa

 Arabako toponimo hau Galarreta eta Zalduondo herrien artean zegoen, behin azaltzen da XV. mendearen erdialdean, Documentación Municipal de la Cuadrilla de Salvatierra: municipios de Asparrena y Zalduondo (1332-1520) liburuan badago lekuko bakarra, 11. agirian, 1469. urtean:

... que del lugar llamado Ururcullua, donde las dos aguas se juntan, ençima del valle de Jaunlopeasteisarana, que dizen e declara asi la dicha sentencia como los dichos testigos, que pusyeron y estaua vn mojon en el lugar llamado Emadantegui, alla donde las aberturas de las ayas.
Nahiz eta lekuko bakarra izan, toponimoa nahiko zaharra da eta dituen elementuak ezagunak dira, bi aldaketa txiki baino ez dira behar. Bi elementuz osaturik izango zen, demanda izena eta -tegi atzizkia.
Orotariko Euskal Hiztegian bildutako lekukoak gutxi dira:
1. (Lcc, Urt).
Demanda.
2. (V-gip, G-azp). Ref.: Etxba Eib; Elexp Berg.
Disputa, discusión, jaleo.
Gertatutako lehenengo aldaketa da hasierako horzkaria galdu zela, beharbada demanda hitzaren beste horzkariaren eraginez galdua, disimilazioagatik. Blog honetan badago beste toponimo bat, demanda hitza duena eta aldaketa bera jasoa duena, Emandasoro toponimoa, hain zuzen.
Bigarren aldaketa /n/ sudurkariari dagokio, silabaz aldatu delako, bigarrenetik hirugarrenera, ziurrenik toponimoa osaturik zegoenean: Demanda + -tegi > *Demandategi > *Emandategi > Emadantegi. Gerta liteke toponimoaren oinarria demanda izan beharrean *emanda izatea, baino hitz honen beste lekukorik ez dago.
Toponimoaren izenaren arrazoia testu berean aurki daiteke, mugarri bat aipaten dute, lekua bi herriren artean zegoela eta askotan mugako lekuak auzi iturri izan dira.

martes, 15 de diciembre de 2020

Belakasoro toponimoa

 Belakasoro Olaberriko aurkintza baten izena da, beraz, Gipuzkoako toponimoa da.
Lekuko zaharrik eskura ez badago ere, analisi bat proposa liteke, nahiz eta elementu baten lekukorik ez izan.
Toponimoak bi elementu lituzke, belaka- eta soro. Lehenengoa ezezaguna da, baina Belako antroponimoa bada eta, emakumezko aldaera izan liteke *Belaka.
Dena den, lekuko zaharrik ez dago eta *Belaka ustezko antroponimoa bizi omen zeneko garaia oso urrun izango litzateke, baita ere toponimoa sortuko zenetik. Mendeetako joanak aldaketak sortaraz zitzakeen eta, horregatik, hemen aurkeztutako etimologiaren ziurtasuna ez da handia.

Muskerzuloa toponimoa

 Lizarrako toponimo zaharren artean bazen Muskerzuloa, XIV. mendeko lekuko bakar baten bitartez ezaguna. Toponimoaren dokumentazioa José María Jimeno Jurioren Estella/Lizarra. Toponimia lanekoa da, 151. or.:

 Izena ez da iluna, bi elementuz osaturik dago, musker eta zulo, -a artikulua ahaztu gabe. Baina toponimo honi esker, musker hitzaren lehenengo lekukoa aurreratu ahalko genuke ia bi mende, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, aipatutako lekukoa Landucciren hiztegikoa litzateke, 1562. urtekoa.

sábado, 12 de diciembre de 2020

Gabiarostegi toponimoa

 Gabiarostegi izeneko etxea bazen Zornotzan. Toponimo honen lekukoak XIX. mende erdialdekoak dira, bietan idazkera bera dute eta, alde horretatik, ezberdintasunik ez.
Toponimoak bi elementu lituzke, gabi-arotz eta -tegi.
Gabi-arotz izen elkartua zaharra da, lehenengo lekukoak XV. mendekoak direlako. Hitzak, dena den, utzi duen lekukotza ez da oso handia:

 GABI-AROTZ ( (V-arc, AN-gip)). Ref.: A; Lek Oyarzun 106. "Macero" A (que cita RS). "Yohanne era gauiaroz en la ferrería de Hurto" (Areso, 1423) FLV 1991, 287. "Ferrero del grant maço de obrar fierro, que en vascuenz claman gauiaroz" (Echalar, 1430). Ib. 287. "Los olaguizones o gabiarotzes, como se les llamaba en Oy[arzun] a los labradores de hierro" Lek Oyarzun 106.
Gabiarotz barriak galbaeaz ura. "El macero nuevo" . RS 62. Ez da geroztik iñon /. tiriki-tau otsik; / ez du iñork ezagutzen / gaur gabi-arotzik. "Obreros ferrones". Or Eus 213. Gaur gora nai nukela / nik Gabi-arotza, / bai burni-arotza, / mailluaren otsa. "Al que maneja el martinete". Ib. 210.
Gabiarostegi toponimoa, beraz, beste lekuko bat gehiago litzateke, beharbada gabi-arotz izenaren lekuko toponimiko bakarra.

viernes, 11 de diciembre de 2020

Txiriboketa toponimoa

 Zornotzako toponimo honek lekuko bakarra du, Chiriboqueta, 1909. urteko lekukoa. Beste lekukorik ez badago ere, toponimoaren analisia, ezustekorik gertatu ezean, ez da zaila, hitz zahar bat ezagutuz gero, txiriboga:

txiriboga.
Etim. Para su posible origen en synagoga, v. SHLV I 108s.
(Aizk, H (<ch->), A), txiologa (A, que cita RS).
Mesón. "Mesón, taberna" A. Azkue, que cita a Labayru (Hist III 88), da para txiriboga la traducción errónea de "vino para enfermos".
Txiologako mirabeak gau txaburra ta egun luzeak. "La sirvienta del mesón" . RS 487. (según el ed. J. A. Lakarra, se trata de errata por txiriboga) Txiologa edo ostatu-etxe batean sartu da. Erkiag BatB 167. Txiologa apal batean topau dau beretzat abiatxua. Jan ta lo egiteko alogua. Ib. 169.
Hitz honek utzi duen lekukotza nahiko txikia da eta Txiriboketa toponimoaren lekukoa, horregatik, inportantea da hitz honen historian.
Toponimoan, beraz, txiriboga + -eta izango genuke. Aldaketa bakarra izenaren azken belareari dagokio, ziurrenik bokal asimilazioa gertatu da, g-t > k-t, edo beharbada toponimoa Chiribogueta idatzi nahiko zuten eta akats bat gertatuko zen, bi idazkerak oso antzekoak direlako.

Merkaderzelai toponimoa

 Bi lekuko baino ez zaizkio ezagutzen Arrasateko toponimo honi, biak 1475. urtekoak. Arrasateko toponimia liburuko 280. orrialdean daude:


 Bigarren lekukoa pluralean dago, gaztelaniaz, eta ematen du izen elkartua zela. Bi elementu ditu, merkader eta zelai, azkena oso arrunta. Mercader ezaguna da gaztelaniaz, baina euskaraz ez, euskal kidea merkatari delako. Mercader lanbide izena izateaz gain, deitura ere bada, baina toponimo honetan, diudienez, izen arrunta izango litzateke, eta bigarren lekukoak iritzi hori sendotuko luke.
Mercader erdal hitzaren erabilera euskal toponimo batean, hain garai zaharrean ez da ohikoa, baina kasu honetan euskal hitza ordezkatzea lortu zuen.

miércoles, 9 de diciembre de 2020

Belakostegi toponimoa

 Arrasateko toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XV. mendearen erdialdekoa. Arrasateko toponimia liburuko 179. orrialdean:


 Toponimoak bi elementu izango lituzke, Belako antroponimoa eta estegi izena, blog honetan aztertutako Jandustegi toponimoan bezala.
Badago beste aukera bat, oinarrian patronimiko bat izatea, *Belakoiz, ondoren *Belakox bihurtu liteke iz > x bilakaeragatik, sartaldean ohikoa dena eta azken honi -tegi gehiturik, *Belakoxtegi sortuko zen, ondoren Belakostegi bihurtua, herskari aurreko txistukari neutralizazioagatik. Baina azkeneko hau, posiblea bada ere, hipotetikoa da, daturik ez dagoelako, baina bilakabidea ohikoa izan liteke.

Amenabar toponimoa

 Amenabar toponimoa Gipuzkoan aurkitu ahal da, Beizamako auzo bat da eta Asteasuko baserri bat.
Izen honetaz ezagutzen den etimologia dago Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan:

40. — ametz «carballo, quejigo» (Azkue), «melojo, Quercus Toza» (Aranzadi): Amezaga, Amezpetu, Amezqueta, Amezti (Ameizti), Ameztoy, Amezua; Amenabar, Amechazurra, Amescaray; Mezcorta. Azkue ve en ametz el radical de Amezcoa, Amezcua (Amescua, Mescua).
Aipu luzeagoa, etimologia osoa ematen du nabar hitzari emandako sarreran:
464. — nabar «pardo» «abigarrado»: Areiznabar, Arnabar (Arrinabar, Harnabar), Zuaznabar (top. Zuhaznabar en Guip. en 1025). De ametz nabar procede seguramente el ap. Amenabar. Acaso Navarcorena y Navarlaz. Creo que no puede excluirse la posibilidad de que nabar (del cual parece haberse formado nabari «notorio, manifiesto») sea un derivado de naba: cf. acaso bidenabar «de paso» «al encuentro» «a medio camino», etc. El top. Ariç nauarieta, s. XII, habrá de leerse Ariç nauarreta. Como topónimo, el actual Navarlaz aparece como Nauarr Olatze, Roncesvalles 1284.

Beraz ametz + nabar > Amenabar. Ez du aldaketa fonetiko horren adibide gehiago, baina bi kontraadibide izan daitezkeenak, gutxienez, aipatzen ditu liburu berean, Arizmendi eta Ariznabarreta:

59. [...], Arechabaleta, Arechaga, Arechederra, Arechederreta, Arecheta, Arechu, Arechuloeta (aretx-zulo-eta), Arechuloaga; Arejola (Arexola); Arizabaleta, Arizabalo, Arizaga, Arizarte, Arizcorreta, Arizeta, Arizgoiti, Arizmendi (Harismendi, Arismendiarrieta), Ariznabarreta
Gainera, badago Ariznabarra, Gasteizko auzo bat.
Beraz, txistukariaren ondoren sudurkaria badago, ez da nahi ta nahi ez txistukaria galtzen. Dena den, gogoan hartzekoa da ez nuen > enuen bezalako laburketa. Beharbada oinarrian /m/ izateak eragina izan zezakeen? Mitxelenak hori ez zuen azaldu.
Beste azalbide bat posiblea da, eta aztarrena ematen du XVIII. mende erdialdeko lekuko bakar batek, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan aurkitua:

Abenabar [N, NO]
Abenabar (ynquilino) (Joseph de) [Ybarrola y Zetoquiz (varrio de)], Murelaga, a.1745, FogVizcayaMs.
Lekuko gehiagorik ez dago, baina, bere bakartasunean, Amenabar izenaren elementuak agerian izan zitzakeen, habe + nabar. Mitxelenak, aipatutako liburuan badu leku bat habe izenarentzat:

6. — (h)abe (ant. vizc.) «árbol», (común) «columna»: Abaunz, Abaunza (Habaunza), aunque podría también ser un der. del vizc. abe «panal», algo así como Colmenares. Además Abaurrea: «y algunos echan bidigazas en los ríos, y arroyos que passán por los tales exidos, y ponen assimesmo abeurreas ten otros pásajes abehurreas] (que son señal de Casa) para poner en aquel lugar, do aquellas señales echan, pressa de Herreria, ó Molino, ó rueda, ó la tal casulla, para edificar ende Ferreña, ó Molino, ó ruedas...» (Fuero de Vizcaya, tít. 24, ley IV, cit. por J. Gárate, RIEV XXIV, 95).
Aspaldian habe 'zuhaitz' izan zen eta beraz, Zuaznabar toponimoaren sinonimoa izan zitekeen. Aldaketa bat jasan zuen, b-n > m-n asimilazioa, Mikendi toponimoan gertatutako fenomeno bera.
Beraz, aukera bada Amenabar izatea habe + nabar. Beharrezko aldaketa bakarra aski ezaguna da eta zabaldua.

sábado, 5 de diciembre de 2020

Arruriaga toponimoa

 Arruriaga izeneko kalea bada Bergaran.
Bergarako artxiboa webgunearen arabera, Arruriaga toponimoak bizitza luzea izan du, XVI. mendearen bukaeratik, gutxienez. Aldaketarik ere ez da nabaritzen aurkitutako lekukoetan eta, beraz, Arruriaga da analizatzeko hitza.
Arruriaga izenak ez du zailtasun handirik, har- 'harri' + huri + -aga delako, aldaketa beharrik gabe. Baina alde semantikoan badu aipatzekoa den huri izenaren esanahia. Huri da hiri ezagunaren sartaldeko aldaera, egun herri handiei hiri izena ematen zaie eta, beraz, Euskal Herrian hiri gutxi daude. Baina toponimian hiri/huri ugari daude, batez ere azken aldaerakoak: Enekuri, Obekuri eta beste asko. Aldaketa semantiko handia gertatu da, ondoko erdaretan gertatu zenaren berdintsua, garai batean villa zen landa eremuko etxe bat, baserri moduko bat, baina mendeak igaro eta villa erabilia izan zen herriak izendatzeko, egungo euskaraz hiribildu izena hartu dutenak. Arruriaga bezalako izen bat ez da azkeneko multzo horretan sartzekoa, izenean aipatuko zena eraikin bat izango zelako, harriz egindakoa eta horrek nabarmen bihurtu zuelako, garai hartan etxe gehienek egurrez eginak izango zirelako.

jueves, 3 de diciembre de 2020

Larrageria toponimoa

 Arrasateko toponimo honen lekukoak XVI. mendearen erdialdetik XIX. mendearen hasiera arte heltzen dira. Lekukoak hartu dira Arrasateko toponimia liburutik, 142. orrrialdean:


 Guztira lau lekuko dira eta guztiak ezberdinak. Hala ere, lekukoak kontuan hartuz Larrageria litzateke jatorrizko aldaera. Iruzkin labur bat merezi dute lehenengo eta azken lekukoek. Lehenengoan, La Ragueria dena, gaztelaniazko berrinterpretazio bat gertatu omen da, toponimoak la- hasiera zuenez, hau la artikulua zela uste izan dute, banaketa eginez, bi hitz balira bezala. Antzekoa gertatu zen blog honetan aztertutako Larritizabal toponimoaren lekuko bakarrarekin, la Ritizaval bezala jasoa izan zelako.
Azken lekukoa Larraguiri da eta, beharbada, jatorrizko ageri hitzaren orden, agiri ezagunagoa ezarria zian zen.
Toponimoak hiru elementu lituzke, larra 'larre' ageri eta -a artikulua.
Interesgarria da ageri, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera lehenengo lekukoa Leizarraga da, 1571. urtekoa, eta Larrageria toponimoaren lehenengo lekukoa 1562. urtekoa da, 9 urte lehenagokoa. Beraz, ageri hitza lehenengo aldiz Larrageria toponimoan agertzen da.

Agiñain toponimoa

 Arrasateko toponimo honen lekukoak XVI. mendearen bukaeratik XX. mendearen bukaera alderaino heltzen dira. Lekukoak hartu dira Arrasateko toponimia liburutik, 104. orrialdean:


 Toponimoak egonkortasun handia erakutsi du azken mendeetan ia aldaketarik gabe iraun duelako. Ziurrenik gehien aldentzen dena 1979. urteko Aguingain da, beharbada toponimoaren berrinterpretazio bat.
Toponimo honek bi elementu izan ditzake, hagin, zuhaitz izena, eta -ain atzizkia. Normalean atzizki hori antroponimoen ondoren agertu ohi da toponimian, baina toponimoa nahiko zaharra da eta, beharbada, toponimo honetan dagoena ez da aldaketaren ondorioa izan. Badago beste toponimo bat antzekoa, Azkarrain, azkar zuhaitz izena oinarrian duena, eta azken aldean, berriro, -ain atzizkia.
Beharbada bi toponimo hauetan laburketaren bat gertatu da, baina datuek, oraingoz, ez dute horrelakorik berresten.

martes, 1 de diciembre de 2020

Bañezbaso toponimoa

 Arrasateko toponimoa izan zen, XV. mendeko hiru lekukoren bitartez ezaguna, guztiak Arrasateko toponimia liburuan daude, 261. orrialdean:


 Nahiz eta ezberdintasun grafikoak izan, ez du ematen ahoskeran islarik izan zutenik. Bi elementuz osatutako toponimoa litzateke Bañez patronimikoa eta baso izen arrunta. Joanes antroponimoaren patronimiko ugarien artean Ibañez dago, eta, aferesia jasan ondoren, Bañez sortuko zen. Patronimiko hori ezaguna zen Arrasate aldean Erdi Aroan, horren lekukoa da Martin Bañezen eresia, XV. mende erdialdekoa:

Oñetaco lurrau jabilt icara,
Lau araguioc vere an verala,
Martin Bañes Ybarretan il dala.
Artuco dot escu batean guecia,
Bestean çuci yraxeguia,
Erreco dot Aramayo guztia.

Jaunlopeasteisarana toponimoa

 Arabako toponimo honetaz hiru lekuko baino ez daude, guztiak Erdi Arokoak.
Documentación Municipal de la Cuadrilla de Salvatierra: municipios de Asparrena y Zalduondo (1332-1520) liburuan badira hiru lekuko, bi lekuko 11. agirian, 1469. urtean:

... que del lugar llamado Ururcullua, donde las dos aguas se juntan, ençima del valle de Jaunlopeasteisarana, que dizen e declara asi la dicha sentencia como los dichos testigos, que pusyeron y estaua vn mojon en el lugar llamado Emadantegui, alla donde las aberturas de las ayas.
[...]
E fallamos que debemos poner e pusyesemos dos mojones en vn logar en el dicho lugar llamado Vrurcullua, ençima del dicho balle de Jaunlopeasteizarana, donde se juntan las dos aguas.
Azken lekukoa, Jaunlopeasteisarangaiña, 11. agirian, 1454. urtean:
Et dende, pusieron otro mojon, cordel tirado, en Jaunlopeasteisarangaiña, cauo el mojon de los dichos de Zalduendo y de los vecinos de la aldea de Galarreta, señalando las fayas de cerca.
Azken toponimo honen beste lekuko bat beste liburu batean, Archivo Municipal de Salvatierra-Agurain. Tomo III. (1451-1500) izenburua duenaren 13. agirian, 1454. urtean:
... dende pusieron otro mojon cordel tirado en el lugar donde se llama Ydoya cavo otro grand robre faciendo sennales al otro robre e hayas mas cercanas, e dende pusieron otro mojon cordel tirado en Jaun Lope Asteri Arangainna cavo el mojon de los dichos de Zalduondo e de los vecinos de la aldea de Galarreta sennalando las hayas de cerca.
Bi toponimo ditugu eta lau lekuko. Toponimo nagusia Jaunlopeasteisarana da eta toponimo eratorria Jaunlopeasteisarangaiña, baita ere Jaun Lope Asteri Arangainna. Toponimo eratorriaz nabarmentzekoa litzateke sudurkaria, ematen duelako bigarren lekukoan sabaikaritzerik ez dagoela, baina ziurrenik grafia kontua da. Dena den, lekuko honen fidagarritasuna ez da handia, patronimikoa, behintzat, gaizki agertzen delako.
Toponimo nagusia Jaunlopeasteisarana da, eta banaketa eginez, Jaun + Lope + (G)asteiz + haran + -a litzateke. Guztiak elementu ezagunak eta, beharbada, arreta gehiago patronimikoak merezi du. Gaste(a) antroponimoaren patronimikoa litzateke, -iz atzizkia gaineratua. Belarea, bokal artean egonik, galduko zen aspaldi, toponimoan agertzen den bezala. Arabako hiriburuaren izenarekin dagoen antza ez da kasualitatezkoa, dirudienez, Gasteiz toponimoa Gaste(a) PI + -iz elementuz osaturik dago.

sábado, 28 de noviembre de 2020

Galaena toponimoa

 Mungiako toponimo honek bi aldaera ditu, guztiak XVIII. mendeak jasoak, Galaena eta Galanena, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan bilduak:

Galaena [N, TO]
Galaena (la casa de) [Laucariz (casas auezindadas a la feligresia de)], Munguia, a.1704, FogVizcayaMs.
Galaena (la caseria de) [Maurola (partido de)], Munguia (villa de), a.1745, FogVizcayaMs.

Galanena [N, TO]
Galanena (la casa de) [Marmolas (varrio de)], Munguia (anteiglesia de), a.1796, FogVizcayaMs.

Galanena [N, NO]
Galanena (Antt(oni)o de Sarria), Guecho, a.1704, FogVizcayaMs.
Galanena (Domingo de Sarria), Guecho, a.1704, FogVizcayaMs.
Bi aldaera hauek daude, Galaena eta Galanena, eta bat zaharragoa litzateke, Galanena. Bestea, sudurkari disimilazioak aldatu du: Galanena > Galaena, antzekoa gertatu da blog honetan aztertutako Alamena toponimoarekin.
Toponimoaren egitura litzateke, Galan + -(r)en + -a, edo galan izenekoaren etxea. Galán erdal hitza da, adjektiboa da eta baita deitura ere. Euskarazko kideak galai eta galant lirateke. Azken hau gaztelaniazkoaren galante hitzaren kidea, zehatzago.

Azeloatxu toponimoa

 Bizkaiko Fika herriko toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XVIII. mendearen erdialdekoa, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburutik hartua:

Aceloachu [N, TO]
Azeloachu (la caseria de), Fica, a.1745, FogVizcayaMs.
Azken zatia -txu atziki txikigarria izan liteke eta orduan *Azeloa geratuko zen azalbide bila. Beharbada aldaketa bat jaso zuen, paperean jarri baino lehen, disimilazio bat, atzeranzko bidea egin eta *Azelola berreskuratu genuke, ziurrenik azeri/Azeri + ola. Azeri animalia izena da baina Erdi Aroan antroponimo bat ere izan zen, Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan aipatzen den bezala:
119. — azeari (azari, azeri) «zorro» y n. pr. (Aceari Umea Nav., 1167; jaun Aceari de Pampilona, 1152; patr. Aceariz): Azaldegui (cf. vize. axel-eme «zorra»), top. Azalegi, Zuberoa posiblemente Azarola (Azaola).
Mitxelenak Azaola eta Azarola toponimoetan azeri/Azeri + ola egitura ikusten du, Azeloatxu toponimoan bezala. Nahiz eta toponimoak, azkenean, ezberdinak izan, bietan elementu berberak izango ziren baina asimilazioak edo disimilazioak ezberdintasunak sortuko zituzten, eta toponimoak aldatu.

sábado, 21 de noviembre de 2020

Atsegina toponimoa

 Zeanuriko toponimo honen lekukotza nahiko txikia da, XVIII. mendearen bukaerako bi lekuko baino ez dira eskuratu, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan jasoak:

Aceguina [N, TO]
Azeguina (la casa de) [Ybarguen (cofradia de)], Ceanuri, a.1799, FogVizcayaMs.

Acequina [N, TO]
Acequina (la casa taberna de) [Ypinaburu (cofradia de)], Ceanuri, a.1796, FogVizcayaMs.
Lekukoen grafia nahasgarria da, afrikatua jartzeko <c> eta <z> grafien bitartez islatu dute, beharbada txistukari neutralizazioa gertatua zen eta egun <ts> eta <tz> idazten ditugun afrikatuak batuak ziren eta lekukoen grafietan <tz> islatu nahi zuten, horixe delako bi afrikatuen neutralizaziotik geratzen den afrikatua.
Grafiaren beste kontua belarearena da, batean <gu> eta bestean <qu>, bitasun horretan etimologia lagungarria izan da, atsegin hitza ezaguna delako eta toponimian ere aztarren txikia utzi du. Hala agertzen da Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan:
109. — atsegin «placer»: Aseguinolaza.
Errenterian badago Atseginsoro izeneko bizkarra, hegia. Toponimo honetan atsegin + soro izango genituzke. Hiru toponimoetako atsegin, beharbada, ez zer hitz arrunta, izengoitia izan liteke. Horrela ongi azalduko lirateke agerpen toponimiko hauek, Zeanuriko Atsegina izango zen jabeak izan zezakeen izengoitia eta berdin beste bi toponimoetan. Atseginsoro izenean, esaterako, soro atsegina izango bazen, ordena bestelakoa izango zen, hizkera arruntean den bezala.

Alarbin eta Alarmin toponimoak

 Alarbin toponimoa Bizkaiko Busturian dago, han baserria da eta bazter-auzoa.
XVIII. mendeko lekukoak badaude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Alarbin [N, TO]
Alarbin (la ferreria de), Axpe de Busturia, a.1796, FogVizcayaMs.
Alarbin_Uecoa (el molino de), Axpe de Busturia, a.1796, FogVizcayaMs.
Alarbin_de_Abajo (el molino de), Busturia, a.1745, FogVizcayaMs.
Alarbin_de_Arriba (el molino de), Busturia, a.1745, FogVizcayaMs.
Alarbin_Goicoa (el molino de), Axpe de Busturia, a.1796, FogVizcayaMs.
Toponimoaren banaketa egin eta bukaeran arbin izena bada:
arbin.
1. (V-ger-ple-arr-oroz- ap. A; Lar Sup , H) "Estrecho" Lar Sup. "Étroit" H. "Estrecho, delgado (Humb. Adit. á Mitrid)" A. v. 1 armin.
Illun ta otzak / beren biyotzak / laja ere bai arbin zorrotzak, / astun, laiotzak... Inzag EEs 1912, 212.
Hasierako zatia al- iluna da, baina ziurrenik toponimoak aldaketa bat jaso zuen idatzi baino lehen, agian dardarkari disimilazio bat, r-r > l-r, Algorta herri izenean bezala. Beraz, hasieran *Arrarbin izan liteke eta gero Alarbin bihurtu, disimilazioagatik. Eta Algorta izenean bezala, hasierako zatia har- 'harri' izango zen.
Alarmin toponimoa ere bizkaitarra da, Ereñoko tontor baten izena. Lekuko zaharrik ez, baina Alarbin izenarekin dagoen antzekotasuna aipagarria da. Aldaketa bat gertatu da, b-n > m-n asimilazioa, beraz, Alarbin > Alarmin.

viernes, 20 de noviembre de 2020

Alamena toponimoa

 Alamena Galdakaoko baserria da.
Izen honen XVIII. mendeko lekuko zaharrak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Alamaena [N, TO]
Alamaena (la caseria de) [Vengoechea (varrio de)], Galdacano, a.1745, FogVizcayaMs.
Alamena (la casa de) [Vrretta Urizar Aguirre Bengoechea Jugo (varrios de)], Galdacano,
a.1796, FogVizcayaMs.
Bi lekuko baino ez dira, Alamaena eta Alamena, eta, zalantzarik gabe, Alamaena aldaera, zaharragoa izateaz gain, toponimoaren etimologia aurkitzeko oso lagungarria da.
Toponimo honetan aldaketa bat gertatu zen XVIII. mendea baino lehenago, sudurkarien disimilazio bat, eta bietatik bat galdu zen, prozesu ezaguna da. Atzeranzko urratsa egin eta *Alamanena izango genuke, hau da Alaman PI + -(r)en + -a. Alaman jatorriz etnonimoa zen, baina gero antroponimo bezala erabilia izan zen, bai erromantzean eta baita euskaran ere. Egun erabiltzen den hitza aleman da, Alemaniako jatorrikoa.

Abatetxe toponimoa

 Abatetxe izeneko baserria Elgoibarren dago eta Abatetxea izeneko etxea Eibarren. Toponimo gipuzkoarra ematen du, baina lekuko zaharren bitartez jakin dezakegu Bizkaian ere ezaguna zela, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuko lekukoen bitartez:

Abatechea [N, TO]
Abatechea (la casa de) [Galarza (bereda de)], Echevarria (San_Andres de), a.1796,
FogVizcayaMs.
Abatechea (la caseria de) [Basecheta (cofradia de)], Ereño, a.1745, FogVizcayaMs.
Abateche (la casa de), Fica, a.1641, FogVizcayaMs. -/Ubidea, a.1796, FogVizcayaMs.
Abateche (la caseria de), Fica, a.1745, FogVizcayaMs.
Auateche (la casa de), Fica, a.1704, FogVizcayaMs.
Toponimoen analisiak ez du zailtasun handirik, abatetxe izena dagoelako:
abatetxe.
(V-m ap. A).
Casa cural. v. ERRETORE-ETXE.
Bein abatetxera bialdu bear izan eban Aitak erreparlari edo mandatari [...]. Ioan zen ene Pedro Antonio onenbeztegaz abatetxera; urten eutsan abadean arrebeak. A Ezale 1897, 158a. Ipiñako eliz gauzen kondaira (eliza, abatetxea, hilerria, ermitak). MEIG II 125.
Abatetxe izenean abat eta etxe izango geniteuzke. Hitzak ez du lekukotza handirik utzi, baina Bizkaiko toponimo zaharrekin hitz honen agerpen data ia 250 urte aurrera liteke, 1897. urtetik 1641. urtera.

sábado, 14 de noviembre de 2020

Beatarri toponimoa

 Beatarri Berastegiko bizkarra, hegia da. Lekuko zaharrik eskura ez badago ere, toponimoak ez luke oztopo handirik aurkeztu beharko, egitura nahiko argia duelako. Baina bada arazo txiki bat, toponimoak bi elementu lituzke, azkena harri ezaguna da, baina hasierakoa?
Beata izan liteke, baina aukera bada beato izateko. Orotariko Euskal Hiztegiko hitz hauen sarreran badago ezberdintasun nabarmena, beataren lekukoa beatorena baino askoz handiagoa da.
Badago beste azalbide bat, Beatus antroponimoa izan da, erromatar garaian eta baita Erdi Aroan ere, nahiz eta Euskal Herrian lekuko zuzenik ez izan. Baina utzitako lekukotza ez da oso handia eta jakinik euskal hitza ere badela, aukera handiagoak ditu beata zein beato izatea toponimo honen oinarria, eta, erabileraren irizpidea kontuan izanik, beata izan liteke egiantzekoena.

viernes, 13 de noviembre de 2020

Aldosilla toponimoa

 Aldosilla izeneko basoa dago Kanpezuko herrian, Araban.
Lekuko zaharrik ez dago, baina badago XX. mendearen bigarren erdialdeko bat, José Antonio González Salazar-en Cuadernos de toponimia 2 Montaña alavesa liburuko 71. or.:

123.— Aldosilla
Toponimoa iluna izan liteke, baina badago Nafarroako herri bat, oso izen antzekoa duena, Andosilla, Nafarroako hego-mendebaldean dagoen udalerria da, Lizarrerria eta Erriberan kokatutakoa. Ezberdintasun bakarra dago fonema bakar batean, Andosilla izenean /n/ dena, Aldosillan /l/ da. Jatorrizkoa Nafarroako toponimoa bada, aldaketaren kausa bilatu beharra dago, eta hori asimilazioa izan liteke, n-ll > l-ll: Andosilla > Aldosilla.

Sanjurdi toponimoa

 Sanjurdietxebarri izeneko baserria dago Fruizen, Bizkaian.
Aurreko mendeetan San Jurdi zen toponimoa, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan agertzen den bezala:

San Jurdi [N, TO]
San_Jurdi (el molino de), Fruniz, a.1704, FogVizcayaMs.
San_Jurdi (la casa de), Fruniz, a.1799, FogVizcayaMs.
San_Yurdi (palacio de) [Ybarras (parage de hasta la iglesia)], Fruniz, a.1796, FogVizcayaMs.
Toponimoa hagionimo bat zen, santu izena, San + Jurdi elementuak baturik, jatorrian Sancti Georgi zena. Antroponimoa Jurdi zen, Jurgi hedatuagoaren aldaera, eta blog honetako hainbat toponimotan aztertua izan da, Donorgiburua, Sandurdi eta Sangurti toponimoetan, hain zuzen.
Toponimo hauek erakusten dute santu horren ospea, izan ere, aipatutakoez gain, badira euskal lurraldean toponimo gehiago santu horren izena dutenak, Santurtzi, adibidez.

martes, 10 de noviembre de 2020

Azkarrain toponimoa

 Lizarrako toponimo zaharren artean bazen Azkarrain, XVI. mendeko bi lekukoren bitartez ezaguna. Toponimoaren dokumentazioa José María Jimeno Jurioren Estella/Lizarra. Toponimia lanekoa da, 141. or.:

Azkarrain
DOC.: Azcarrayn (C. m. a.: 1529), Escarrayn (1544).
OBS.: Arrendados juntos los términos de San Martín de Eldur, Escarrayn, Galdarrayn y Belaztegui.
Dirudienez, toponimoa galdua da eta bi lekuko horiek baino gehiagorik ez dago. Bitxia da urte beretsuetan bildutako izenetan ezberdintasun nabarmena aurkitzea. Dena den, aldaketak txikiak dira, bokal hasieran a/e bezalakoa edo s/z herskari horzkariaren aurrean. Beharbada garai hartako hiztunen artean bazen horrelako bikoiztasuna.
Toponimoaren analisia egiterakoan, banaketa agerikoa litzateke, azkar zuhaitz izena eta -ain atzizkia. Baina hau oso egitura bitxia da, atzizki hori antroponimoekin lotu ohi delako. Hala ere, toponimoaren bi lekukoak nahiko zaharrak dira eta badira toponimo batzuk gehiago, egitura bitxi hori omen dutenak eta blog honetan aztertuko direnak.

Oierotena eta Oiorotena toponimoak

 Toponimo hauek Baztanen agertu ziren, XVIII. mendearen hasieran, bata Bozate auzoan eta bestea Iruritan. Biak Patxi Ondarraren Apeo de Baztán (1726-1727) izeneko lanetik hartuak.
Oierotena, Bozate auzokoa, 12. orrialdean dago:

90. Oierottena, Pedro de Beñattena
Oiorotena, Iruritakoa, 35. orrialdean dago:
59. Oiorottena, Juan de Sasttrearena
Bi lekukoetan lehenik etxe izena dago eta ondoren jabearena. Bi lekukoetako <tt> grafia itxurazkoa da, dirudienez /t/ fonema baino besterik ez du ordezkatzen.
Bi etxe izenetan ezberdintasun bakarra dago, bigarren silabako e/o bokala, baina jatorrizkoa /e/ da, bestea asimilazioaren ondorioa da: o-e > o-o, antzekoa gertatu da antzeko beste hitz batzuekin, cf. hogoi '20'.
Oinarria, eta kasu honetan antroponimoa, Oierot da, Oier + -ot atzizkiaz osatua, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan agertzen den bezala, 178. or.:
Oierot (Oier; ikus Aujerot): Ogerot de Anssa (Ahatsa, 1368, Goih., 1966: 116), Ogerot de Garro (Gerezieta, 1379, ibid., 32), Ogerot de Masparraute (Martxueta?, 1401, ibid., 287), Ogerot de Echeverria (1412, Castro, XXIX, 28, 27. or.), Ogerot de Lauez (1413, ibid., XXX, 94, 47. or.), Ogerot de Ayça (ibid., 484, 238. or. = Oger de Ayça, ibid., 491 = «Oger, señor de Hayça», ibid., 517), Ojerot graxitorena (Irur., 1529, Eo.p., 1, 69), Ojerot de muru (Amatriain, 1529, Amatriaingo jauregia).
Beharbada Oierot hipokoristikoa ez da euskaraz osatua, *Oierrot sortu beharko zuelako. Litekeena da izen hori mailegatua izatea, iparraldetik. Baztanen lotura iparraldeko lurraldeekin ezaguna da.
Toponimoaren azken zatian etxe izenetan ohikoak diren -(r)en + -a atzizkiak, jabetasuna adierazteko.

sábado, 7 de noviembre de 2020

Donorgiburua toponimoa

 Arabako toponimo honetaz lekuko bakarra baino ez dago, Gerado Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan jasoa:

DONORGUIBURUA, 1616, labrantío de Urarte.
Lekuko bakarra da, eta gainera, sortu zenetik aldaketa batzuk jaso omen ditu; baina, hala ere, analizatzekoa da. Lau elementu lituzke: done + Jurgi + buru + -a. Aldaketa larrienak antroponimoaren hasierakoak dira, antzekoa gertatu zen Doneakue toponimoan, /j/ galdu zelako. Etimologia sendotzeko badago gaur egungo lekuko bat, José Antonio González Salazar-en Cuadernos de toponimia 2 Montaña alavesa liburuko 53. orrialdean, Urarteko toponimoa zerrendatzen duenean hauxe jarri zuen:
48.— San Jorge
Beraz, hagionimoak iraun du, nahiz eta erdaraz izan, hizkuntzen ordezkapena izan delako, baina santu izena ez da galdu.
Hagionimo hori behin baino gehiagotan aztertua izan da blog honetan, Sandurdi eta Sangurti toponimoetan, hain zuzen.

viernes, 6 de noviembre de 2020

Erregiasagasti toponimoa

 Arrasateko toponimoa, lekuko bakarra du, XV. mendekoa. Arrasateko toponimia liburuan badago lekuko hori, 224. or.:


 Toponimoak bi elementu lituzke, erregina eta sagasti. Biak hitz ezagunak eta egunerokoak. Nabarmentzekoa da sudurkaria agertzen ez dela, beharbada sudurkaria galdua zen baina sudurkaritasuna ez, ondoko bokalak sudurkari bihurtu zirelako, garai hartan inguru horretan gertatzen zen bezala.
Analisi etimologikoak ez du zailtasunik, baina toponimoaren zahartasuna aipagarria da, erregina agertzen delako. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, lehenengo lekukoa 1364. urtekoa da, Erreguia videa izeneko toponimoan. Hurrengoa, Etxepareren liburuan dago, Zeru eta lur ororen erregina dignia, 1545. urtekoa. Beraz, Arrasateko toponimoa bien artean jarri beharko litzateke, erregina izenaren bigarren lekukoa delako.

Jaunberasa eta Jaunberaskorta toponimoak

 Bi toponimo hauek Bizkaikoak dira, iturri bakarrean aurkituak. Colección Documental del Archivo Municipal de la villa de Lequeitio. Pleito sobre el monte Otoyo izenburuko liburuan badira toponimo hauen lekuko batzuk, Erdi Arokoak, 1518-1519 urteetakoak.
Lehenik Jaunberasa-ren lekukoak, 41. or.:

...que los dichos vesinos de las confradyas de Cortaçar e Larrynaga non tenian terminos algunos suyos propios syn parte de la dicha villa e anteyglesias dende la tejeria de Joanche de Vriarte, que es en Oguilla, fasta arriba los setos de pared llamados Ormaesyaqui, eçeto los plantyos e tenençias que tenian apegados a sus heredades; eçeto que tenian vn monte llamado el sel de Javnberasa, que es vn poco de termino, que lo abyan tenido goardado por tienpo...
50. orrialdean:
A la quinta pregunta dixo que lo que sabe desta pregunta es que habya oydo desir de Juan Ochoa de Beytia, su padre, que Dyos aya, e de otros honbres byejos e ançianos de la confradya de Gardata e de Yspaster, e de vesinos de la dicha villa que estan abesindados en la villa hydos de la dicha anteyglesia de Yspaster e de las otras anteyglesias, que los dichos vesinos de las dichas dos confradyas de Cortaçar e Larrynaga tyenen vn sel suyo propio en el dicho termino de Otoyo llamado el sel de Javnberasa, e que todo lo resto de los dichos terminos de Otoyo...
Eta azkenik Jaunberaskorta toponimoarenak, 76. or.:
... e que oyo desir a Martin de Arana, su padre, que hera honbre de dyas, que los vesinos de las dichas confradyas de Cortaçar e Larrynaga tenian suyo propio vn monte e termino que se llamaba Javnberascortea en el dicho termino de Otoyo, e que todo lo otro de fuera del dicho monte e sel de Javnberascortea hera exido comun de la dicha villa e anteyglesias;
95. orrialdean:
... yr al dicho monte de Otoyo y entrar mas adentro de lo que ellos les bedaban, e ende solian hazer la leynna en el dicho monte, ençima del monte llamado Javnberascorta, e que quoando las tomaban en aquel termino que les bedaban las solian prendar los de las dichas confradyas...
97. orrialdean:
... commo de cosa comun e conçegil, eçeto que en vn monte e enzinal cresçido que esta debaxo de la esquina e penna de Nabaryola, faz a Oguilla, e por nonbre llamado por su nonbre Javnberascorta, en aquel termino les solian bedar Fernando de Cortaçar e Juan de Vriarte e Juan Peres de Arana...
Eta, azkenik, 98. orrialdean:
... por la admistad que tenia con su padre, le ayudo a hazer la carga de leyna e le enbyo syn prendarle e darle mas afruenta; e que en lo demas del dicho termino e monte de Javnberascorta, en todo el dicho Otoyo,
[...]
la sesta pregunta dyxo que ha oydo desir por fama publica que los dichos vesinos de las dichas confradyas de Cortaçar e Larrynaga tyenen tomado allende del dicho termino e monte de Javnberascorta mucha parte del dicho termino, e que todo ello es contra la boluntad de la dicha villa...
Bi toponimoak bat izan litezke, jakinik bigarrenaren korta lehenengoaren erdarazko sel sinonimotzat har daitezkeela. Ezin jakin, dauden lekukoekin, Jaunberasa hori gizon baten aipua zela edo toponimo batena, zalantzarako lekua utziz.
Jaunberaskorta izenak bi zati lituzke, lehenago aipatutako Jaunberas(a) eta korta. Badago lekuko bat, Jaunberaskortea izena duena. Dirudienez, toponimoari artikulua eransterakoan dismilazio auromatikoa gertatu da: Jaunberaskorta + -a > Jaunberaskortea.
Geratzen da lehenego toponimoa, Jaunberasa. Bi elementuz osatutako izena litzateke, jaun eta Beraxa, azken hau beratz, beratx hitzekin lotua. Ez dago *Jaunberaxa antroponimoaren lekukorik, toponimo hau izan ezik. Beraxa izena Erdi Aroan ezaguna izan zen, Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan adierazten duen bezala:
150. —Beraxa n. pr.: Berasategui, Berastegui; cf. top. Barasoain, Berasain, Beasain (J. Caro Baroja, Mat., 69-70 y 163-164). Arigita, Historia de la imagen y santuario de San Miguel de Excelsis, Pamplona 1904, p. 203, recoge la mención de duos collaços in uilla qui dicitur Berastegui, uidelicet cuius nomen est Beraxa et altero Orti Munioç, que remite inconfundiblemente a beratz, beratx, derivado de bera «blando».
Beraz Beraxa antroponimoaren lekukoez gain badira bere bi lekuko toponimiko gehitzeko, Jaunberasa eta Jaunberaskorta toponimoak.

martes, 3 de noviembre de 2020

Bilinbalan toponimoa

 Arrasaten bada Bilinbalan izeneko iturburua. Arrasateko toponimia liburuan lekuko zaharrak ageri dira, XVII. mendetik hasita, 264. or.:


 Toponimoak hainbat aldaera baditu ere, Bilinbalan nagusia da, eta hori da aztertzeko izena. Toponimoa ikusi eta nabarmena da onomatopeia eitea duela, eta Orotariko Euskal Hiztegian badu lekurik, bilin-bolan sarreran:
bilin-bolan.
bilin-balan (G-bet ap. A).
Dando tumbos.
Tiro ots utsaz ziran bildurrez menditi / Bilinbolan beeraño milla erbi jatsi, / Arri arteetan asko zauriz oso josi. AB AmaE 208.

bilin-balan (G-bet ap. A ).
"Las campanas tañendo" A.
Hiztegiko lehenengo lekukoa 1885. urtekoa da, beraz, Arrasateko toponimoak ia 150 urte aurreratzen ditu hitz honen lehenengo agerpena.
Toponimoaren zergatikoa bilatuz gero, litekeena da iturriaren jarioaz izatea. Uraren jarioa ez zen egonkorra izango eta hortik jarri zioten izena.

Barbasagasti toponimoa

 Arrasateko toponimo honetaz hiru lekuko baino ez dira jaso, guztiak XV. mendearen azken herenekoak. Arrasateko toponimia liburuan bildurik daude lekuko horiek, 261. or.:


 Toponimoak bi elementu lituzke, Barba eta sagasti. Azkena hitz ezaguna da toponimian zein eguneroko hizkeran. Bestea bitxiagoa da, barba erdal hitza da gaztelaniaz, baina toponimo honetan Barba antroponimoa dago. Izen honetaz aritu zen P. Salaberri bere Euskal deiturategia. Patronimia liburuan:
Barba (Sancho Barba, Pero Barba, Artaxoa, 1330, LPN, 293, 294. orr. Herri berean Bizarra Tota zegoen 1156. urtean, Art., 100, eta Don bicent biçarra Erriberrin, 1286an, Zier., 1974, 120).
Barbaz: Semen Barbaz (Eraul, 1255, Irantzu, 232. or.).
Mitxelenak dio (AV, 21. or.) Barbatain toponimoarekin eta latineko Barbatus, Barbati-rekin aldera daitekeela, baina uste dugu Barba antroponimotik abiaturik ere azal daitekeela, Motxorroiz Motxorro-tik abiaturik azal daitekeen bezala; Biarno-Bigorreetan Barbaza - Barbazan eta Barbé deiturak ere baziren (Grosclaude, 1992: 48). Kajantok (1982 [1965]: 25, 63, 65, 223-224) latineko Barba, Barbatus eta beste biltzen ditu eta erraten ‘bizarra’, ‘bizarduna’ adiera zutela jatorriz. Gaineratzen du komunzki emakumeei ez zitzaiela honelakorik ezartzen.
Barba antroponimoa latinean zein erromantzean erabilia izan zen eta litekeena da erromantzezko erabilera hori euskal lurretan ere izatea, latinetik jasotzea ere ez da ezinezkoa.
Arrasateko toponimora itzuliz, aipagarria da bigarren lekukoa, erdaraz jartzen du los mançanales de Varba sagasti, erakutsiz garai hartan toponimoa sortaraziko zuten sagastiak bazirela.
Barba antroponimoaren lekuko urriei Barbasagasti toponimoa gehitzekoa litzateke eta badira beste toponimo batzuk Barba antroponimoan oinarrituak.

sábado, 31 de octubre de 2020

Asurdi toponimoa

 Asurdi da Iturengo toponimo bat. Lekuko zaharrenak XVII. mende hasierakoak dira: asurdi (1606), assurdi (1635), asurdi (1770) [...] asurdi (1999) eta asurdi (2000).
Toponimoak ez du aldaketarik jasan azken mendeetan eta, beraz, Asurdi da analizatzeko izena. Andres Iñigoren Toponomástica Histórica del Valle de Santesteban de Lerín (Regata del Ezkurra) liburuan badu aipu etimologiko bat:

MICH. opina que, en concreto, este topónimo de Ituren proviene de asuri 'cordero' [AV, nº 125]. Sin embargo, resulta extraño que el sufijo -di acompañe a nombres de animales. Se tiene, por otra parte, constancia de la existencia de topónimos similares en Navarra, como p. ej. Asurdoya datado en el año 1665 en Ezcaroz, o Asurdin cuyo étimo parece ser haitz 'peña' más urdin (v. ARRIURDIÑETA en el presente capítulo) o Asurdieta datado en 1678 en Undiano, perteneciente a la cendea de Zizur [JIMENO JURÍO, J.M. OV-1, p. 431].
Bitxia da, Iñigok adierazten duen bezala, -di atzizkia animalia izenei lotzea. Horregatik, beharbada, beste bide bati ekitea komenigarria da. Aldaketa txiki bat gertatu da, hitz zaharretan ohikoa omen zena, jaur- bada jaun izenaren eratorpen aldaera (cf. jauregi), asur- izan daiteke asun izenaren aldaera ere: asur- 'asun' + -di > *asurdi, asunen lekua. Horrela, toponimoak ez luke inolako oztoporik, nahiz eta *asurdi izenaren lekukorik ez izan.
Jakina, Asurdirako emandako etimologia egokia izan liteke Iñigok aipatutako beste toponimo batzuetarako, Asurdoia (*asur- 'asun' + -doi + -a) eta Asurdieta (*asurdi + -eta) toponimoetarako, hain zuzen.

viernes, 30 de octubre de 2020

Juliote toponimoa

 Toponimo hau Oiartzun inguruan zegoen, XV. mendeko agiri batean agertzen da, Documentación medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. III. 1320-1520 liburuan jasoa, 13. agirian, 1470. urtean, lau aldiz agertua. Lehenengo hirurak 46. orrialdean:

[...] por su término e juridiçión de la dicha Villanueba e tierra de Oyarçun, con lo otro qu’está entre los dichos montes fasta do es el mojón de los montes que diz que se llaman de Juliote, teniente a la heredad del dicho Estevan, e todos los dichos montes llamados de Juliote, con lo otro que queda faz a mano derecha, por término e juridiçión de la dicha villa de Fuenterrabía fasta el sel de la dicha María Sánchez, qu’es delante los dichos montes e término llamado Montes de Juliote, e el dicho sel de la dicha María Sánchez [...]
Azkena 48. orrialdean:
E por esta nuestra sentençia arbitraria ygualando e juzgando, así lo pronunçiamos e mandamos en estos e por estos escritos. Va escrito entre renglones o diz “dad”, e o diz “dichas”, e o diz “fasta donde”, e o diz “sendos mojones”, e o diz “que es del dicho Joan Guerra”, e o diz “en somo”, e o diz “llamados de Juliote” [...]
Juliote toponimoa litzateke antroponimo hutsa, *Juliote hipokoristikoa, hain zuzen. Izen honen egitura Julio + -ote litzateke. Julio antroponimoa ezaguna da, egun ere erabilia eta latin jatorrikoa.
Antza denez, ez dago *Juliote antroponimoaren lekukorik eta beraz, toponimo hau da hipokoristiko ezezagun horren iturri bakarra.

Esolaga toponimoa

 Toponimo honen lekukoa badago Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa izeneko liburuan, Tolosako etxe izenak ematerakoan Esolaga aipatu zuen, 1625. urte inguruan:

[...] Verasivia azpicoa, Muñita, Eceiza garaicoa, Eceiza azpicoa. Iparraguirre, Olarrain garaicoa , Olarrain azpicoa, Esolaga...
Toponimoak bi elementu lituzke, hesola izena eta -aga atzizkia. Hesola ez dago oso zabaldurik, dirudienez, hesi + ohol izenen elkarketa da; hauxe da Orotariko Euskal Hiztegiaren sarreraren hasiera hitz honi buruz:
hesola.
1. (Lar, Arch VocGr , H; -ol G-to, AN-gip, B, BN-ciz; Sarask), hesio (SP, O-SP 229?Dv, A), hesiol (V-gip; H), exol(a), hesaul (L, B, BN, S; SP, Hb, Dv, H), hezaul (SP s.v. hesaul ), esaule (B), esual (AN; Aq 580). Ref.: A (hesaul, hesol, esual); A EY III 280; BU Arano (zutoi); Ond Bac; Iz To, UrrAnz; Izeta BHizt (esaule); Elexp Berg.
"Cachizo, esola " Sarask 21. "Pieu" O-SP 229. " Hesaul (contraction de hesi ohol), pieu, palis" Dv. " Esol, estaca pequeña para setos" A. "Un palo (que se pone para sostener los tomates)" Iz To. " Esaule, zutoi, estaca para hacer cerrados. Etxi behar dugu belaia esaulekin. Esaule ederrak ditugu " Izeta BHizt. v. hersol.
Goiko paragrafoarena kontuan hartuz, lehenengo lekukoa Larramendiren hiztegikoa litzateke, 1745. urtekoa. Hala bada, Esolaga toponimoak 120 urte aurreratuko lituzke hesola hitzaren lehenengo lekukoa.

martes, 27 de octubre de 2020

Elimendia toponimoa

 Ondarroako toponimoa, XIX. mendeko lekukoen bidez ezaguna, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburutik jasoak:

Elimendia [N, TO]
Elimendia (barrio de), Ondarroa, a.1876, FogVizcayaMs.
Elimendi_Aldecoa (la casa de) [Elimendia (barrio de)], Ondarroa, a.1876, FogVizcayaMs.
Elimendi_Erdicoa (la casa de) [Elemendia (barrio de)], Ondarroa, a.1876, FogVizcayaMs.
Elimendi_Gogeazcoa (la casa de) [Elimendia (barrio de)], Ondarroa, a.1876, FogVizcayaMs.
Badago aipu zaharrago bat, Juan Ramon de Iturrizaren Historia General de Vizcaya y Epítome de las Encartaciones liburuan jasoa, 1775. urte inguruan idatzia, 258. or.:
Tiene una iglesia parroquial de la advocación de San Martín Obispo, fundada por sus feligreses en eremitorio el año de 1519 en virtud de la Bula del Papa León X; la cual situada en la loma de Elimendi fue ampliada y reedificada con piedra sillar caliza en el siglo próximo pasado...
Lekuko hau Amoroto herriaz egindakoa da, baina herri hau eta Ondarroa mugakideak direnez, toponimo bera izan liteke.
Toponimo honek bi elementu lituzke, eli eta mendi, Azken hitza ezaguna da oso, baina eli ez hainbeste, hauxe da Orotariko Euskal Hiztegiaren sarreraren hasiera hitz honi buruz:
1 eli.
1. (L-sar, S, R; SP (elhi), Lar, msOch 320, HeH Voc, Hb, Dv (V, S), H (+ elhi)), ele (G, AN-erro, L; Lar, msOch 320, HeH Voc, Dv (G), H), teli (S; H), elli (A (que cita RS)). Ref.: A (eli, ele, teli); Lh; EI 142.
Hato de ganado mayor; ganado; rebaño; grupo grande (de personas). " Eli, elija, quiere decir multitud o rebaño" Ast Apol 81. "Ostea, saldoa, multzoa" HeH Voc. " Eli, troupe, un certain nombre, se dit des hommes, des animaux ou des choses" Dv. " Telia, troupeau, nombre, quantité, troupe" H. Cf. Ech 34r: "Yliturgui, que después llamaron Yliturgi, que quiere decir 'fuentes de ganado'". v. infra ELI BAT.
Bizkaieraz ere ezaguna da, baina erabilera, orohar, ez da handia izan. Hala ere, Elimendia toponimoak erakusten du hitz honen erabilera eta ezagutza, Bizkai aldean ere.

Arraskaran toponimoa

 Arraskaran etxe izena behin agertzen da, Bizkaiko Markina herrian, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Arrascaran [N, TO]
Arrascaran (la cassa de), Marquina, a.1704, FogVizcayaMs.
Lekuko bakarra bada ere, nahiko argia da, bi elementuz osaturik izango zen, harraska eta haran. Ez da toponimo hau blog honetan lehenengoa harraska duena, Arraskue toponimoa ere harraska izenaz osaturik dagoelako. Dirudienez, garai batean, elementu nabarmenak zirela edo, behintzat, aipagarriak.

sábado, 24 de octubre de 2020

Sugaosin toponimoa

 Arrasateko toponimo honen ezagutza hiru lekukoren bidez heldu zaigu, Arrasateko toponimia liburuan jasoa, 290. or.:

Hiru lekuko dira eta bi aldaera daude, baina erdikoa, Sugueozin dena, bitxia da, alde batetik oinarriko /e/ bokala berrezarri da, eta bestetik, txistukarien neutralizazioaren lekukoa izan daiteke, jatorrian <s> izango zelako, etimologian oinarri harturik.
Toponimoak bi elementu lituzke, suga- 'suge' eta osin, hau da, sugeen osina, putzua. Suge izena, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, agertzen da 1562. urtean, Landucciren hiztegian. Kontuan izanik toponimoaren lehenengo lekukoa 1475. urtekoa dela, suge hitzaren lekukotza ia mende bat aurreratuko litzateke, suga- eratorpeneko aldaeran agertzen bada ere.
Dirudienez, XVIII. mende erdialdetik ez da berriz jaso eta, beraz, toponimoa galdua da.

Barbaraetxe toponimoa

 Erdi Aroko lekuko bakarraren bitartez ezaguna da Barbaraetxe toponimoa, Bilbokoa. Libro de Autos Judiciales de la Alcaldía (1419-1499) y Libro de Acuerdos y Decretos Municipales (1463) de la Villa de Bilbao izenburuko liburuan badago aipatutako lekukoa, 125. orrialdean, 1430. urtekoa:

Sepan quantos este publico ymustrumento (sic) carta de partiçion bieren commo en la casa de Vgarte, a la qual llaman por sobrenonbre, Barbaraeche, que es en Aluia...
Lekuko bakarra bada ere, gardena da, bi elementuz osaturik dago, Barbara antroponimoa eta etxe, izen arrunta. Barbara izen ezaguna da eta toponimoa jasoa den garai haietan badaude Barbararen hainbat lekuko. Erdi Aroko lekuko batzuk badira Libro Padrón de la Hacendera Raíz de la villa de Lequeitio (1510-1556) izeneko liburuan, 1510-1556 urte tartekoak, 18. or.:
Yten mas, la meytad de las casas de Arranegui que hobieron de partes de los hijos/ de su muger, (interlineado: Barbara)
19. or.:
Barbara de Vrquiça, viuda.
[...]
(Tachado: Anton Edrrin del Puerto e Barbara, su muger.
71. or.:
Las casas de Apallua de junto a las de Marina de Legaspi, que ovo de Julian de Leaegui e Maria Martines de Esuneta, con Barvara, su muger
Toponimo honen egitura ez da ohikoa, PI + etxe, baina badira beste lekuko batzuk, biak sartaldeko euskararen lurraldekoak, Otxandaetxea eta Otsoetxe toponimoak, adibidez.

martes, 20 de octubre de 2020

Asuela toponimoa

 Asuela izeneko larrea dago Arrasaten. Toponimo honen lekukoak bi multzotan bana daitezke, aldaera eta kronologiaren arabera. Arrasateko toponimia liburuko datuak dira hauek, 420-421. orrialdeetan:

Lehenengo multzokoak dira hasierako hiru lekukoak, guztiak XV. mendekoak eta guztietan As(s)uola dagoena. Beste multzokoak dira gainontzeko lekukoak, 1778. urteko Azuela lekukotik hasita. Guztiek aldaera bera dute. Azken lekukoa, ahozkoa, Asuela da.
Analizatzeko aldaera Asuola litzateke, bi elementu dituena, asu- eta ola. Azken hau hitz ezaguna da toponimian, baina besteak merezi du iruzkin txiki bat, har- 'harri' + -zu > *Arzu > *Asu bilakaera jasan duelako, dirudienez. Askasibar toponimoan bezala, rz > s aldaketa gertatu zaio.
Toponimo honek badu aipatzeko beste zerbait, uo > ue bilakaera ezohikoa. Gutxitan gertatu da, baina beharbada badago beste kasu bat Arabako Zalduondo herri izenean, gaztelaniaz Zalduendo delako. Bi toponimoetan jatorrizko egoera eta ondorengoa berdina da.

Askasibar toponimoa

 Askasibar izeneko baserriak badaude Bergaran eta Arrasaten, herri mugakideak direnak. Arrasateko toponimoaren lekuko zaharrena XV. mendekoa da, beraz, toponimo goiztiarra da. Arrasateko toponimia liburuan badira toponimo honen lekuko zahar eta berri, 219. or.:


 Toponimoa ez da aldatu azken mendeetan, nahiz eta aldaketa gutxi batzuk izan txistukarietan, sartaldeko euskaran gertatutako neutralizazioagatik.
Etimologia emateko orduan, argi dago azken zatia ibar dela, hitz ezaguna. Hasierakoa ilunagoa da, aldaketa txiki bat gertatu delako, rz > s, hain zuzen. Aldaketa bera Ibaseta toponimoan izan zen, jatorriz *Ibarzeta izango zelako. Askasibar toponimoan, aldiz, *Askarzibar zaharragoa izango zen jatorrizkoa, azkar + -tza + ibar elementuak banaturik.
Azkar zuhaitz izena da, eta toponimian ondorengo ugari utziak ditu. Orotariko Euskal Hiztegiko hitz honen sarrera:
azkar. (V-m-gip; Dv (V)), azkarro (G-goi), askar (V-gip; Lcq 62, A, que cita msLond). Ref.: A; AEF 1955, 72; Iz ArOñ (askar); Elexp Berg .
Arce. Cf. LzG: "azcarro, árbol; arce"; "ascarrio, árbol; arce (LC Lopidana, hacia 1800, vienen varios años en que se rematan suertes de ascarrios)";"puedan podar para hoja los azcarros" (OM San Vicente Arana, 1667)". v. astigar.
Eukalitus, azkar [...] eta urretxak. (1918) ForuAB137. Azkarrak, alboan, / berderik zeunkazan. Gand Elorri 126.
Askasibar sortzean gerta liteke asimilazioa jasatea, hau da, jatorriz *Azkasibar izan eta ondoren bi txistukariak berdindu ziren. Dena den, ez dago horrelako lekukorik.

sábado, 17 de octubre de 2020

Musaurieta toponimoa

 Musaurieta Barrikako auzoa da eta Barrika eta Plentziako erreka ere bada.
Toponimo honen lekuko zaharrak badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Musaurieta [N, TO]
Musaurieta (la casa de), Barrica, a.1796, FogVizcayaMs. -/Mundaca, a.1641,
FogVizcayaMs., a.1704, FogVizcayaMs.
Musaurieta (la casa y caseria de) (Balduese o), Barrica, a.1704, FogVizcayaMs.
Musaurieta (la caseria de), Barrica, a.1745, FogVizcayaMs. -/Mundaca, a.1745,
FogVizcayaMs.
Musaurietta (la casa y caseria de), Barrica, a.1704, FogVizcayaMs.
Musaurietta_Echanagusia (la casa y caseria de), Barrica, a.1704, FogVizcayaMs.
Musaurieta_Echesarra (la casa y caseria de), Barrica, a.1704, FogVizcayaMs.
Musaurieta_Nausia (la caseria de), Barrica, a.1745, FogVizcayaMs.
Toponimo honek 300 urte gutxienez baditu, baina ziurrenik baditu askoz urte gehiago, bere etimologia ezaguturik.
Musaurieta izenak hiru elementu lituzke, musa-, huri, hiri hedatuagoaren sartaldeko aldaera, eta bukaeran -eta atzizkia. Azaldu gabe geratuko litzateke lehenengo zatia, musa-. Beste toponimo batzuetan aztertu bezala, Musa antroponimoa izango zen, Musategi, Musasoro eta Musastegieta toponimoetan dagoen izen bera.
Toponimoaren sorrera, beraz, nahiko zaharra litzateke, beharbada duela mila urte inguru, edonoloa ere, Erdi Arokoa.
Antroponimoaren lekuko toponimiko hauek erakutsiko lukete Musa antroponimoak indarra izan zuela Bizkaian eta Gipuzkoan, baina dirudienez lurralde hauetan lekuko antroponimikorik ez da jaso.

viernes, 16 de octubre de 2020

Armola toponimoa

 Armola izeneko basoa dago Arrasaten. Bi aldaera nagusi izan ditu, Armola eta Armaola. Arrasateko toponimia liburuan badira toponimo honen lekuko zahar eta berri, 174. or.:

Ikus daitekeenez, Armola aldaera gehiagotan agertu da, nahiz eta Armaolaren azken lekukoa XIX. mende hasierakoa izan. Interesgarria da 1945. urteko aldaera, Almora, r-l > l-r metatesia gertatu delako. Lekuko bakarra da, egungo ahozko izena Armola delako.
Toponimoak bi elementu baditu, arma eta ola. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, arma izenaren lehenengo agerpenak XVI. mendekoak dira, nahiz eta lehenengo testukoa Arrasateko erreketarena izan, XV. mendearen erdialdekoa, baina idatziz, testu hori XVI. mende bukaeran jarria izan zen. Beraz, Armola toponimoa garaikidea da armaren lehenengo agerpenekin.

Armokoste toponimoa

 Armokoste izeneko soroa Arrasatekoa da, ez du lekuko zaharrik, ahoz jasotakoa delako. Arrasateko toponimia liburuan ere jasoa da, 174. or.:

Toponimoa nahiko iluna da, baina euskal hitzak antzematen dira, beharbada har- 'harri' + moko + oste, horrela izenak zentzua izango luke, nahiz eta moko hitza toponimian ez dago oso zabaldurik.
Badago beste azalpen bat, armoka hitza eta oste. Armoka bada Orotariko Euskal Hiztegian:
armoka.
(G ap. A? Aq), armuka (V-gip ap. Elexp Berg).
"Picacho, armoka, armokea (G)" Aq 170. "Peñasco. Ardixak armukapera joaten die billotxa ein barrixan keizpe billa " Elexp Berg. v. armo.
Hitz hau ez da euskal testuetan askotan agertu, baina lekukoen arabera inguru horretarakoa da eta Armokoste toponimoan armoka hitzak ez luke inolako oztoporik izango.

martes, 13 de octubre de 2020

Asporoza toponimoa

 Toponimo hau Arrasatekoa da, egun Asporosa bezala ezaguna baina lekuko zaharren bitartez badugu toponimoa argitzeko nahiko informazioa.
Toponimo honi buruzko informazioa Arrasateko toponimia liburutik jasoa da, 43. orrialdean:

 Egungo Asporoza iluna bada, 1475. urteko Ausparoça askoz argiagoa da. Bi elementu izango lituzke, artikulua zenbatu gabe, hauspo eta arotz. Ez da ahaztu behar toponimoak etxe bat eta burdinola bat izendatu zituela. Lotura argia du azken langintza honek hauspo eta arotz hitzekin. Beharbada, garai batean izan zen *(h)ausparotz hitza, aiputako bi izenen elkarketa, eta hori lanbide izena zen. Hala ere, ez da euskal testuetan ageri, ezta hiztegietan ere.
Jatorrizko toponimotik egungora hainbat aldaketa gertatu dira, au > a diptongoaren soilketa, a-o > o-o bokal asimilazioa eta, azkenik, s/z txistukarien neutralizazioa.

Aldaneta toponimoa

 Toponimo hau Arrasatekoa da, lekuko zaharrak baditu, XVII. mendetik hasita, Arrasateko toponimia liburutik jasotako lekukoak dira, 171. or.:

Aldanieta da lekuko zaharrenetan gehien agertzen den aldaera, eta beraz, gertatutako aldaketa bakarra litzateke ie > e bokalen soilketa. Egungo aldaera, Aldaneta, XIX. mende hasieran hasten da testuetan agertzen, gaur egunera arte.
Toponimoak euskal elementuak baditu baina ez da erabat gardena. Badago beste toponimo bat blog honetan aztertua, Aldaneta azaltzeko lagungarria dena, Aldani toponimoa. Azken honek alda- 'alde' + handi > *Aldandi > Aldani bezalako bilakaera izan bazuen, Arrasateko toponimoan berdina izan zen baina -eta atzizkia gehitua: alda- 'alde' + handi + -eta > *Aldandieta > Aldanieta > Aldaneta.
 

viernes, 9 de octubre de 2020

Irimo toponimoa

 Irimo Urretxun (Gipuzkoa) dagoen mendia da, Irukurutzetako mendilerroan.
Toponimo honen lekuko zaharrena Euskaltzaindiaren EODAren arabera irimo (1625) da. Gerora toponimoak ia guztietan ahoskera bera izango zuen, yrimo (1768-1862) bezala. Alde horretatik ez dago arazorik, Irimo da aztergai den hitza. Euskaratik begiratuta, ematen du azaltzeko zaila dela, lehenengo zatia hiri izan liteke, baina azken zatia azaldu gabe geratuko litzateke. Euskal hitzekin zaila bada, beharbada kanpoko hitzak egokiak izan litezke eta kontuan izanik toponimoaren bakartasuna, antroponimo bat.
Ustezko antroponimo hori Didimo izan liteke, V. mende inguruan Euskal Herriko lurraldetik ez urrun ezaguna, lotura hauetaz informazio gehiago Dima toponimoari eskainitako sarreran. Dima bezala, Didimo eta Irimo izenen artean badago antz nabarmena, baina ezberdintasuk ere, eta hauek azaldu beharra dago.
Dirudienez, Didimo antroponimoa Irimo toponimo bihurtu zen eta lehenengo aldaketa horzkari disimilazioa izango zen, eta hasierakoa galdu, Didimo > *Idimo, Emandasoro toponimoan gertatuko zen bezala, hasierako elementua demanda izan bazen. Eta azkenik, bokalarteko d > r bilakaera, Gipuzkoa aldean nahiko ezaguna Agaratxonea toponimoan ikus daitekeen bezala, jatorriak *Agedatxo edo izango zelako. Hizkera arruntean ere ezaguna dira aide 'aire' bezalakoak.
Goikoa zuzena bada, Didimo antroponimoak bi ondorengo toponimiko utzi zituen euskal lurretan, Dima eta Irimo.

Musastegieta toponimoa

 Musastegieta Altzoko aurkintza bat da, beraz, gipuzkoar toponimoa da.
Lekuko zaharrik ez badago ere, toponimoaren egitura nahiko argia da, aldaketa larririk gertatu ez bada.
Toponimoak hiru elementu lituzke, Musa antroponimoa, estegi izena eta, azkenik, -eta atzizkia.
Estegi izena badago blog honetan aztertutako Jandustegi toponimoan.
Musastegieta ez da, blog honetan, Musa antroponimoa duen aztertutako lehenengo toponimoa, aldez aurretik izan dira beste bi, Musategi eta Musasoro toponimoak.